Pandemia arintzeko doinuak

Esther Barandiaranek 'Ostiralak' diskoan bildu ditu Berria Aretoan egindako piano saioak. Bachen eta Gardelen lanen bertsioak egin ditu. Txillida Lekun joko ditu bihar

Esther Barandiaranek Ostiralak diskoan bildu ditu Berria Aretoan interpretatutako zazpi piano lanak. BOB EDME.
amaia igartua aristondo
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bat-batean bururatutako egitasmoa izan zen, eta espero gabeko harrera izan zuen, halaber: itxialdia baretzeko piano saio bat eman zuen Esther Barandiaran musikariak, etxetik, eta, «pentsatu baino jende gehiagorengana» iritsi ondoren, bide horri jarraitzea erabaki zuen. Tartean, BERRIArekin bat egin zuen, eta musikariaren emanaldiek Berria Aretoko eskaintza hornitu zuten; guztira, zazpi piano pieza interpretatu zituen egitasmorako. Horiek berak disko batean bildu ditu orain, Ostiralak izenburupean, bideook argitaratu ziren eguna gogoan. Egoera baten «testigantza» ematen du lanak: «Ni oso pertsona beldurtia naiz, eta, honi esker, tarte asko gustura pasatu ditut». Larunbat honetan, BERRIAlagunek Txillida Lekun (Hernani, Gipuzkoa) aurrez aurre ikusteko aukera izango dute (erosi sarrera, hemen).

Musikak itxialdiko esperientzian eragin dio, eta egoerak orobat eragin du interpretazioetan ere. «Orain konturatu naiz giroa tristea dela. Ez da izan momentuan bilatu nahi nuen ezaugarri bat, baina, orain, perspektibarekin ikusita, horretaz konturatu naiz». Tonuak ez du arduratzen, halere; areago, kontrakoa litzateke «kezkagarria»; hots, halako egoera batean bere interpretazioek doinu alaietara jo izana.

Aurten bizi izandakoekin lotu ditu, hortaz, hainbat konpositore gogoangarriren lanak, askotariko molde eta garaietakoak. Johann Sebastian Bachek eginiko bertsio bat ere, Alessandro Marcelloren oboeko pieza batena, zehazki, orobat berrinterpretatu du Barandiaranek. Konpositore alemanaren lanetan «dena» dagoela uste arren, beste musikari batzuengana ere jo du lan berria ontzeko. Ludwig van Beethovenen sonata bat aurki daiteke, eta, denboran gertuago, Emiliana Zubeldiaren eta Astor Piazzollaren pieza bana ere bai; azken horren Milonga del Ángel hautatu du, autoreak berak «musika sendatzaile» gisa definitua. Carlos Gardelen Volver tangoa interpretatzeko «ausardia» ere izan duela dio.

Jatorri eta sasoi ezberdinekoak izan arren, musikarekin adierazi nahi zuena adierazteko balio izan diotelako hautatu ditu konpositore eta lan horiek Barandiaranek. «Hau pasatuko da, eta gero denbora izango dugu erabakitzeko nola bueltatu nahi dugun, eta baita zer gauza baztertuko ditugun eta zein errekuperatu ere». Halere, pianoaren bitartez helarazitako lekukotza honek helburu pribatuagoak izan zituen sorburutik: «Etxean egindako lan bat da, eta alabekin partekatu ditut sorkuntza momentuak».

Etxe barruko egonezina apaltzen ez ezik, ordea, bere ogibidea beste ikuspuntu batetik begiratzen ere lagundu dio musikak. Barandiaranek pianoa irakasten die haur txikiei eta gazteei, eta itxialdian inoiz baino «irakasleago» sentitu da. «Iruditu zitzaidan haietaz arduratu behar nintzela, eta zerbait eskaini behar niela, normaltasunetik kanpo dauden lan irudimentsuak, egoera honetan zerbait zirraragarria emateko». Aurrez aurreko klaseei berriro heldu ahal izan zitzaienean, antzeman zuen beraren eta ikasleen arteko harremana aldatu egin zela hein handi batean. «Ez dut argi ni izan naizen irakaslea haientzat, edo haiek niretzat. Bueltatzean, aurrez aurreko harremana beste bat da».

Txillida Lekun, beste behin

Berria Aretorako ondutako bideoetako batean, kamera hara eta hona dabil Barandiaranen etxeko egongelan: musikaria bera enfokatzen du tarteka, pianoa jotzen ari dela, baina, bat-batean, parean duen alaba agertzen da enkoadraketan: Maialen Agirresarobe ilustratzailea txantxangorri bat margotzen ari da musikaren abaroan. Molde horri jarraituko dio Barandiaranek larunbatean, Txillida Lekuko kontzertuan: disko berriko konposizioak interpretatuko ditu alabak pintatzen duen bitartean.

Barandiaranek ez du lehen aldia Txillida Lekun, baina, hala ere, «ametsa» da harentzat kontzertu hau. Lehen emanaldiaren harrera beroak akuilatuta material gehiago lantzen hasi zenean, iruditu zitzaion museoa leku aproposa izan zitekeela aurrez aurreko bat egiteko: «Neure burua imajinatzen nuen Txillida Lekun jotzen; gustura egongo nintzela pentsatzen nuen. Pare bat aldiz jo dut han, eta oso toki berezia da». Hirugarren aldi hau, ordea, bereziki begitantzen zaio berezi, egoerak zuzeneko emanaldiak oztopatu dituen garai batean egingo delako. Museoan jotzeaz gain, ordea, beste hainbat aurreikuspen ere bete ditu. «Imajinatutako bide horretan pausuak ematen ari naiz; pentsatutako guztia gertatzen ari da».

«Hartu-emana», «elkarrizketa» eta, are, «arnasketa» ere bai: hori guztia da zuzeneko bat Barandiaranentzat; alegia, «beharrezkoak» dira gisa horretako ekitaldiak, bai musikarientzat, eta baita beste diziplina askotako profesionalentzat ere: «Zuzenean heltzen da publikoarengana, eta hori ezin da alderatu etxetik egin ahal denarekin. Sortzailea eta entzulea behar dira harreman hori sortzeko». Lotura horiek josten arituko da bihar Barandiaran, 56 BERRIAlagunen soaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.