Pandoranin kutusu (Pandoraren kutxa) filmak irabazi du Donostiako 56. Zinemaldiko Urrezko Maskorra, gaur arratsaldeko lauak pasatxo zirela Jonathan Demme epaimahaiko kideak jakinarazi dutenez. Zuzendari onenaren saria, Michael Winterbottom-ek (Erresuma Batua) lortu du, Genova filmagatik.
Emakumezkoen arloan aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Melissa Leori (Ameriketako Estatu Batuak) eta Tsilla Chelton (Frantzia) eman diete, Frozen river eta Pandoranin kutusu lanengatik. Gizonezkoetan, Oscar Martinezi (Argentina), El nido vacio-gatik.
Beste sariak
Epaimahaiaren sari berezia:Asbe du-pa / Two-legged horse, Samira Makhmalbaf.
Argazkilaritza onenaren epaimahaiaren saria: Hugo Colace, El nido vacio.
Gidoi onenaren saria: Benoit Delepine eta Gustave Kerverns, Louise-Michel.
Altadis-zuzendari berriak saria:Li Mi De Cai Xiang / The equation of love and death, Cao Baoping.
Horizontes saria:Gasolina, Julio Hernandez Cordon.
Publikoaren saria:Burn after reading, Joel Coen, Ethan Coen.
Gazteriaren saria:Amorosa soledad, Martin Carranza, Victoria Galardi.
Alzheimerra eta belaunaldien arteko gatazkak
Yesim Ustaoglu (Turkia) zuzendariak alzheimerra eta belaunaldien arteko gatazkak hartu ditu ardatz Pandoranin kutusu lanean. Turkiako hiri batean bizi dira hiru anai-arreba. Mendian bizi da haien ama eta egun batean desagertu egin dela dion deia jasotzen dute. Haren bila doaz hirurak. Aurkitu eta, azterketa baten ondoren, alzheimerra duela esaten diote medikuek. Gai delikatua. Alzheimerra aukeratzera egoera pertsonal batek bultzatu zuen Oztaoglu. "Nire auzokidea zen literatura kritiko batek alzheimerra eduki zuen bost urtez. Pasa den uztailaren 23an hil zen. Berarekin harreman estua nuen eta bere gaixotasunak hunkitu ninduen", zioen zuzendariak irailaren 22an, Donostian.
Tratua ia galdu duten hiru senideek sorterrira egiten duten bidaia ere zuzendariaren esperientzian dago oinarritua. "Bidaia horrekin nire ahizpekin bizitakoa islatu nahi nuen". Ez da bidaia bat azaldu den bere lehendabiziko filma. "Uste dut nire film guztiak eraldatze bidaia bat direla".
Ama hirira eramatean argi geratuko da senideek ez dutela elkar ezagutzen. "Bigarren belaunaldikoek bizimodua asentatua dute, baina zerbait galdu dute. Hori da nik film honetan erakutsi nahi dudana. Hemen ere nire esperientziatik edan dut".
Arrebetako batek ama anaiaren kargu utziko du. Han ezagutuko du adinduak bere biloba. Bien artean erlazio berezia hasiko da. "Amonak oroimena galdu du eta bilobak, berriz, bizitza zer den ulertu nahi du".
Amona etxera bueltan eramango du, hirian deseroso dagoela ikustean. Ondo ezagutzen du Ustaogluk Turkiako mendialdea, bera bertakoa baita. "Turkiako ipar-ekialdean hazi nintzen. Hango emakumeak gogorrak dira, mendiaren parte dira. Ezin dira hirira joan, galdu egingo liratekelako". Etxean dagoela hartuko du emakumeak bere azken erabakia. "Nahiz eta alzheimerra pairatu, pertsonaiak oraindik indarra du aukera egiteko". Ustaogluk ez du pesimista izan nahi bere filmetan. "Ez da erraza errealitatetik ihes egitea. Bizitza horrelakoa da, bere gorabeherekin".
Hasiera batean filma beste egitura batekin pentsatua zuela aitortu du Ustaogluk. "Historia hiru pertsonen ideiarekin hasi nuen. Bigarren zati bat erantsi nion gero, emakume edadetua hirira iristen denean".
Chelton, aktore beteranoa
Tsila Chelton 90 urteko aktoreak betetzen du amonaren papera. "Oso esperientzia polita izan da Turkia eta bere hizkuntza ezagutzea, nahiz eta orain ahaztu dudan ikasi nuen apurra", esan du Cheltonek. Papera betetzerakoan eroso sentitu da. "Ez dut ezagutzen alzheimerrik eduki duen pertsonarik, eta zaila izan da gaixotasun hori duen batek zer sentitzen duen jakitea. Uste dut ondo bete dudala nortasuna galtzen duen pertsonaren rola".
Donostiako Zinemaldia
'Pandoranin kutusu' filmari eman diote Urrezko Maskorra
Yesim Ustaoglu zuzendariak alzheimerra eta belaunaldien arteko gatazkak hartu ditu ardatz lanean. Zuzendari onenaren saria Michael Winterbottomek eskuratu du, 'Genova' filmagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu