Pantaila erraldoiko magoa

Georges Melies hil zenetik 75 urte igaro dira. Haren lanak erabat aldatu zuen hasi berria zen zinema. Zinematografoaren bidez, fantasiazko bidaiak eskaini zizkion ikusleari, eta ilargiraino heldu zen.

Iker Tubia.
2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fantasia, ilusioa, jolasa, fikzioa eta magia. Elementu horiek guztiak bildu eta zinemara eraman zituen Georges Meliesek (Paris, 1861-1938) XIX. mendeko hondar urteetan, eta lan horrekin jarraitu zuen XX. mende hasieran ere. 75 urte dira zendu zenetik, baina haren lanak oraindik ere erakargarriak dira batzuentzat. Erakargarria iduri zein ez, inor gutxik eztabaidatu lezake mugarri izan zela Lumiere anaiek berriki asmatua zuten zinemagintzaren alorrean. Aurretik Bartzelonan izan ondoren, Meliesen lanari buruzko erakusketa handi bat ikus daiteke egunotan Madrilen, CaixaForum zentroan. Abendura bitarte erakutsiko dituzte zinemagile frantsesaren lanak, erabilitako objektu eta jantziak, eta hark egindako marrazki, grabatu eta kartelak.

«Nor bizi liteke fantasia apur bat gabe?», esan zuen Meliesek 1933an. Hitzok buruan izanen zituen 1896an ere, bere lehenbiziko pelikulak ekoitzi zituen urtean: Escamotage d'une dame chez Robert-Houdin (Dama baten desagertzea Robert-Houdinenean) eta Le manoir du diable (Deabruaren jauregia). Magiarekiko zuen maitasuna argi azaldu zuen zinemaren munduan sartu bezain pronto, trikimailuez eta linterna magikoaren teknikaz baliatu baitzen hasiera-hasieratik, lehenbiziko efektu bereziak sortuz. Lehergailuak, efektu optikoak, tolesgarri horizontal eta bertikalak, kamera gelditzeak, elkarri loturiko itzaltzeak, gainjartzeak, muntatze eta kolore efektuak... eskura zituen tresna guziak erabili zituen zinema fantastikoaren lehenbiziko urratsak egiteko.

Meliesek zinemagintza beste modu batez ulertzen zuen. Haren aburuz, lan oso bat zen, eta film bat ekoizteko, behar ziren lan gehienetan parte hartu zuen. Horregatik, ez zen zinema ekoizlea eta zuzendari izan soilik. Hala, marrazkilaria, magoa, lehergailu egilea, antzerki zuzendaria, aktorea, dekoratzailea, teknikoa, kameraria, gidoilaria, errealizadorea eta banatzailea ere izan zen. Gogotik egin zuen lan, 16 urteko tartean 500 film baino gehiago sortu baitzituen.

Hala ere, haren ibilbide profesionala ez zen oso luzea izan. Lehenengo filmak oso arrakastatsuak izan ziren, batik bat 1902ko Le voyage dans la Lune (Ilargirako bidaia) lana. Azken hori milaka pertsonarengana ailegatu zen, eta zinemaren historiako irudi gogoangarrienetako bat sortu zuen: obus batek ilargiaren begia jotzen duenekoa. Ez hori bakarrik, munstro bitxiak bizi diren lurralde batera eraman zituen ikusleak.

Lan handia egin zuen film horretan. Hilabeteak eman zituen estudioan buru-belarri obusak ilargiaren aurka jo zezan. Gainera, zazpi emakumeren bisaiek osatutako Hartz Handia sortzeko eta ilargian bizi ziren izakiak egiteko ere, denbora eta diru dezente behar izan zituen. Baina emaitzak merezi zuen. Filmak 13 minutu irauten du, 206 metroko zintan bilduak daude, eta zinemaren historiako mugarrietako bat izan zen —eta da—.

Gaur egun kalapita handia sortzen duen fenomeno baten hasiera ere izan zen Ilargirako bidaia: kopia piratena. Meliesen filmaren hamaika kopia egin zituzten, batik bat AEBetan. Horregatik, enpresaren zati bat Ameriketara eraman zuen, bere egile eskubideak defendatu ahal izateko.

Zinemagile gorabeheratsua

Lan horiekin guztiekin, Lumiere anaien zinema dokumentalaren alternatiba sortu zuen Meliesek. 1885eko abenduaren 28an zinematografoaren aurkezpenean egon zen. Pantailan langileak fabrikatik ateratzen ikusteak edo ikusleengana zihoan trenaren irudiek txunditurik utzi zuten. Horregatik saiatu zen makina hura erosten, baina Lumiere anaiek ez zuten Meliesengan konfiantzarik izan. Ez zioten saldu. Ez zuen berehalakoan etsi, eta Robert William Paulengana jo zuen, kamera bat asmatu zuelako. Harek saldutako tresnarekin Parisera itzuli eta lanari ekin zion. Aurretik, 1888an, aitarengandik jasotako dirutza erabili zuen Robert-Houdin ilusionistaren antzokia erosteko. Han grabatu zituen lehenbiziko filmak, bertako tresnak erabiliz.

Ikusleen grinari erantzuteko asmoz, Meliesek zinema estudioa eraiki zuen bere familiarenak ziren lurretan: Montreuilen. Gastu handia izanik ere, kristalez inguratutako estudio bat sortu zuen. Toki horretan lan asko sortu zituen zinemagile frantsesak. 1908an 50 filmetik gora ekoitzi zituen han.

Halere, garai hartatik aurrera Meliesen gainbehera hasi zen. Ordurako baziren gehiago eta azkarrago sortzen zuten ekoiztetxeak, Pathe eta Gaumont kasu, eta lan ona egin zuten hainbat zinemagile agertu ziren Europan eta AEBetan. Meliesek, konpetentziari aurre egin ezinda, Pathe ekoiztetxearekin egin zuen lan 1911 eta 1912an, baina film horiek ez zuten arrakastarik erdietsi. Ordukoa da À la conquête du Pôle (Polo konkistatzera). Baina alferrik.

Sosik gabe geratu zen Melies. Bere mundu liluragarria bere begien aurrean hondoratu zen. Antzokia berritzeko ahaleginak porrot egin zuen, eta aurrerago bota egin zuten. Montreuilgo estudioa, ere saldu behar izan zuen. Famatu izatetik ahanzturan itotzera pasatu zen. Dirurik eta ikusleen aitorpenik gabe, bere filmen negatiboak erre egin zituen.

Berriz sortu zen

Meliesek albo batera utzi zuen zinemagintza eta magiaren mundua. Parisen bertan hasi zen lanean, Montparnasse tren geltokiko jostailu denda batean. Lana onartu zuenean ez zuen inondik inora espero berriz ere zinemaren mundura salto eginen zuenik. Hala izan zen. Leon Druhot kazetariak dendako mostradorean ikusi zuen, eta ezagutu egin zuen. Topaketa horren harira, 1929an Meliesen zortzi film eskaini zituzten Pleyel aretoan. Zortzi horiek berreskuratzeko gai izan ziren.

Zinemagile frantsesaren lanak bizi-bizirik jarraitzen du 75 urteren ondotik. Zinemari erreparatzeko erabili zuen perspektibak bidea ireki zien ondorengo George Lucas, Steven Spielberg eta Martin Scorsese zuzendariei. Edgar Morin filosofoak hitz hauekin laburbildu zuen Meliesen lana: «Mago bat zen. Zinematografoa kapelan sartu eta bertatik zinema atera zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.