Paperaren aginduetara

Txiki Agirre 'Keixeta'-k azken urtean ondutako 30 margolan ikusgai daude Ekain Artelanak galerian, Donostian

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ez du obra bakarrean lan egiten, eta aldi berean hainbat margolan hasita izaten ditu Zumaiako bere estudioan Txiki Agirre Keixeta-k (Zestoa, Gipuzkoa, 1963). Obra batek bestera eramaten du. Lurrean jartzen ditu paperak, tamaina handikoak nahiz txikiagokoak, eta haien gainean paper zati gehiago kolatzen joaten da, apurka-apurka. Ondoren koloreztatu ohi ditu, tintaz. Paper mota bakoitza modu batean bustitzen du tintak, eta askotariko testurak lortzen ditu horrela. Paperak, obrak agintzen dio zer egin une bakoitzean. «Papera jarri, eta ongi zaudenean, batzuek inspirazioa deitzen dioten horretan, medioaren eta nire artean aginduak sortzen dira, agindu egiten dit medioak; eskuak egiten duena da agindu hori bete». Azken urtean egindako 30 lan inguru jarri ditu ikusgai Donostiako Ekain Artelanak galerian, urriaren 15era arte.

Margolari gehienek ez bezala, Keixetak ez du olio margorik erabiltzen, ez eta akuarelarik ere. Papera eta tinta ditu lanabes nagusi collageak osatzeko; urteak daramatza ikertzen tintarekin harremanetan paper mota bakoitzak hartzen duen kolorea, itxura, testura. «Ekonomiagatik» hasi zen paperarekin lan egiten, 18 urte zituela; kartelen atzealdean margotzen hasi zen. Egun erabiltzen dituenak ere ez dira Arte Ederretakoak: paper zurrunak, paketatzekoak, zetazkoak... izaten dira. Hori da bere estiloaren oinarria, urtetan esperimentatuz menderatu duena. «Ongi» edo inspiratuta dagoenetan azkar egiten du lan; baina, maiz, ezer ateratzen ez denetan, gaizki pasatzen duela dio. Horregatik, badaezpada ere tailerrean ordu asko ematen ditu,«aginduak» noiz iritsiko.

Artistaren obra ezagutzen duenak berehala antzemango du haren eskua aretora sartzean ikusten diren lehen lanetan. Tamaina handiko collage batek egiten dio harrera bisitariari, eta ildo bereko beste hainbatek eskailerak jaitsi orduko. Kolore biziak ilunagoekin tartekatzen dira paperetan; laranja argia, grisak... «Orbanek, kolore biziek eta paperak, paperaren tratamenduek agintzen dute obra hauetan».

Baina bestelako margolanak hasten dira azaltzen erakusketan aurrera egin ahala, azken urtean artistak zabaldutako beste bide baten lekuko direnak. «Pixkanaka marrekin, marrazkiekin hasi naiz esku hartzen. Hasiera batean oso anekdotikoak dira, baina pixkanaka joan naiz garrantzia ematen, eta forma figuratiboa hartu dute». Aurreko lan abstraktuetan ez zeuden elementuak agertzen hasten dira, aurpegiak eta pertsonaiak, marra beltz eta soilen bidez irudikatuak.

Oinarrian paperak agintzen jarraitzen badu ere, betiko estiloa badago ere, aurreko kolore biziak tarteka zuriz estaltzen ditu artistak lan horietan, marra beltzak nabarmentzeko. Bi lan txikitan ia guztiz desagertzen da kolorea, eta zuriak hartzen du nagusitasun osoa. Berak dio jendeak ez lukeela bere eskua denik atzemango lan horiek hasierakoetatik aparte jarrita.

Zaldi baten burua ageri da, besteak beste, aretoko lanik figuratiboenean; Picassoren Gernika laneko zenbait oihartzun ekartzen ditu gogora. Izan zitekeen Gernika, baina baita Libia ere Keixetaren hitzetan, egungo egoera ikusita. Bere lanei ez die izenbururik jartzen. «Abstraktuak dira guztiz, baina nire gogoa beti izan da ikusle bakoitzak interpretazio ezberdina egitea».

Haur baten askatasunez

Marra soilen bidez, «pixkanaka umeen lanetara hurbiltzen» hasi da artista azken garaian. «Umeen lanak oso gustuko ditut ume direnean; ikasten eta kezkatzen hasten direnean, ez zaizkit batere interesatzen, baina ume direnean, gauzak nola edo zergatik ez dakitela egiten dituztenean, oso politak dira, oso interesgarriak». Horregatik, betiko oinarria bazter utzi gabe, lan egiteko molde horretara jo du azken aldian. «Beraiengana hurbildu nahi hori da, libre izan nahi hori, umeak batez ere libreak baitira. Haien begietatik baino gehiago, haiek bezain librea, haiek bezainbesteko askatasun hori izan nahi nuke, eta halako elementuak ateratzen dira».

Haurren askatasun hori bilatzea ez dela bere «asmakizun bat» dio artistak, askok egin dutela lehenago, Picassok eta Goyak, tartean. «Askotan, erakusketetara etorri eta halako lan abstraktuak ikusten dituztenean, ezer ikusi nahi ez duten horiek esaten dute: 'Nire bilobak hori baino hobeto egiten du!'. Behin baino gehiagotan erantzun diet: 'Nahi nuke nik zure bilobak egiten duena egin'».

Aldatu nahi horrek harrapatu du Keixeta azken urtean. Ez daki bide horretatik jarraituko duen edo ez. «Normalean, nire kasuan behintzat, etapa bat betetzat jotzen dugunean, material bat probatzen eta ikertzen aritu ostean, gero haren etekina aurreko elementuetan erabiltzen da gehienetan». Ez da halako jauzi bat ematen duen lehen aldia; aurretik ere probatu izan ditu aldaketak. «Badira momentu batzuk non gauzak oso erraz ateratzen diren eta soluzioak segituan ateratzen diren. Ez dakit burugogorkeria den, masokak garen edo zer, baina beti zailtasun bat bilatu behar zaio, eta prozesua aldatu behar dut». Bide horretan aurkitzen dituen irtenbideek gero oinarrizko obra aberasteko balio izan ohi diotela dio.

Artearekin oso gazterik zaletu, eta hogei urte baino ez zituela zabaldu zuen bere estudioa Keixetak, Arroan (Zestoa). Zumaian du txokoa orain, eta inguruak bere obran asko eragiten duela uste du, itsasoak batez ere. «Askotan iruditzen zait pintatzen dudala lehorra, paisaia, baina itsasotik, txalupa batetik begiratuko banu bezala». Margotzean ez da horretaz ohartzen, baina ondoren, obrari begiratuta, jabetzen da «itsasoa, ura presente» dagoela beti.

Bi buru txiki irudikatzen dituzten brontzezko eskultura pare bat ere badaude galerian. Eskultura ere maite baitu, eta lantzen du,pinturarekin akituta dagoenean gehienbat, «erlaxatzeko, jolasteko». Buztinezko 50 buru baino gehiago ditu estudioan. «Batzuetan deskantsu bat behar izaten da, agian gauza batekin amaitu duzula esan eta beste zerbaiti ekiteko. Tailerrean gauzek agintzen dute; lanean ez da azalpenik egoten, jakin gabe gertatzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.