ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Iban Zalduaren testua da hau:
Tabernara zuzendu ditu bere pausoak, ezinbestean. Zorabio txiki bat sentitu du sartzean. Kamamila bat eskatu beharko luke? Baina berak, benetan, garagardo bat edateko gogoa dauka. Itzela.
–Zerbeza bat, mesedez.
–Horia, tostatua, beltza, alkoholgabea…?
–Eh…? –orduan erreparatu dio, harritu samar, barra gaineko kañeroen oparotasunari–. Keler bat.
–Ez daukagu.
–San Miguel bat orduan.
Tabernariak errukior begiratu diola iruditu zaio, botilatxoari tapa kendu eta berarengana bultzatu bitartean. Ez dio galdetu edalontzirik behar duen.
Zaila du erabakitzea lehenengo tragoa gustatu zaion ala ez.
Tabernaren izkina batean kokatutako telebistako koloreen argitasunak eman dio atentzioa: irudiak izugarri gardenak dira. Albistegi bat dirudi, baina soinua kenduta dago; salsaren antzeko musika batek betetzen du lokala. Goizegi iruditu zaio, hala telebistan albistegia egoteko nola bezeroen entzumena horrelako musika ozenarekin zauritzeko, baina eskumuturreko erlojuari begiratu bat eman dionean ohartu da pantaila hutsik dagoela; pila ahituko zitzaion. Barra gainekoan berretsi du, egiazki, goizegi dela halako edozertarako.
Bigarren hurrupak zapore hobea dauka. Bere onera itzultzen ari dela sentitu du.
Bezero bakarra da, neska sartu den arte; tabernariak pozik agurtu du, elkarren arteko tratua ohikoa duten seinale. Kafesne bat eskatu du, eta –bitxia begitandu zaio– tostada bat tomate eta olioarekin. Ez dio azentua ezagutu: hegoamerikarra edo? Aurpegia oso pintatuta dauka, zilborra airean uzten dion tixerta estu-estu batekin, eta izter mardulak apenas estaltzen dizkion minigonarekin. Puta bat ote? Barra gaineko ordulariari so egin dio berriro, badaezpada. Goizegi da, bai.
Berehala damutu da halakorik pentsatu izanaz, Senpereko etxean Begorekin eta Mattinekin izandako eztabaidez oroituta. Bego asko haserretzen zen Mattinek prostituten zerbitzuen erabilera defendatzen zuenean. Berak, gehienetan, Begoren alde egiten zuen, apal, baina gustura joango zen Mattinekin Baionara egiten zituen eskapadetan. Batzuetan, eztabaida haien erdian, “Hogeita bi urte dauzkat, eta birjina naiz oraindik” esateko gogoa edukitzen zuen. Baina lotsa ematen zion, eta ez zuen ikusten aitorpena txertatzeko abagunerik, ez bazen Mattinen argudioei, zuzenean edo zeharka, arrazoia emanez.
Hirugarren tragoa eman dio San Miguelari. Kamamila eskatu behar zuen, baiki.
Orduan gogoratu da. Dei bat egin beharko luke lehenbailehen.
–Non daukazue telefono-aparatua?
Tabernariak harrituta erantzun dio:
–Ez daukagu telefonorik… jope, aspaldidanik… Gure aitak taberna pasatu zidanean ez zegoen jada, pentsa –azken ohar hori, berarentzat baino, neska hegoamerikarrarentzat dela uste du.
Erakusleihotik so egin du, alde batera eta bestera. Ezkerraldeko izkinan, pareko espaloian, kabina bat zegoela gogoratu du, baina ez dago haren arrastorik. Ezta ondoan zegoen Citroënen kontzesionarioarena ere, bide batez esanda.
Berriro galdetu du, urduriago.
–Kabina bat? Inguruotan? –tabernariak are zurtuago ematen du–. Ez dut uste… Tren geltoki ondoan bat geratzen dela uste dut, baina…
–Behar baduzu nirea utziko dizut –esan dio neskak, barra gainean zeukan eta noizean behin ukitzen aritu den aparatu beltz zapal bat erakusten diola. Ezetz esan dio, eta, isiltasun une agian luzeegi baten ondoren, bere jendetasun ezaz ohartuta, eskerrak eman dizkio.
Telebistako albisteei egin die kasu orduan. Egiazki, denbora bat zeraman esatarien eta irudien azpian agertzen eta desagertzen zihoazen azpitituluak begi-bazterraz irakurtzen, baina ez ditu orain arte prozesatu. “ETAren behin betiko amaiera”. “Lehendakariaren adierazpenak”. “Biktimen elkarteek ez dute nahikotzat jotzen barkamen eskaera”. “Gobernuak kartzela-politikari eutsiko dio”.
Eta areago. “Albisteak konfirmatzen ari dira”. “La Cepa tabernan bart orientazioa galduta agertutako gizona Gregorio Ordóñez da”. “‘Yoyes bera da, zalantzarik gabe’, adierazi dute familiaren bozeramaileek”. “Heriotzaren unean zeukaten adin berarekin”. “Datozen egunetan berpizkunde gehiago espero izateko motiboak daude, adituen arabera”. “Konfirmatuta: lehenengo itzulera, M.A. Blancorena, ETAk desegitea ofizialdu zuen unean bertan jazo zen”.
Zein urtetan dagoen galdetzeko tentazioa eduki du. Back To The Future filmaz oroitu da; ikusi zuen azkenekoa dela esango luke. Begorekin eta Mattinekin batera, Biarritzeko areto hartan; Mattini txorakeria galanta iruditu zitzaion. Baina ez du galdetu behar izan, botilen apalategiaren artean dakusalako Kutxabankeko egutegi bat, 2018. urtea tamaina handian aurkezten diona.
Kutxabank. Maiatza. 2018.
Barra gainean txanpon batzuk utzi, aulkitik altxatu eta aterantz jiratu da; ia-ia estropezu egin du tabernara sartu berri den agurearekin. Barkamena eskatu dio, labur, eta harridura moduko keinu bat sumatu du haren aurpegian. Gero tabernatik irten da, ziztu bizian. Kalea zeharkatu du, baina, espero zuen bezala, bere Ford Fiesta ez dago bertan. Ezkerrera egin du orduan, kabina zegoen lekurantz.
Tabernan geratu direnek bistaz galdu dute hortik aurrera. Orduantxe ohartu da tabernaria pezetekin ordaindu duela mutilak. Hogeita bosteko bi eta bi ogerleko. Gizon zaharrari begirada esanguratsu bat bota dio, txanponak erakustearekin batera.
–Aita, zuk uste duzu morroi hori ere…?
–Joder, horregatik egin zait ezaguna! Aurpegi hori… Ni izan nintzen hurbildu nintzen aurrenetarikoa; berehala jaitsi nintzen etxetik. Bonba batek egin zion eztanda eskuetan, hortxe bertan, gau batez, duela... ufa... Erakusleiho erdia aldatu behar izan genuen.
–Bonba batek? –galdetu du neskak.
–Bai. Hor ondoan zegoen auto-saltzaile baten aurka ipini asmo zeukan, ezta, aita? Nik ere gogoan dut gau hura. Gero lekuz aldatu zuten denda…
– Ze izen zeukan mutilak? Koldo? Juankar? Garai batean plaka bat egon zen hor parean, horman; egunero ikusten nuen. Baina hura ere aspaldi kenarazi zuten.
Neskak telebista seinalatu du une horretan.
–Ai, barkatu: jaitsi dezakezu musika pixka bat, eta bolumena igo? Eguraldiaren partea eman behar dute-eta…
–Oraintxe bertan, Liliana –erantzun dio, irribarre batez, tabernariak–. Zuri zer jarriko dizut, aita? Betikoa?