Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Parisek hartuko du lekukoa

Frantziako musikaren inguruan egingo da datorren urtean Hamabostaldia, Claude Debussy protagonista nagusi dela42.000 ikusle bilduta, espero ez bezalako gorakada izan du jaialdiak, apala izan arren

Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoaren saioak arrakasta handia izan zuen. JABOGA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ez dira betiko garai onenak musika jaialdientzat. Hala dio, behintzat, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak. Hori kontuan hartuta, «oso gustura» agertu da aurtengo emaitzekin. «Uste genuen krisiagatik beherakada izango genuela, beste hainbat jaialdik izan duten bezala, baina gora egin dugu, modu apalean bada ere». Jaialdiak 42.000 ikusle inguru izan ditu, iaz baino %5 gehiago. «Joera horri eustea espero dugu», adierazi du Alfayak.

Hori lortze aldera, jaialdiko lantaldea buru-belarri hasi da datorren urtekoa antolatzeko lanean. Frantziako musika izango da protagonista 2012an; batez ere, Claude Debussy. Konpositore hori jaio zeneko 150. urteurrena beteko dela aitzakiatzat hartuta, Hamabostaldiak bidaia egingo du XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Parisera. Musika inpresionistaren sorkuntza gune nagusia izan zen hiri hori garai hartan: Debussyz gain, Maurice Ravel lapurtarrak eta Paul Dukasek ere osatu zuten joera hura, besteak beste, eta haiek ere izango dute tartea datorren urtean. Parte hartuko duten taldeei dagokienez, Parisko Orkestra eta Bamberko Orkestra Sinfonikoa (Alemania) izango dira gurean. «Hasiak gara orkestrekin-eta hitz egiten, eta, oraingoz, horiek daude lotuta. Oso berri ona da Bamberkoa etortzea,talde zoragarria baita», esan du Alfayak.

Mozarten opera bat

Horrez gain, Alfayak aurreratu du Mozarten opera bat ekartzeko asmoa dutela datorren urtean. «Ez dakigu oraindik zein, operena beste jaialdi batzuekin elkarlanean antolatzen baitugu. Osterantzean, aurrekontuak ez du ematen». Gainera, gehitu du «oso baldintzatuta» daudela operak aukeratzeko orduan, «Kursaalak aukera gutxi ematen dituelako espazio aldetik». Aurten, Sevillako bizargina eman dute, eta era guztietako erreakzioak sortu. «Lehen aldiz, txistuak aditu dira jaialdian. Ez da harritzekoa, apustu apurtzailea izan baita. Hala ere, nik uste dut kalitatea dutela frogatu dutela eta ez dugula aukera txarra egin. Beste gauza bat da gustatzea edo ez. Kalitatearena beti da subjektiboa», azaldu du Alfayak.

Oro har, baina, jendea aurten «gustura» geratu delakoan dago Hamabostaldiko zuzendaria. «Artistikoki, eman beharrekoa eman du», haren hitzetan. Diru aldetik ere, pozteko arrazoiak badituztela iruditzen zaio, «batez ere guztiok jotzen gaituen krisia kontuan hartuta». Lehengo urtean baino 28.000 euro gehiago bildu dituzte sarreren salmentekin, gutxi gorabehera. Desberdinak dira datuak leku batetik bestera. Kursaaleko emanaldiek harrera beroa izan dute; kontzertu gehienetan bete egin da aretoa, eta 300 sarrera gehiago saldu dituzte. Viktoria Eugeniarako saldutako sarrerak, aldiz, gutxitu egin dira. «Kosta egiten da errezitaldiak saltzea», Alfayaren arabera. Antzinako Musikaren zikloak eta Ziklo Garaikideak, berriz, gora egin dutela azpimarratu du. «Eta Musika Aitzakiaren harrera ere ontzat jotzen dugu, nahiz eta, kontzertu asko doan izanik, ez dugun datu zehatzik esku artean».

Emanaldien artean, Orchestra of the Age of Enlightenment taldeareneta Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoaren saioak nabarmendu ditu Alfayak.Yannick Nezet-Seguin zuzendari izendatu zutenetik, lehen aldia zen Rotterdamgo orkestra Donostian aritzen zena, eta «ezuste berezia» izan zen haien kontzertua, jaialdiko zuzendariaren arabera. «Oso gutxitan lortzen den harreman bat sortu zen publikoaren eta taldearen artean». Gainera, Alfaya ziur da «Bartoki estimua» hartu diola jende askok orkestraren lanari esker. «Mesfidantza sortu ohi duen konpositore bat da; korapilotsuegia izateko fama du. Poztekoa litzateke aurtengo ekitaldiak ikusleei iritzia aldatzeko balio izana».

Datorren urtera begira, jendearen interesari eustea espero du Alfayak. Aurrekontu murritzagoarekin moldatu beharko dute horretarako. Izan ere, Espainiako Kultura Ministerioak iragarri die dezente jaitsiko duela diru laguntza. Aurten, hiru milioi euroko aurrekontua izan du jaialdiak, eta sarreren salmentekin 950.000 euro inguru berreskuratuko dituztela kalkulatu dute. Laguntza gutxiago izanik, «lehentasunezkoa» da jaialdiaren «bideragarritasun ekonomikoari eustea», Alfayaren ustez. «Ezin dugu Placido Domingo eta halako izen handirik ekarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.