Dantza-Antzerkia

Paristik datorren artista

Agus Perez.
2023ko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Austerlitz'

Konpainia: Gaelle Bourges. Jatorrizko ideia eta errezitatzea: Gaelle Bourges. Musika: Stephane Monteiro aka Xtronik, Krystian. Argiak: Maureen Sizun von Dorp. Lekua: Baionako antzokia. Eguna: azaroaren 28a.

Baionako Scene Nationaleko antzokira hurbildu gara Gaelle Bourges dantzari frantsesaren Austerlitz proposamena ikustera. Esku-programan azaldu digutenez, bere aurreko obra —A mon seul désir—  emana izan zen euskaraz ere, baina, tamalez, nik behintzat ez dut horren berririk izan. Era berean, azaldu digute ezen «zehaztasun handiko bere ikusgarri performatiboetan Gaelle Bourgesek ikuspegi berriak ematen dizkio[la] dantza garaikideari, agertokia buruargitasun berezi batez blaitutako abentura bihurtuz».

Napoleonen garaiko Austerlitzeko guduaren omenez deitzen da horrela Parisko leku ezaguna, eta hango tren geltokitik hurbil dago Frantziako Liburutegi Nazionala (BNF), emanaldian zehar, Paris bezala, behin eta berriro aipatua izan dena. Baina Bourgesek hirugarren elementu bat gehitu nahi izan dio kontuari, eta W. G. Sebald idazle alemaniarraren eleberri homonimoarekin jokatu du. Izan ere, Sebalden idazkietan elementu historikoak, autobiografia-pasarteak eta haien inguruko argazkiak txirikordatzen dira, eta elementu berberak baliatu ditu Bourgesek oraingo Austerlitz izeneko lan performatiboari forma emateko, idazlearen lekuan bere burua eta argazkiak jarriz.

Gauzatze eszenikoari dagokionez, argiztapen monokromo zuri mortuan agertu dira konpainiako zazpi dantzariak, eta aho eszenikoan ezarritako mihise zeharrargiak dena utzi du laino triste batean bilduta, baina argien (edo ilunen) diseinugileak bere abilezia frogatu nahi izan du, une luze batzuetan erabateko iluna sortuz, eta beste batzuetan argi estroboskopikoekin gure begiak gogaituz. Jantziak ere grisaren eta beltzaren arteko tonuetan geratu dira, seguruenik iraganetik datozkigun zuri-beltzeko argazkiak gogoan, eta hasierako nahiz amaierako piano-pasarte polit batzuk kenduta, parametro goibeletan geratu dira musika-konposizioak, nostalgia edo malenkonia bainoago, ikusleen desanimoa eraginez.

Hasieratik bertatik hasi da Bourgesen ahotsa gure belarrietan sartzen, eta ia bi ordu luzez jardun du bere bizitza pertsonalaren kontu ez hain interesgarriak aletzen, XX. mendeko jazoera nagusien gaineko azalpen diskutigarriak han-hemenka tartekaturik. Ahotsaren tonua ezin zapalagoa izan da eta arnasa hartzeko etenaldi laburrak baino ez ditu egin, baina jakina da egungo artearen gailurrean egoteko ezin dela emoziorik erakutsi. Bestalde, dantza bezala sailkatuta etorri arren, labur-laburrak eta alferrikakoak izan dira une dantzatuak, betiere irudi neutro eta aseptikoarekin bat eginik.

Baina, tira!, argazki proiektatuekin hornitu da kontakizuna: den-denak zuri-beltzean, koloreak kitsch eta antigoalekoa dirudielako artearen ikuspegi kontzeptualistarik sublimeenean; den-denak izan dira neurri izugarri txikian proiektatuak, halako moldez, non haietariko gehienetan ezin izan baitugu irudiak zer ote zekarren jakin. Amaitutakoan, edukaziozko txalo herabeak entzun ditugu, eta artistek doi-doi izan dute bigarren txaloaldia jasotzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.