KRITIKA. Artea

Pasatzen dena

June Cresporen hainbat pieza, Bilboko Guggenheim museoko 'Baskularra' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
June Cresporen hainbat pieza, Bilboko Guggenheim museoko 'Baskularra' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

'Baskularra'

Artista: June Crespo. Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: Ekainaren 9ra arte.

Gertu izan arren, ez daukat Guggenheimera joateko ohiturarik, ez bada mostra oso jakin bat ikusteko gogo eta kuriositate zintzoa ditudalako; bisitak egiazko justifikazioa izan behar du. Distantzia hori dela eta, ahaztuta neuzkan museoko ohiko esperientziaren ezaugarriak: euritik babesteko ordaintzen duten turista masak, ikasle atzerritar talde handiak, inor gutxik euskaraz erantzutea, areto langileen agindupeko bronkatxoak edo artelanekin intimitate egoerak sortzeko zailtasunak. Hala ere, testuinguruak eragindako deserosotasunak albo batera utzita, gozagarria izan da June Cresporen azken urteetako artelanak biltzen dituen mostra hau ikusi ahal izatea.

Manuel Cirauquik komisariatuta, erakusketari areto erdian dagoen eskala handiko Baskularra eskultura-taldeak ematen dio izena. Beheko solairuan kokatutako aretora sartzean, inkontzienteki begirada eta gorputza erdiko zonalde horretara bideratu dut, ziurrenik piezen tamainak eta izaerak harrapatuta. Halere, ertzetan zein alboko paretetan dauden eskulturak ikusi bezain pronto, aretoko beste bisitariekin batera, horien bitartez espazioa zeharkatzen hasi naiz. Hasteko, eskumara biratu naiz, arreta Bai, banoa piezan jarrita.

Erakusketa espazioaren antolakuntzari dagokionez, aipagarria da ez dela erabili hura egituratzeko inolako idulki, panel edota bestelako elementu museografiko klasikorik, eskulturek beraiek antolatzen baitute espazioa. Gorputz bisitariaren esperientzia baldintzatzen duen elementu bakarrenetariko bat, ordea, obra batzuen inguruan lurrean itsatsitako zinta zuria da, zeinak piezekiko gertutasuna, eta, ondorioz, haiekiko harremana eragozten duen.

Argi igar daiteke artistak egindako saiakera bere proposamen eskultorikoa aretoko espaziora moldatzeko eta hari erantzuteko. Hori, batez ere, erakusketa honetarako zehazki sortutako Baskularra eskultura-taldean igar daiteke, zeinak loreen zein gizakion barne hodiei erreferentzia egiten baitie. Izan ere, areto osoan zehar sakabanatutako eskulturak, barne sistemako organoen gisan, elkarren artean interkonektatuta egonagatik, bakoitzak bere autonomia izaten jarraitzen du, multzo nahiko heterogeneoa sortuta.

Tentsioak, tolesdurak, arrakalak, ikusten denaren eta ezkutatzen denaren arteko kontrasteak Cresporen lanean errepikatzen diren ideiak dira. Zentzu horretan, ehunak dira kontrastea areagotzen duten elementu bereizgarrienetarikoak, izan eskala handiko eskultura piezen pean kokatuta, edota materia zurrun hotzei biguntasuna eta kolorea txertatzeko. Cresporen eskulturetan ohikoa da gorputzarekin harreman zuzena, edo gorputzari egokitutako formak dituzten ehunen erabilera. Lo zakua, nire gogokoenetarikoa. Hala, zuntz organiko zein sintetikoak erabiltzeko hautua ez da ausazkoa, prozesuari lotutako gogoetekin eta bizipenekin intimoki lotuta baitoa.

Esango nuke, azken hamarkadetan, nabarmenagoa dela ehunak beste material batzuekin harremanetan jartzeko tendentzia eskultorikoa. Ehunarekin eskultura egiteko tradizioa aurretik ere bazela badakit, baina iruditzen zait, artearen merkatuaren izaera baldintzatzen duten hainbat joera teoriko eta diskurtsiboren eraginez, gaur egun onartuago dagoela keinu horren existentzia estetikoa. Hala ere, nabari da noiz den keinu zintzo eta intimo baten ondorio, hau da, bizipen prozesu oso batek eragindako hautua.

Cresporen eskulturetan agerikoa da material organiko eta industrialen, prekario eta iraunkorren arteko jolasa, eta esango nuke azken forma hori prozesu luze eta hausnarkor baten emaitza dela. Piezetako akaberetan ageri diren kontrasteek aditzera ematen dute kolore, ehundura eta azalera ezberdinen arteko harremanek nola baldintzatzen duten ikusten dugun formaren eta materiaren izaera. Cyril S. Smithek aztertutako kristalak nola, Cresporen konposizioak ere ingurukoekin izandako kontaktuaren ondorio dira, eta ez haien barne-egituraren ondorio huts.Eskultura horiek, bada, ingurukoarekin igurtzian bilakatzen, osatzen eta hedatzen direla esatera ausartuko nintzateke. Baskularra zeharkatzeko zerbait baita, kanal bat, pasatzen uzten duena eta ahalbidetzen duena zeharkatzea, baina baita zeharkatua izatea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.