Pasio eta obsesioaren bilduma

Gaur Pilar Citoler arte bildumagilearen 'Artea bizibide' erakusketa ireki dute Donostiako Kubo-Kutxa aretoan

Donostiako Artea Bizibide erakusketako Andy Warholen Marilyn margolana. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Udaren etorrerarekin batera, pasioa, miresmena, ametsak eta obsesioak eragin dituen arte bilduma erraldoia jarri dute gaur Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Pilar Citoler arte bildumagileak (Zaragoza, Espainia, 1937) 40 urtean maitasun handiz erosi eta bildutako artelanetako 87 pieza aukeratu dituzte Artea Bizibide erakusketa osatzeko. Circa XX-Pilar Citoler bildumako ospe handiko arte funtsetik aukeratutako lanekin osatuta dago erakusketa, eta arte munduaren lehen abangoardietako lan esanguratsuak biltzen ditu, pop artea, Japoniako lanak, eskulturak eta argazkilaritza nahastuz. Abuztuaren 26a arte ikusi ahal izango da.

Erakusketaren izenburua estuki lotuta dago bildumagilearekin. Citolerren hitzetan, haren bizitzaren mosaikoa osatu dute urteetan banan-banan jasotako artelan guztiek: «Ezin dut bakarra aukeratu. Denek esanahia daukate niretzat, bizitzako une zehatz batean sentimenduren bat piztu zidan haietako bakoitzak. Nire bizitzaren zatitxoak dira artelanak». Citoler medikua da, eta bildumagile lanetan halabeharrez hasi zen: «Askotan lan gogorra zenmedikuntza, eta mundu horretatik ihes egiteko hasi nintzen artea erosten. Niretzat zaletasun bat izan da artearen munduan murgiltzea. Entretenimendu gisa hasi zena obsesio bilakatu da, pasio. Ikaragarri ondo pasatu dut bilduma egiten».

Artea ez zenean erosten hasi zen Citoler bildumagile lanetan. Azaldu duenez, pixkanaka osatu du bilduma, margolari eta galerien arduradunekin harremanak estutuz eta soilik gogoko zituen obrak erosiz. Artea erostea zaila dela nabarmendu du: «Hasi nintzenean, prezio egokietan saltzen zen artea, baina, gaur egun, ia ezinezkoa da erostea. Ni gutxika joan naiz bilduma osatzen, ez bakarrik niretzat, etorkizuneko belaunaldientzat ere bai».

Robert Doisenau, Jim Dine, Louise Bourgeois, Jose Manuel Ballester eta Jean Dubuffet erakusketa osatzen duten ia ehun piezen egileetako batzuk dira. Zurriolako areto txuri zabala Citolerren lanak erakusteko «leku perfektua» dela nabarmendu du Dolores Duran erakusketaren komisarioak. Bildumaren bi interpretazio egin daitezke, Duranen esanetan, indibiduala eta kolektiboa: «Artelan bakoitza berezia eta bakarra da bere barnean, indarra eta esanahia dauka. Baina bada denak biltzen dituen ezaugarri nagusi bat: bildumagilearen sentimenduak».

Sentimendu horiek ardatz hartuta, erakusketa sei zatitan banatu dute. Kontenplazioa omen da arte miresleen lehen sentipena. Bertan jaso dituzte pop arteko lan esanguratsuenetakoak, hala nola Andy Warholen Marilyn obra, Francis Baconen Three Studies of Male Back eta Antonio Sauraren La joueuse d'Ocarina. Bigarren sentipena emozioa da, eta, ikusi ondoren, hunkitzeko gaitasuna duten lanak bildu dituzte bertan, esate baterako Citolerrek jasotako artelan japoniarrak. Hirugarren sentipena ametsak dira. Surrealismoa landu duten obrak bildu dituzte bertan. Horien artean, bildumagileak erositako lehen artelana ikus daiteke, 1910eko Jose Cavalleroren El andaluz perdido. Ondoren, laugarren sentipena dator, arrazoia, eta bertan jaso dute, adibidez, bildumagilearen artista gogokoenetako bat, Elena Asins. Artista oso ezaguna ez den arren, Citolerrek harreman estua dauka harekin. Bosgarren sentipena erabakia da, nortasuna. Bertan, Antoni Tapies, Joan Miro eta Jose Guerreroren lanak bildu dituzte. Euskal herritarren obrak ere badaude, hala nola Txomin Badiola eta Vicente Ameztoi margolarienak. Azkenik, seigarren atalean hausnarketarako deia egiten du erakusketak, Begoña Zuberoren lanekin, besteak beste.

Artea maite duen emakumea

Citolerren autobiografia irudikatzen dute erakusketako artelanek. Obrak etxean gainezka eta modu kaotikoan pilatuta zeuzkala, onena bilduma erakusketetan antolatzea zela erabaki zuen bildumagileak: «Ez da lan erraza izan. Bildumak 700 margolan, 300 argazki garaikide eta 100 eskultura ditu».

Erakusketa Citolerrek obrekin eduki dituen lilura bulkadekin osatuta dago. Haietako bakoitza erditzearekin alderatu du: «Maitatu ditudan obra asko eta asko bidean gelditu dira, zoritxarrez. Baina hemen bildutakoak nire izaeraren ezinbesteko zati bilakatu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.