Literatura. 'LINH JAUNAREN BILOBA'

Patxadaz

Leire Lopez Ziluaga.
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Egilea: Philippe Claudel.

Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun.

Argitaletxea: Igela.

Philippe Claudel idazle frantziarrak ez zuen libururik kaleratu hogeita hamazazpi urte bete zituen arte, baina ordutik aurrera urtero argitaratu du zerbait, eta film bat ere zuzendu du. Gainera, hainbeste sari irabazi ditu, tartean nobelako Goncourt saria Les Petites Mécaniques liburuagatik, Renaudot saria Âmes grises lanagatik eta Ikasleen Goncourt saria Le Rapport de Brodeck liburuagatik. Euskarara itzuli zaion lehen lana da Linh jaunaren biloba.

Bere herria eta familia suntsitu dituen gerratik ihesi herrialde arrotz baterako bidea itsasontziz egiten ari den agurearekin hasten da liburua; maleta bat eta keinurik egiten ez duen biloba isila ditu bidaide bakar. Usainik gabeko hiri batera iritsiko da, jatorrizko herria baino askoz handiagoa, jendea arrapaladan mugitzen da batetik bestera, ez dute elkar begiratzen, ez dute elkar agurtzen, hango hizkuntza ere ez du hitz egiten. Herrikide batzuekin eramango dute bizitzera, baina elkarren hitzak ulertzeak ez du berekin ekarriko elkar ulertzea. Hain zuzen ere, batak besteari tutik ulertu ez arren, herrialde arrotzeko gizon alargun batekin egingo du adiskidetasuna Linh jaunak, eta haren bitartez hasiko da hartu duen herrialdeko zenbait usain aditzen, herrialdean lekua egiten.

Nobela laburra da esku artean duguna —100 orrialde pasa baino ez ditu—, baina irakurtzeko patxada eskatzen du. Horrek ez du esan nahi testu konplikatua denik; esaldien egitura xumea erabili du idazleak, eta hizkuntza ere halakoxea da, baina testu irakurterraza sortzeko baino, liburuari tempo motela ezartzeko erabili ditu. Linh jaunak ez du gauza askorik egiten bere egunerokoan, hartu duen herriaren ikuspegitik bederen; biloba zaindu, astiro paseatu, Bark lagunarekin egon. Dena dela, egiten dituen apurrek baino gehiago, aipatutako tempoak emango digu bere bizitzaren erritmoaren berri. Arrotz zaion herrialde horretara ihes egiterakoan jatorrizko herrixkako erritmo lasaia ekarriko baitu berarekin agureak, eta horixe izango da hartu duen hiriko biztanleekiko ezberdintasun nagusia; izan ere, hizkuntzak haiekin komunikatzeko balio ez dionez, gorputzaren hizkuntza izango da haiengandik jasoko duena —abiadura, begirada eta agurrik eza, are zakarkeria, kasuren batean—. Ez da harritzekoa bere erritmoarekin bat datorren pertsona bat izatea egingo duen benetako lagun bakarra, eta ez da harritzekoa, ezta ere, bera bezala jendarteko egunerokotasunetik kanpo dagoen pertsona bat izatea lasaitasunez egunero berarekin eseri daitekeen hori.

Xumea da kontatzen zaigun istorioa. Egunerokotasun bat hautsi eta beste egunerokotasun bat sortzea da gerta daitekeen aldaketarik handiena, baina aldaketa horrek eragingo du liburuaren amaiera abentura txiki gisa irakurri ahal izatea. Egileak pertsonaiek egiten dutena erakusten digu, gerra batetik ihesi datorren agure bakartiaren istorioaren alderdirik negar-eragileenari bide eman gabe. Irakurleak ulertzen du Linh jaunaren bakardadea, mina, deserrotzea, baina haren ibileren bidez jabetuko da horretaz, eta ez testuak hitzez halakorik adierazten duelako. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da bilobarekin duen harremana, agureari buruzko informazioa transmititzeko bitarteko nagusia izango baita. Gainera, harreman hori epaitzeko moduak markatuko du inguratzen duten pertsonek berarekiko duten jarrera, ondokoa bere bitxitasunean onartzen ez duen jendarteari buruzko nobela ere bada-eta Claudelena.

Egileak kontaera egokia aurkitu du Linh jaunaren istorio txikia kontatzeko, kontaera bera istorioaren zatirik garrantzitsuenetakoa bihurtzeraino, eta bere txikitasunean guztiz gozagarria den nobela laburra sortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.