Muturretik muturrera doan hari luze bat utzi du Paul Morrissey zinemagileak (New York, 1938- 2024) zinemaren historian. Andy Warholen eskutik hasi zuen ibilbidea, eta Dogma 95 mugimenduarekin bat egin zuten artisten izenen artean ere topa daiteke harena. Warholek bere New Yorkeko Factory ezagunera gonbidatu zuenerako, eginak zituen hainbat film esperimental labur, eta Warholen lantegian sortutako ikus-entzunezkoen arduradun nagusi bilakatu zen. Harenak dira, esaterako, garai hartako Lonesome Cowboys (1967), bai eta sexu truke dirua jasotzen zuen gizon baten istorioari eskainitako Flesh trilogia izenarekin ezagutzen diren hiru filmak ere, zeintzuetan Joe Dallesandroren gorputz biluziaren hainbat lehen plano ere filmatu baitzituen, sasoi hartan nagusi ziren konbentzioei izkin eginez.
Zinemagintzan egindako lanaz harago, The Velvet Underground taldearen managerra ere izan zen Morrissey, eta Warholekin batera zuzendu zuen haiei eta Nico abeslariari buruzko The Velvet Underground and Nico: A Symphony of Sound pelikula. Elkarrekin hainbat film ekoitzi eta zuzendu ostean, 1975ean amaitu zen Morrisseyren eta Warholen arteko harremana, artistak bere jardun nagusia pintura izan zedin erabaki zuenean. Eta Morrissey kritiko azaldu izan zen gerora, Warholek lan horietan izandako parte hartze mailari buruz. Haren hitzetan, pelikuletako kredituek iradoki baino lan gutxiago egin baitzuen.
Warholen ostekoak
Filmak egiten jarraitu zuen Morrisseyk. Besteak beste, Sherlock Holmes detektibearen The Hound of the Baskervilles ezagunaren parodia bat zuzendu zuen 1978an, bai eta Forty Deuce filma ere, 1982an. Kevin Bacon aritu zen lan hartan sexu langile gazte baten rolean, eta Cannesko Zinemaldian eman zuten. 2010ean filmatu zuen haren azken lana: News From Nowhere. Edonola ere, aurrez, eta film gehiegi egiten ez bazituen ere, Lars von Trier eta Thomas Vinterberg zinemagileek sustatutako Dogma 95 mugimenduarekin ere bat egin zuen.
Jakinarazi dutenez, asteon hil da New Yorken, 86 urterekin.