Hedabideek etenik gabe eta masiboki jaurtitako iruditeria da Paul Pfeiffer artistaren lehengai nagusia (Honolulu, Hawaii, 1966). 25 urte daramatza jario emaritsu hori jaso, zehatz editatu eta berriz ere, bere artearen bidez eraldatu ostean, zirkulazioan jartzen. Argazkiak, eskulturak, instalazioak eta bideoak sortzen ditu, aitzindaria izan zen bideo artea lantzen, eta gaur egungo ikus-entzunezkoetako artistarik esanguratsuenen artean daukate adituek oraindik ere. Apokalipsiaren lau zaldunak izeneko argazki seriea izan daiteke haren jarduera azaltzeko adibide egoki bat. NBA saskibaloi ligako partidetako benetako irudiak dira artelanaren oinarria, baina, digitalki, artistak banan-banan ezabatu ditu partidaren ia elementu guztiak, eta, beraz, baloirik ere gabe, saskirik ere gabe, markagailurik gabe, inolako logotiporik gabe, jendetzak betetako estadioaren erdiko zelaian, jokalari identifikaezin bat bakarrik utzi du eszenaren erdian, eta, hala, ezerezari heltzeko jauzi egiten, airean, lebitatzen ari den santu baten irudi garaikidea osatu. «Beti sortzen da galdera bera», azaltzen du sortzaileak: «Nork erabiltzen du nor? Irudiak egiten gaitu gu? Edo guk geuk egiten dugu irudia?».
Bilboko Guggenheim museoak haren ibilbide osoa hartzen duen 30 lan inguruko erakusketa zabala antolatu du orain. Artistak orain artean Europan izan duen erakusketarik handiena. Askatasunaren sorrerari buruzko kondairaren hitzaurrea deitu du bilduma, eta 2025eko martxoaren 16ra arte egongo da zabalik.
«Beti sortzen da galdera bera: Nork erabiltzen du nor? Irudiak egiten gaitu gu? Edo guk geuk egiten dugu irudia?»
PAUL PFEIFFERArtista
Clara Kim Los Angelesko Arte Modernoko Museoko arte arduradun nagusia eta Paula Kroll haren laguntzailea izan dira erakusketako komisarioak, baina Marta Blavia Bilboko Guggenheim museoko arte arduradunaren laguntza ere izan dute erakusketa Bilbon muntatzeko. Eta, hain zuzen ere, artistak entretenimenduaren industria hori guztia «disekzionatzeko» eta «bistaratzeko» duen gaitasuna nabarmendu du Blaviak. «Baina oso ikuspegi zorrotz eta aseptikotik egiten du hori».
Gurtza garaikidea
Erakusketako atea zabaldu eta, esate baterako, John 3:16 izeneko bi minutu eta zazpi segundoko bideoa ematen duen pantaila txikia topatuko du aurrez aurre bisitariak horman. NBA saskibaloi ligako hainbat partidaren irudiak biltzen ditu pelikulak, baina baloia da irudiko protagonista eztabaidaezina. Beti pantailaren erdi-erdian eta ia irudi osoa hartuz, objektu erabat xehe horren inguruan eraikitako guztia uzten du bistara. «Kapera moduko bat da eremu hau, non kultuzko objektu garaikide bat gurtzen ari garen», laburbildu du Blaviak. «Artistak erakutsi nahi digu gisa honetako espektakuluek erlijioaren lekua hartu dutela XX. eta XXI. mendeetan. Eta horiek ere euren zeremoniak eta erritualak izaten dituzte».
Etengabekoa da elementu sakratu eta profanoen arteko tentsio hori erakusketako gainerako piezetan ere, eta Justin Bieber musikariaren gorputz biluzia irudikatzen duten taillak izan daitezke horren adibiderik argiena. «Ez nuke estereotiporik sustatu nahi», onartu dio artistak BERRIAri, «baina nik amerikar kulturarekin lotzen dut hori: joera sakratu eta espiritualaren eta profanotasunaren arteko nahaste hori».
Pfeiferrek 2018an hasi zuen Bieberren pieza, eta Haragiztatzeak deitu zuen. Hain zuzen ere, gurtzarako santuen irudiak sortzen dituzten taillaginei eskatu zien artistak musikariaren gorputzaren erreplika, eta zehaztasun osoz ikus daitezke erakusketan haren adarrak, soina eta burua ere. Filipinetako taillaginek egindakoak dira batzuk, Espainiakoek egindakoak beste batzuk, eta badira Mexikoko eskultoreek egindakoak ere.
Presoen telebistak
Nahiz eta egun New Yorken bizi den eta Hawaiin jaio zen, artistak Filipinetan igaro zuen nerabezaroa, hain zuzen ere, eta etengabeko erreferentzia da herrialde hori haren lanetan ere. Masa kulturaren produktuak herrialde hartako errealitatearekin kontrastean jarriz, esaterako, haren piezek maiz uzten dituzte agerian kolonialismoaren makineria eta historia ere. Eta hala da Bieberren taillekin ere, arte komisarioek zehaztu dutenez, kolonialismoaren hedapenaren mapa bat ere osatzen baitute taillaginen jatorriek. Eskultura horiek egiteko teknikak lotura estua du erlijio jakin baten hedapenarekin ere.
Kariatidea artelanak irribarrea pizten du. Stanley kopa, hau da, NHL izotz gaineko hockey txapelketako garaikur nagusia airean bere kasa flotatzen ikusten da, hari eusten dioten jokalari guztiak ezabatu ostean. «Sortu nuenean, asmoa ez zen barregarria izatea», azaldu du artistak, «baina gustatzen zait ikustea barregarria ere izan daitekeela. Arrarotze moduko horrek aurrez ezarri gabeko modu batean pizten ditu zentzumenak, eta ikusten den horren plastikotasuna aktibatu».
«['Kariatidea' obra] Sortu nuenean, asmoa ez zen barregarria izatea, baina gustatzen zait ikustea barregarria ere izan daitekeela»
PAUL PFEIFFERArtista
Eta esanguratsua da artistak artelanak erakusteko hautatutako modua ere. Esate baterako, AEBetako kartzeletan presoentzat prestatutako tapaki gardeneko telebistetan ikus daitezke Kariatidea (Maywather) eta Kariatidea (Pacquaio) bideoak. 2015ean Floyd Mayweather eta Manny Pacquiao boxeolarien artean izandako borrokaldia erakusten dute bi lanek. Borrokaldi bera, baina ikuspegi kontrajarrietatik. Artistak arerioa ezabatu baitio borrokalarietako bakoitzari, eta, hortaz, ezerezari ukabilka eta ezerezaren ukabilkadak jasotzen ikus daitezke boxeolariak. Mayweather batean, eta Pacquiao bestean.
Irudien eraikuntza da artistaren beste kezka iturrietako bat, eta 2008ko Cross Hall instalazioa izan daiteke horren adibide. AEBetako presidenteek hitzaldiak egiteko erabili ohi duten Cross Hall izeneko aretoaren irudi erraldoi baten proiekzioa da obraren elementu nagusia. Mikrofonoak lehen planoan, eta pasillo luze eta dotore bat atzean. Proiekzio erraldoia hartzen duen horman zulo bat topatuko du bisitariak, ordea. Behatxulo batetik bezala begiratu ahalko du zulotik, eta areto hori ikusten duelako sentsazioa izango du. Baina proiekzioa hartzen duen hormaren atzealdera pasatuz gero, berehala ohartuko da behatxulotik ikusitakoa maketa bat baino ez dela.
Aurkitutako irudiak
Pfeifferren lanean ohikoak dira halako eskala aldaketak, ezabatzeak eta erreplikak ere. Beste norbaitek sortutako materiala baliatzen du horretarako, gehienetan, eta topatutako objektuekin sortutako artearekin uztartzen du bere jarduna, artistaren hitzetan. «Pinturaren kasuarekin kontrajarriz gero, bereziki anbiguoak dira hala aurkitutako objektuak nola aurkitutako metrajeak, ez dagoelako argi eguneroko objektuak edo objektu estetikoak ote diren».
Baina, dioenez, hain zuzen ere, espazio hori zaio emankorren. Izan ere, objektu horiek artelan gisa kontsidera daitezen, testuinguruak ere badu zer esana. «Testuinguru aldaketa bat baino ez da, baina horrek berak erakusten du testuinguruak nola aldatzen duen dena. Eta nik uste dut halakoetan pertzepzioa bera edo testuingurua bera bilakatzen dela lanaren material plastiko nagusia. Niretzat, lanerako esparru ezin interesgarriagoa da hori».