Peio Jorajuria 'Otalazt'-en lehen nobelak mitologia, izadia eta abentura josi ditu

Gazteluma beka irabazi zuen Azkaineko idazle gazteak, eta haren laguntzaz idatzi du 'Jaun Martin' eleberria

Peio Jorajuria Otalazt, Gazteluma bekaren irabazlea. BERRIA.
Baiona
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gazteluma bekaren 2010eko deialdian irabazle izan ondotik, Jaun Martin liburua argitaratu berri du Peio Jorajuria Otalazt idazle gazte azkaindarrak, Elkar argitaletxearen bidez. Jorajuriak argitaratutako lehendabiziko eleberria da Jaun Martin, abentura oinarritzat duen obra. «Liburuan, hiru pertsonaia laugarrenaren bila ari direla kontatzen da, eta, misio sekretu bat burutzeko bidean, zenbait pertsonaia berezirekin egiten dute topo», azaldu du idazleak.

Alabaina, eleberriak, abentura istorioaz gain, esparru gehiago jorratzen ditu. Liburuaren azalak irakurlea susmatzera eraman dezakeen bezala, Euskal Herriko mitologiako hainbat pertsonaia berpizten dira liburuan. «Mitologiako pertsonaia ugari barne bildu ditut, kondairek bizirik segi dezaten kontatuak izaten segitu behar baitute», azaldu du idazleak. Hala, mitologiako pertsonaien presentziaz gozatzeko aukera eskainia zaio irakurleari, baina betiko figura tinko edo ezagunekin haustura bat eginez.Izan ere, askatasun maila bat hartu duela erran du Jorajuriak pertsonaia hauek jorratzeko unean, «mitologiari bizi berri bat emanezere bizirik irautea ahalbidetzen diolako».

Eleberrian landua izan den beste gai bat egungo gizarteak dituen arazo edota kezkak ikusmiran jarri izanean datza. «Klima aldaketak mundua aldatu egin du azken urte hauetan, baita gizartea ere. Gizarte aldaketa sakon baten aitzinean gaude».

Ideia hori oinarritzat harturik, orain gutxi arte teknologia berrietan zegoen fede handia indarra galtzen ari dela erakusten da, zientziak jada etorkizuna konpon dezakeen ustea gainbeheran doala agerian utziz. «Teknologiek izan ditzaketen muga batzuk aipatu ditut, aitzinean duguna zer den erakutsiz», erran du idazleak.

Eleberriaren funtsa laburbiltze aldera, Piarres Aintziart Gazteluma bekako epaimahaikideak azaldu du natura, mitologia eta gaurko arazoak uztartu izanean liburuari interes berezia aurkitu diola. Eneko Bidegain eta Gexan Alfaro epaimahaikideek, berriz, irakurtzeko erraza eta freskoa dela azpimarratu dute.

Idazle gazteei bultzada

2000. urtetik Elkar Fundazioak eta Euskararen Kultur Erakundeak ematen duten diru laguntza bat da Gazteluma beka. Helburu argi bat betetzeko asmoarekin jarri zen abian Gazteluma: Ipar Euskal Herrian idazle gazteak sortu etaeuskal literatura elikatzeko nahiarekin.

Beka jasotzen duen idazle gazteak, idazketa prozesuan lagundua izateaz gain, ondotik ere jarraipen bat izaten duela azaldu du Peio Etxeberri-Aintxart Elkar argitaletxeko kideak, «horrek denak baldintzatzen baitu idazle baten bizia eta etorkizuna». Hala, 2000. urteaz geroztik, bost idazle gazteri —haietako bati birritan— liburua argitaratzeko parada eman die Gaztelumak, hala nola Eneko Bidegain, Beatrice Urruspil eta Nora Alberbide Leteri.

Atzo ireki zen 2014. urtean Sarako Idazleen Biltzarrera eramanen den liburuarentzako Gazteluma beka jasotzeko deialdi berria. Urriaren 15a aitzin liburuaren lagin bat bidaltzea galdegiten zaie 40 urte baino gutxiago izan behar duten parte hartzaileei. «Liburuaren hasiera edo laburbilduma bat bidali behar digute parte hartzaileek, hamabost eta hogei orrialderen arteko lagin bat», azaldu du Etxeberri-Aintxartek. Horrekin batera, bi eta lau orrialde arteko idazlanaren aipamen labur bat egiteko galdegiten zaie, estiloa, egitura, helburua... azalduz. Epaimahaikide horiek abenduaren 3a baino lehen plazaratuko dute irabazlearen izena, eta, hortik aurrera, egileak liburua egiteko urtebeteko epea izanen du. Ondotik, Elkar argitaletxeak emanen du argitara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.