Pello Errotaz alabak kontatua berreskuratu du 'Hauspoa'-k

'Auspoa' jatorrizko bildumatik hartu, eta euskara batura ekarri dute. Mikela Elizegik Antonio Zabalarekin izandako elkarrizketak ditu ardatz

Maialen Unanue Irureta.
2017ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hauspoa bildumak badu bere bigarren alea: Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua. 1963koa da jatorrizkoa, Antonio Zabalak Mikela Elizegirekin izandako elkarrizketetan oinarritutakoa, eta Auspoa liburutegia bilduman sartua. Hauspoa-k egindakoa hirugarren argitaraldia da; 1992koa da bigarrena, Zabalak ondutako Pello Errota liburuaren barruan.

94 urte zituela kontatu zizkion Elizegik Zabalari aitaren eta bere familiaren joan-etorriak. Magnetofono batekin grabatu zituen Elizegiren hitzak, eta ia bere horretan eraman zituen paperera. Hitzaurrean azpimarratu zuenez, ez zuen Elizegiren hitzik edo esaerarik aldatu; galdera-erantzun formatutik narraziora ekartzea izan zen Zabalaren lana. Argitaraldi berrian, bere horretan utzi dute Zabalak 1963an eginiko hitzaurrea, eta Bernardo Atxagarena gehitu diote. Asun Garikanok ekarri du euskara batura.

Etorri handiko pertsona zen Elizegi. Hura ezagutzeko aukera izan zuen Atxagak. Hamabiren bat urte zituela egin zuen topo Elizegirekin, Zizurkilgo eskolara (Gipuzkoa) bizikletaz zihoala: «Zoragarri hitz egiten zuen andre hark: bizi eta zorrotz, jario atseginean». Neurri handi batean, horrek egiten du hain berezi liburua, editoreek hegal azalean jaso dutenez: «Mundu zahar bezain liluragarria azaltzen du, orduko emakume baten ikuspegiaz eta ahotsaz. Ahots honetan du euskal literaturak —eta ez soilik ahozkoak— ahotsik ederrenetako bat».

«XIX. mendeko nekazari mundua ezin hobeto dago azaldua. Emakume baten ahotsaz, gainera», nabarmendu du Pello Esnal editoreak —Jabier Kaltzakorta, Joxemari Iriondo eta hirurak dabiltza, batik bat, Hauspoa-n—. Familiaren pasarteak ez ezik, aitak kantatutako bertsoak ere kontatu zizkion Zabalari. Haien gorabeherez gain, garai hartako gizarte xehearen bizimodu eta pentsamendua islatzen ditu liburuak. Ohikoa izaten zen gertaerak bertsotan jartzea, memoria ariketa gisa, eta halako adibideak ere badira. Horregatik, ahozkotasunean dago liburuaren baliorik behinena.

Zabalkundea helburu

Edukia ahozkotasunean oinarrituta egoteak irakurterraz egiten du liburua. Gaitasun hori, testu irakurterrazak egitearena, «zaila» dela uste du Esnalek, eta behin Pello Zabaleta kazetari, idazle eta itzultzaileak esandakoa ekarri du gogora: «Auspoa irakurri gabe, ez luke inork euskaraz ezer idatzi behar». Eta ildo berean ekarri ditu Inazio Mujikak esandakoak: «Gure aurrekoen kontatzeko moduaz jabetzeari ezinbesteko deritzot; bai literatura modernoan hainbat erregistro hezurmamitzeko, eta bai literatur hizkuntza azkar eta malgu bat sortzeko».

Literatur munduak aitortua dio bere balioa liburuari. Esaterako, Atxagak gogoratzen duenez, Gabriel Arestik berak esan zuen inoiz bere eskuetara iritsitako nobelarik onena zela, eta sari bat merezi zuela. Asteasuko idazleak berak ere goraipatu du: «Nire aldetik, ohar bakarra egin dezaket: halako inpresioa egin zidatela liburuko pasarte horiek non, prezipitazio kimiko baten moduan, Obabako mundua garden azaldu zitzaidan buruan».

Ordea, literaturaren jirakoak ez direnengana heltzeko zailtasun handiak izan ditu liburuak, Esnalen ustez: «Hau bezalako altxorrak nekez iristen dira gazteen eskuetara». Hori da, hain zuzen ere, hirugarren argitaraldian euskara batura ekartzearen arrazoia: «Askorentzat, oztopo da euskara batuan ez egotea; hori, behintzat, kendu nahi izan dugu». Zabalaren bilduma gazteengana eskolen bidez heltzea «zoragarria» litzatekeela uste du Esnalek, eta irakasleen laguntzarekin «sekulako lana» egin daiteke, haren esanetan.

Hamar ale, urtero bana

Zabalak 276 obra plazaratu zituen Auspoa-n. Esnalek azaldu duenez, hamar aukeratu dituzte, eta urtero bana argitaratzea da asmoa. Haren esanetan, ez zaie batere kostatu bilduma oparo horretatik hamar soilik aukeratzea; beste hamar aukeratu beharko balituzte ere erraz egingo luketela. «Auspoa pixka bat ezagutuz gero, badaude dozena pare bat liburu benetan antologikoak direnak». Esnalen arabera, Iñaki Alkainen Gerrateko ibilerak izango da Hauspoa-n gordeko duten hirugarren alea, eta aurten kaleratzekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.