Rondonek Todd Haynes epaimahaiburuaren eskutik jaso du saria, eta eskerrak eman dizkio epaimahaiari, "ezberdintasunak errespetatzeagatik". Izan ere, gaur azaldu duenez, hainbesteko intolerantzia ikusteak, horrek sortzen dion ezinegonak, bultzatu zuen pelikula egitera. "Modu diferentean pentsatzea, diferentea izatea, ez da arazo bat; kontrakoa baizik. Gainera, diferenteen artean elkar topo egitea, elkar hartzea, gauzarik ederrena da", adierazi du Rondonek, hunkituta. Aldi berean, eskerrak eman dizkio Zinemaldiari pelikula hautatzeagatik, eta baita azkeneko aste honetan bizitakoagatik: "Primeran hartu gaituzue".
Pelo malo-k kontatzen du Junior (Samuel Lange) bederatzi urteko haurraren istorioa. Ile kizkurra dauka, baina leundu egin nahi du, modako kantari baten antza edukitzeko. Semearen jokaerak, baina, ama alarguna (Samantha Castillo) sutzen du. Baditu beste arazo batzuk: ezin du lanik aurkitu, eta nahikoa dauka Caracaseko kaleetan bizirautearekin. Semeak, baina, ez du etsiko. Amak haurra homosexuala izan daitekeela pentsatzen du, eta medikutara eramango du 'zuzendu' dezaten.
La herida film espainiarra izan da gaueko beste garailea. Fernando Francoren lanak Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du, eta, gainera, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eman diote Marian Alvarezi. Anaren, mugako nortasun nahasmendua daukan 30 urteko anbulantzia gidari baten, rola jokatu du Alvarezek. Hori dela-eta, bere kalterako gauzak egiten ditu, eta ez du nahi duena lortzen; zoriontsu izatea, alegia.
Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Jim Broadbenti eman diote. Nick da Le Week-end film britainiarrean. Irakaslea da, eta Meg emaztearekin batera Parisera joango da asteburu pasa, eztei-bidaian egin bezalaxe. Bidaia horrekin haien arteko harremana biziberritu nahi dute.
Fernando Eimbcke mexikarrari eman diote zuzendari onenaren Zilarrezko Maskarra, Club Sandwich pelikulagatik. Nerabe batek bere amarekin batera igarotako opor batzuetan maitasunaren eta sexuaren esnatze bat biziko du bere barrenean. Hori kontatzen du pelikulak.
Gidoi onenaren saria Antonin Baundryk, Christopher Blainek eta Bertrand Tavernier zuzendariak irabazi dute Quai d'Orsay-gatik, eta argazki onenaren saria Canibal filmako Pau Esteve Birbak bereganatu dut.
Euskal film onenaren Irizar Saria, berriz, Aitor eta Amaia Merino anai-arrebek zuzendutako Asier ETA biok-ek irabazi du. Kontatzen du Aitor Merino aktore eta zuzendariaren eta Asier Aranguren ETAkidea izandakoaren harremana, bi lagunminek euskal gatazkari buruz daukaten ikuspegi zeharo diferentea abiapuntutzat hartuz. Aitor Merinok hunkituta jaso du saria, eta Arangurenen familiari eskaini dio; "haien aitari batez ere".