Orain, gertuagotik begiratuta, itxura ez da erabat desberdina, baina sentimena bai. Hurbiltzeak, distantzia pixka bat txikitzeak hori du, itsusiago edo ederrago ikusi, beti dela zurgarriago, eta baita zaurgarriago ere norberaren buruarentzat.
Distantzia da beti gakoa, zenbateraino urrun eta zenbateraino gertu kokatu. Non den bakoitzaren lekua. Erdigunerik ba ote den. Ekidistantziarik. Ulertzeko lain gertu, baina minik ez sentitzeko lain urruti. Zenbateraino egia, zenbateraino gezurra esan. Zenbateraino hitz zehatza erabili, zenbateraino metafora.
Amaren miraz dago umea, eta horrek sortzen dion mina ez da txikia bederatzi urteko pertsonarentzat. Pelutxe hau txiki-txikitatik eduki dut, ama, eta beti nirekin izatea nahiko nuke, dio zer duzu txiki amaren galderari erantzunez. Eta begiak bustiko zaizkio.
Zubi bat, urrats baten tartea, igarobide bat, bilduta dagoen ate bat. Metafora bat. Kutun bat. Animalia bat, dela irudikatua, dela marraztua, dela ahoskatua, dela panpina itxurakoa. Txakur hontza hartza katu.
Nekez adieraziko du sentitzen duena hitzez hitz, makina arrazional batek egingo lukeen moduan. Istorio bat behar du, ipuin bat, metafora bat, objektu bat, ezkutu bat, txorimalo bat. Hitz zehatzak baino egiatiago deskribatuko duena haren barne mundu hori, eta hitzetan jartze horretan mina areagotuko ez diona. Ipuina umearentzat bezain balekoa bada amarentzat, orduan bete du gezurrak bere egitekoa, eta egia bihurtu da.
Kantu bat. Poema bat. Ipuin bat: hiltzen zarenean landare batetik jaioko zara berriro, eta nik zainduko zaitut. Beste ipuin bat: beti maiteko zaitut.
Ipuin batek bizi gaitu pertsona guztiok, eta ipuin batean bizi gara. Berdin komunitate eta gizarte guztiak: eraikitako imaginario batek bizi ditu, eta imaginarioa duten horretan bizi dira. Errealitatea fikzio konpartitu bat baino ez da. Gu hau eta hura gara, handik gatoz eta hara goaz. Imaginario konpartiturik gabe ez dago ez komunitaterik, ez talderik, ez bikoterik, ez norbanako kabalik. Erreala den oro asmazio bat da, haluzinazio bat, sinbolo bihurtzen ez badugu. Bestela, gezurra baino ez dela esango genuke. Norbanakoa kabala da, ez sano dagoelako, ez bada gezur konpartituan bere lekua egin duelako. Kanpo geratzen dena, kasurik onenean, bestea da. Gu ez garen hori. Zuek ez zareten hori. Eroa, umea, emakumea, etorkina, pobrea, beltza, edadekoa, gaixoa. Unea eta lekuaren arabera, kasuan kasu: erretzailea, euskalduna, intsumisoa, langabetua, AHTaren aurkakoa, langilea. Norberak egin dezala bere zerrenda.
Kanpoaren eta barruaren arteko muga non dagoen zentzuz jokatzeak markatzen du. Alegia, zentzuz jokatze hori zer den konpartitzen bada, hortxe erabakitzen da zer den eta nor den onargarri, eta nor ez. Zentzuz jokatzea zer den nork dion, nork erabakitzen, nork kontrolatzen eta nork zabaltzen duen. Hortxe gakoa: zentzuz jokatzea boterearen monopolioa da, indarkeria den bezalaxe.
Nork ez du gutxienez pelutxe baten babesa behar. Bereziki zentzuzkoa denaren kontrako norabidean abiatzen zarenean.
Katuajeak
Pelutxe bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu