Lars von Trierrek Hitlerri buruz asteazkenean esandakoekin Cannes asaldatu ondoren, nazismoaren gaia bazterretik ukitzen duen beste film bat aurkeztu zuten atzo zinema jaialdian: Paolo Sorrentino italiarrak zuzendutako This Must be the Place. Sean Pennek jokatu du protagonistaren rola, Cheyenne rock izar erretiratuarena. Dublinen duen bizimodu lasaia utzi, eta AEBetan barrena bidaia bati ekiten dio. Gerra garaian bere aita umiliatu zuen nazi ohi bat aurkitzea izango du helburu. Gerra krimenen eta mendekuaren auziak ez ezik, pertsonaiaren barne bidaiak eta musikak ere pisu handia dute lanean. «Oso garrantzitsua da 'izorra zaitez' esaten jakitea, eta rockak oso modu sanoan egiten du hori», aktorearen hitzetan. «Sorrentinok horri buruz argi eta ozen hitz egiten du filmean».
Robert Smith The Cure taldeko abeslariaren estetikarekin ageri da Penn filmean, eta kritika onak jaso ditu interpretazioagatik. Zuzendariaren lana nabarmendu zuen, ordea, aktoreak. 2008an ezagutu zuten elkar, Cannesen bertan: Il Divo aurkeztu zuen orduan Sorrentinok, eta epaimahaiburu aritu zen Penn. «Egungo zinemaren maisu bakarrenetako bat da niretzat. Zirrara handia eragin dit haren lan egiteko erak, ideia oso-oso zehatzak baititu pertsonaia bakoitzarekiko. Bestela esanda, berak pianoa jotzen zuen, eta nik partituraren orrialdeak pasatu baino ez nuen egiten».
'Drive'-k ere harrera ona
Nicolas Winding Refn zinemagile daniarraren Drive filma ere ondo hartu zuen atzo jaialdiko publikoak. Ryan Gosling aktore protagonistaren lana nabarmendu zuen kritikak. Pertsonaia bakartia da interpretatzen duena, apenas hitzik egiten duena; zineman espezialista gisa autoak txikitu ostean, tailer batean konpontzen egiten du lan, baita gaizkileentzako gidari moduan ere lapurretetan.
Iranen preso dagoen Jafar Panahi zinemagileak Hau ez da film bat izenburupean bidalitako lana eskaini zuen jaialdiak. 2010ean atxilotu zutenean grabatzen ari zen filmaren prozesua eta izan zitekeena erakusten du 70 minutuko lanak.
Penn: «Sorrentinok jo du pianoa, eta nik orrialdeak pasa baino ez dut egin»
Nazi ohi baten bila doan rock izar erretiratua da Sean Penn 'This Must be the Place'-n, Paolo Sorrentinoren filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu