Jose Grazeneak (Irun, 1927) ondo neurtuta zeukan aurkezpenean esan beharrekoa. Orri bakan batean, eta idazmakinarekin izkiriatuta. Baina hasi zen kazetarien galderei erantzuten, hausnartzen, eta prestatutako diskurtsoan apuntatuta ez zituenak ere adierazi zituen. Pentsatzen du, esaterako, «sentitutako margolan gutxi» ikusten dituela gaur egun. «Hotzak» iruditzen zaizkiola. «Ez dakit zer gertatzen den. Ez dakit ordenagailuekin edo nola egiten dituzten...». Grazeneak, hain zuzen ere, «pentsatutako eta sentitutako» margolanak aldarrikatzen ditu. «Barrutik kanporakoak». Margolari beteranoak, Urtaldeko kide zaharrenak, erakusketa jarri du Donostiako Ekain Artelanak galerian, eta datorren ekainaren 16a bitartean egongo da ikusgai. 30 koadro bildu ditu,olioak eta akuarelak, 30 paisaia.
Haren amari, «Melchorari», eskaini dio erakusketa. «Asko laguntzen zidan. Aitak, ordea, ez. Haren lantokian, orduan, 1936 inguruan, El loco eta El poeta arruinado deitzen zidaten, besteak beste», aitortu zuen, umorez, atzoko aurkezpenean. Garai hartan hasi zen margotzen, Gaspar Montes Iturriozekin, Irunen. «Hark esaten zidan ez zekiela margolari izango ote nintzen edo ez, baina langilea behintzat banintzela». Ordu asko ematen zituen haren akademian. Gero, Parisen, Madrilen, Finlandian, Suedian eta Londresen jarraitu zuen ikasten. 1960eko hamarkadaren hasieran, etxera itzuli zenean, «euskal paisaiak» margotzen hasi zen berriro. «Gogo handiagoarekin, esnatuago bezala, nire ikuspegia barneratzeko asmoarekin». Margolan horiek aurrekoak baino «kultuagoak eta sentituagoak» zirela iruditzen zaio. «Nire artea, errealitatearen berehalako interpretazioa baino gehiago, errealitatearen depurazioa da».
Oteizaren hitzak
Kontatu zuen aurkezpenean behin Jorge Oteizak esan ziona. «Aipatu zidan nik margolan handiak egin behar nituela. Gauza asko nituela barruan, eta horiei tokia egiteko». Behatzaile ontzat dauka bere burua Grazeneak: «Beti margotzen ari naizela esango nuke. Kaletik oinez noanean ere ingurua behatzen ari naiz etengabe. Pintorea zen gizon batek ere esan zidan konturatuta zegoela ni behatzaile ona nintzela. Ikusten ninduen bakoitzean behatzen sumatzen ninduela».
Paisaiari begira egoten da sarritan. «Paisaiek beti harrapatzen naute ezustean». Grazeneak uste du «naturari esker» gauza asko ikasi dituela. Eta paisaiekin osatu du erakusketa. Itsasontziak, itsasoa, ilargia, mendiak, zerua... Eta zuhaitzak. Tamaina txikiko dozena erdi bat akuarela margotu ditu zuhaitzetan inspiratuta, hain zuzen. «Zuhaitz bakoitzak esanahi bat dauka. Batek alaia, besteak tristea, malenkoniatsua...». Halere, ezin du «hitzez azaldu» margolanek sentiarazten diotena.
Hitzak, ordea, bata bestearen atzetik atera zitzaizkion erakusketako margolan handienari buruzko xehetasunak ematerakoan. «Barruan sentitzen dudana margolan honetan dago. Viento sur dauka izena. Irungo Udalak bi milioi pezeta (12.000 euro) eskaini zizkidan koadroagatik bere garaian. Nik ezetz. Orain 15.000 euro balio du. Baina ez dut inoiz salduko. Beharbada, pixka bat arraroa naiz...».
Estudioan, kalean edo etxean pintatzen ditu paisaiak Grazeneak. Betiere, pentsatuz eta sentituz. Edo alderantziz. «Margolariak sentitu egin behar du egiten duena, bestela ezin da ezer egin». Grazeneak esana.
Pentsatu eta sentitutakoak
Jose Grazenea margolariak 30 paisaia bildu ditu Ekain galerian jarritako erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu