Pepper sarjentuaren legatua, 50 urte igarota

The Beatlesen 'Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band' berrargitaratuko dute, 50. urteurrenean: taldearen lanik laudatuenetako bat da. Pop britainiarraren ikur bihurtuta, musikaz harago eragin zuen.

The Beatlesen Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band diskoaren azalak zeresan ugari eman zuen. BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Itzal luzeko taldea izan zen The Beatles, eta musikaren munduaz harago iritsi ziren haren hedatze uhinak. Liverpooleko laukotearen arrakasta ulertzeko ezinbesteko lanetako bat da Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band (1967). Ekainaren 1ean beteko dira 50 urte atera zenetik, eta berrargitaratu egingo dute, hainbat formatutan, urteurrena ospatzeko, hilaren 26an.

Musika zerrendetan buru izan zen aste luzez Sgt. Pepper's: 27 astez egon zen gailurrean Erresuma Batuan, eta hamabost astez AEBetan —gailurretik kanpo ere aste dezente egin zituen, batean zein bestean—. Lau Grammy sari eskuratu zituen laukoteak lan hari esker 1968an: urteko albumik onenarena, garaiko albumik onenarena, azalik onenarena eta grabaketarik onenarena.

Rubber Soul (1965) eta Revolver (1966) diskoen ondotik etorri zen Sgt. Pepper's: hain justu, Revolver jo izan da haien ibilbidearen mugarritzat. Urte eta erdian atera zituzten hiru lanak. Zenbait hedabidetan, The Beatles-en eta AEBetako The Beach Boys-en arteko lehia nabarmendu izan dute; beste batzuek, berriz, bien arteko elikatze edo eragitea. Denboran, Revolver izan zen argitaratzen lehena, The Beach Boysen Pet Sounds bigarrena, eta Sgt. Pepper's azkena. Revolver gainditzeko ahaleginean kokatu izan dute Pet Sounds, eta hori gainditzeko ahaleginean Sgt. Peppers.

Esanak esan, zenbait ezaugarrik berezi egin zuten Sgt. Pepper's. Batetik, ordura arte musika klasikotik gertuago zeuden tresnak erabili zituztelako, pop munduak berezko ez zituenak: biolinak, biolak, txeloak, oboeak, tubak, harpa... Ia 60 musikarik parte hartu zuten grabaketan; A day in the life azken kantuan soilik, 40 musikarik parte hartu zuten, eta diskoaren gailurtzat jo izan dute. Bestetik, grabaketak berak izan zuen neurriarengatik: 129 egun behar izan zituzten, 700 bat ordu. Grabazio eta produkzio teknika berritzaileak erabiliz osatu zuten, gainera.

Abesti koloretsuak

Rocka, popa eta musika psikodelikoa dira nagusi Sgt. Pepper's-en. Diskoari izena ematen dion abestiak irekitzen du diskoa, rock indartsuarekin, eta segidan dator abestirik popena, With a Little Help From My Friends; pop eta musika psikodelikoaren adibiderik garbiena da Lucy in the Sky with Diamonds. John Lennon eta Paul McCartneyren artean idatzi zuten azkena, A Day in the Life, literalki: bi kantu batuta sortu zuten, eta bien arteko banaketa disimulurik gabe markatu zuten, iratzargailu baten soinuarekin.

Grammy saria eskuratzeaz gain, mugarria izan zen Sgt. Pepper's-en azala musika munduan. Lau beatle-ak ageri dira erdian, militarren uniforme koloretsuak soinean eta musika instrumentuak armatzat hartuta. Vietnamgo gerraren garaian, gerren aurkako aldarritzat hartu zen. Ordura arte, diskoen azalak bilgarri huts ziren; ordutik aurrera, kontuan hartzeko beste espresio artistiko bat bihurtu zen.

Peter Blakek eta Jann Haworthek egin zuten pop britainiarraren ikur bihurtu den azala. Hamar pertsonaren zerrenda bat eskatu zieten taldekideei. Diotenez, Ringo Starrek ez zuen erantzun ere egin; George Harrisonek hainbat guru aukeratu zituen; Lennonek, Hitler, Kristo eta Ghandi eskatu zituen, besteak beste, baina ekoiztetxeak ez zion utzi horiek jartzen —onartu zizkion Karl Marx, Edgar Allan Poe eta Oscar Wilde—; McCartneyk Stockhausen, Fred Astaire eta William Burroughs eskatu zituen.

Teoria konspiratzaileak ere eragin zituen: lana kaleratzear, auto istripu larria izan zuen McCartneyk, eta azaleko eta kontrazaleko irudiak zirela eta, hil egin zela zabaldu zen. Azalean taldearen izena ageri den zatiak hilarri itxura izatea eta McCartneyren gisako ezker batek jotzeko lorezko baxu bat jartzeak piztu zituen esamesak. Kontrazalean, McCartney zen bizkarrez ageri zen bakarra.

Berritua, eta nahierara

Formatu desberdinak merkaturatuko dituzte 50. urteurrena ospatzeko. Aukeretako bat disko arrunt bat izango da: nahasketa berriak izango ditu, estereoan grabatuak. Deluxe izena hartuko du disko bikoitzak: nahasketa berriak izango ditu batek, eta 18 abesti izango ditu bigarrenak; albumeko hamahiru abestien zati ezezagunak izango ditu, baita Penny Lane eta Strawberry Fields Forever kantuenak ere—Sgt. Pepper's-etik bereizita kaleratu zituzten biok, 1967ko otsailean—. Vinilo Deluxe edizioak 180 gramoko binilo bikoitza izango du. Superdeluxek, berriz, sei disko izango ditu, eta Sgt. Pepper's nola egin zuten erakusten duen dokumental bat ere izango du.

Edizio berria Sam Okellek eta Gilles Martinek egin dute —George Martin bosgarren beatle-aren semea da—; berriz nahastu dute estereoan, 5.1 surround audioarekin; orain arte ezagutu gabeko 34 grabazio sartuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.