'Performance'-a eramango du dFeriara Sleepwalk Collective-k

Bilboko ACT jaialdian iaz saritutako pieza taularatuko du konpainiak Viktoria Eugeniako Club-ean

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Donostian askotariko dantza eta antzerki ikuskizunak ikusteko aukera eskainiko du dFeria arte eszenikoen azokaren bigarren egunak. Sleepwalk Collective taldeak performance-tik eta antzerki esperimentaletik edaten duen pieza eskainiko du: As the flames rose we danced to the sirens, the sirens. Iara Solano Arana bakarka ariko da taula gainean ordubeteko ikuskizun intimo eta minimalistan, «arriskuaz, indarrez heltzeaz eta ondoren salbatua izateko zain egoteaz» hitz egiteko. Soinua, mugimendua, testua eta bideoartea nahasten dituen obragatik Sammy Metcalferen zuzendaritza lana saritu zuen iaz Bilboko ACT jaialdiak. Viktoria Eugeniako Club aretoan taularatuko dute lana, 23:00etan.

Oso bestelako lana erakutsiko du La Pavana konpainiak. 1977an Ettore Scolak zuzendu zuen Una giornata particolare filma egokitu, eta antzezlan bihurtuta taularatuko du, 18:00etan, Antzoki Zaharrean. Jatorrizko obrak Mussoliniren menpeko Italian girotutako istorioa kontatzen du, baina La Pavanak frankismo garaian kokatu du kontakizuna. Faxismoaren ondorioak jasaten dituzten bi bizilagunen arteko harremana da obraren ardatza. Vaiven konpainiak, berriz, genero indarkeriaren gaia jarriko du mahai gainean Duda razonable ikuskizunarekin. 20:00etan Victoria Eugenia antzokian eskainiko du lana.

Bi dantza ikuskizun

Dantzari dagokionean, bi ikuskizun ikusi ahalko dira gaur Donostian. Batetik, Karrikan ikuskizun berria prestatzen ari da Kukai konpainia, eta hura osatzen duten hiru koreografietako bat aurkeztuko du, Sorbatza. Viktoria Eugenia Antzokiko Club aretoan izango da emanaldia, 13:45ean. Natxo Monterok, berriz, Carni di prima qualitá dantza ikuskizuna eskainiko du Egiako Gazteszena aretoan, 12:30ean.

Haurrentzako ikuskizunik ere bada gaurko egitarauan. Behibi's konpainiak Historia de papel eskainiko du Lugaritzen, 11:00etan, bost urtetik gorako umeentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.