Hamabost urte dira Iban Nikolaik (Oiartzun, 1977) didjeridua ezagutu zuela, eta 11 daramatza jotzen. Bakarkako bosgarren diskoa kaleratu berri du: Organika.
Disko berria kaleratu duzu. Zer nabarmenduko zenuke?
Didjeriduan asko zentratutako lana da. Batez ere didjeridu melodikoari heldu diot abentura honetan, eta didjeridu kromatikoarekin grabatu ditut kantu gehienak. Hori da diskoaren berezitasunik handiena niretzat, bere ohiko kontestutik atera dudala instrumentua. Normalean tonu bakarra daukate, baina kromatikoarekin tonu aldaketak egin ditzaket, eta etekin handia atera diot. Halere, oso CD minimalista da. Ez dut kolaboraziorik sartu; loop station-arekin montatu ditut kantuak. Orain arte egin ditudan CDetan didjeriduari etekin gehien atera diodana da: perkusio soinuak eta melodia lortu ditut instrumentuarekin.
Zer da loop station-a?
Aparatu bat, zuk jotzen duzuna grabatzeko balio duena. Orduan horren gainetik jo daiteke, eta orkestrak egin ditzakegu. Aukera gehiago ematen dizkizu; esaterako, melodiko jotzen dudanean, atzetik grabatu dut base bat, eta base horren gainean beste instrumentu bat sar dezaket. Horri deitzen diot one man band.
Beste intrumentu batzuk ere erabili dituzu.
Bai. Zuzenekoetan loop station-arekin jotzen dut, beat boxa egiten dut, muxu gitarrak jotzen ditut, perkusioak... Apostua one man band ideiari heltzea da. Azken batean, errekurtsoak izan nahi ditut base erritmiko bat izateko. Praktikotasuna bilatzen dut, eta zuzenekoetan hori nahi dut: etortzen den jendeak entzundakoa eramatea.
Nola definituko zenuke egiten duzun musika?
Puntu elektronikoa hartzen diot, baina instrumentu errodunak erabiltzen ditut. Ez dut base elektronikorik erabiltzen; didjeriduak horretarako puntua dauka, bere soinua oso trantzeroa da... zaila da esaten. Dantzagarria da, baina ez da rock-and-rolla edo elektronikoa.
Zer bilatzen duzu musika egiterako orduan?
Gustatu egiten zait didjeridua jotzea. Bilatzen dudana instrumentuari ahalik eta etekin handiena ateratzea da, ia teknikoki ze gauza egin daitezkeen. Musikalitatea ere bilatzen diot, oso instrumentu berezia baita. Zerbait berria kaleratu nahi dut, soinu berriak. Normalean entzuten diren gauzak oso erritmikoak dira, eta nik melodiak sartzea bilatzen dut, ahalik eta laguntza txikienarekin, beste instrumentuei dagokienez.
Bertsio bi egin dituzu disko honetarako, The Prodigyren bat eta Deep Purplen beste bat. Zergatik horiek?
Erraz ateratzen zaidalako. The Prodigy taldea asko gustatzen zait, eta horrela suertatu zen. Beste disko batean ere egin nuen talde horren bertsio bat. Deep Purplen Smoke on the Water jendeak ezagutzen duelako egin dut. Errazagoa da jendearekin lotura bilatzea, behin melodia ezagututa gerturatu egiten zara. Kuriosoa iruditzen zait horrelako instrumentu batekin bertsioak egitea.
Didjeridu desberdinak darabiltzazu.
Bai. Zuzenekoetan desberdinak erabiltzen ditut. Batetik, badago kromatikoa, tonuak aldatzen dituena —muturra luzatu egin dakioke horri tonu ezberdinak lortzeko, tronboi baten modura—. Hiru metrotako bat ere erabiltzen dut, soinu oso grabeak ateratzen dituena. PVCzko obretako tutu bat ere erabiltzen dut, eta horri perkusiozko soinuak ateratzen dizkiot. Eukaliptozko didjeridu pare bat ere eramaten ditut, noski, tonu bakarrekoak direnak, termitek jandako didjeridu tradizionalak. Azken batean, tutu huts bat baino ez da. Hori bai, oso osasungarria deritzot, arnasketa zirkularraren bidez jotzen delako. Baita entzuteari ere, bibrazioa oso indartsua delako, grabe askoduna. Horregatik egin ditzazket kontzertuak bakarrik, bere soinuak asko betetzen duelako.
Zein da zure asmoa orain?
Diskoa eta lana ezagutaraztea. Lan handia dauka, entsegu ordu pilo-pilo bat bota ditut hau egiten. Zuzenekoak egiteko garaia da; apirilaren 5ean, esaterako, Berako Xuga tabernan (Nafarroa) joko dut, eta 26an, Usurbilgo gaztetxean (Gipuzkoa).
Iban Nikolai. Didjeridu jotzailea
«Perkusioa eta melodia lortu ditut; didjeriduari etekin gehien atera diodan lana da»
'One man band' ideiari helduta ekoitzi du Iban Nikolaik bere estudioko bosgarren lana: 'Organika'. 11 urte daramatza didjeridua jotzen, baina horretarako modu berriak topatzen jarraitzea du xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu