Donostiako Zinemaldiko Perlak sailak argitaratu gabeko film luze nabarmenak aukeratzen ditu, eta, aurten ere, beste jaialdi batzuetan kritikariek txalotu eta saritu dituzten pelikulak aurkeztuko ditu. Hamabost film hautatu dituzte, eta, horien artean, Cannesko Urrezko Palmorriaren eta Berlingo Urrezko Hartzaren irabazleak daude; Maren Ade, Claude Barras, Michael Dudok de Wit, Stephen Frears, Mia Hansen-Love, Hirokazu Koreeda, Emir Kusturica, Joachim Lafosse, Pablo Larrain, Ken Loach, François Ozon, Cristi Puiu, Gianfranco Rosi eta Paul Verhoeven zuzendarien azken lanak aurkeztuko dituzte.
Zuzendariek gaur egungo munduaren bidegabekeria eta ezberdintasunak, familia eta maitatzeko eta ahazteko modu desberdinak landuko dituzte euren pelikuletan. Hamabost filmek izango dute Publikoaren Saria lortzeko aukera; film bakoitzaren lehendabiziko emanaldiko ikusleek hautatzen dute irabazlea. Bi kategoria daude: Film Onenaren Saria (50.000 euro) eta Europako Film Onenaren Saria (20.000 euro). Film irabazleen banatzaileek jasotzen dute dirua.
Onenak aukeran
Bai Berlinen eta bai Cannesen, gaur egungo mundua salatzen duten filmak saritu dituzte. Gianfranco Rosiren Fuocoammare / Fire at Sea-k, esaterako, azken Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen, eta Lampedusako immigranteen lehorreratze masiboen gaiari heltzen dio. I, Daniel Blake-en, berriz, bihotz arazoak dituen arotz bati medikuak lan egitea debekatzen dio, eta administrazioak lanpostu bat topatzera behartzen du. Ken Loachen filmak Cannesko Urrezko Palmorria eta Locarnoko Publikoaren Saria eskuratu zituen.
Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu ostean, Perlak sailean aurkeztuko du Pablo Larrainek Neruda; polizia batek etengabe jarraituko du poeta film honetan. François Ozonek, ordea, Venezian estreinatuko du bere azken filma; Frantz I. Mundu Gerra osteko Alemaniako hirixka batean kokatzen da.
Sail Ofizialean lautan lehiatu den Hirokazu Koreedak bere gai gustukoenetako bat jorratuko du Cannesen estreinatutako Umi yorimo mada fukaku / After the Storm pelikularekin: familia. Cristi Puiuren Sieranevada / Sierra Nevada ere Cannesko sail ofizialean izan zen, eta gai berari heltzen dio. Toni Erdmann filmean, aitaren bisitak erabat astinduko du langile baten bizitza. Maren Aderen pelikulak Fipresci saria lortu zuen Cannesen. Joachim Lafossen L'économie du couple / After Love ere Cannesen izan da, Errealizadoreen Hamabostaldian.
Berlinen estreinatu zen, ordea, Ira Sachsen Little Men, 13 urteko bi mutikoen arteko laguntasun istorioa. Mia Hansen-Lovek ere Berlinen aurkeztu du bere azken lana, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du han. L'avenir / Things to Come-en, filosofia irakasle batek praktikan jarri beharko ditu askatasunari buruz dituen teoriak, eta bere bizitza berriz asmatu. Emir Kusturicak, berriz, Venezian estreinatuko du Na mlijecnom putu / On the Milky Road, eta Kusturica bera eta Monica Belucci ditu protagonista; 2007tik egin duen lehen fikzio filma da.
Meryl Streep 2008ko Donostia saria du protagonista Florence Foster Jenkins-ek. Stephen Frearsen filmak talenturik izan gabe ere opera abeslari izatea lortuko duen emakume baten erretratua egiten du; Hugh Grantek antzeztutako senarrak egiatik babestuko du. Paul Verhoevenen azken lanak ere komedia ukitu bat izango du; Elle-k bortxaketa bat hartuko du abiapuntu, eta komedia bat bihurtuko da istorioa.
Perlak sailean zinemagile hasiberri bakarra egongo da aurten. Claude Barrasek Ma vie de courgette / My Life as a Courgette animazio filma aurkeztuko du; pelikula Cannesen saritua izan da, eta Annecy jaialdirako hautatu dute. Ez da, ordea, saileko animazio film bakarra izango; Michael Dudok de Witen La tortue rouge / The Red Turtle ere ikusi ahal izango da, Cannesko Un Certain Regard sailean Sari Berezia irabazi eta gero.
Perlak sailak beste jaialdietako onena ekarriko du Zinemaldira
Donostiako 64. Zinemaldiak beste jaialdi batzuetan txaloak eta sariak bildu dituzten hamabost film aurkeztuko ditu. Publikoaren Saria lortzeko lehiatuko dira guztiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu