Donostiako 77. Musika Hamabostaldia. Miren Urbieta-Vega. Sopranoa

«Pertsonaiak zer sentitzen duen argi izan behar duzu»

Hamabostaldian hainbatetan parte hartu du soprano gazteak, baina lehen aldiz izango da Kursaalean opera batean kantari. Zerlinaren rola jokatuko du, Don Giovanniren aurrean «iparra galtzen» duen neska gaztearena.

2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Bere ibilbidea hasi berria du Miren Urbieta-Vega sopranoak (Donostia, 1983). Musikene Euskal Herriko goi ikastegian kantu ikasketak amaitu zituen 2010ean, eta Palau de les Artsen osatu du bere prestakuntza, Valentzian (Herrialde Katalanak). Operaz gain, zarzuela, oratorioa, sinfonikoa eta ganbera musika landu ditu, eta, ibilbide laburra duen arren, dagoeneko sari ugari jaso ditu.

Zein istorio kontatuko digu Don Giovanni-k?

Argumentua Don Juan Tenorioren istorioan dago oinarrituta, Don Giovanni da Don Juan. Gizon gonazale baten istorioa da; emakume guztiak maitemintzen ditu. Zehazki, hiru emakume ikusiko ditugu opera honetan; Don Giovannik erakarriak sentitzen dira, baina minduta ere badaude, beste emakume batzuekin ibiltzen dela ikusten dutelako. Giovanni Zerlina gaztea maitemintzen saiatuko da, zeinak senargaia duen, eta Donna Annaren ohorea minduko du. Hirugarren emakumea Donna Elvira da, Giovanniren emaztea. Hirurak, obra guztian, Don Giovanniren atzetik ibiliko dira, haren aurkako zigor baten eske. Beste gizon batzuk ere agertuko dira: Zerlinaren senargaia eta Donna Annaren amorantea. Don Giovannik, Leporelloren laguntzaz, denak engainatuko ditu. Amaiera ez dut kontatuko, baina nahiko tragikoa da.

Nolakoa da Zerlina, zure pertsonaia?

Zerlina oso pertsona dibertigarria da. Neskatila bat da, oso alaia, eta iparra galtzen du Don Giovanni bezalako gizon dotore baten aurrean; begiek dir-dir egiten diote. Baina berak Masetto maite du, eta saiatuko da senargaia askorik ez haserrarazten. Dualtasun hori du nire pertsonaiak; Don Giovanniren- ganako lilura sentitzen du, alde batetik, eta senarrarenganako ardura, bestetik. Azkenean, Donna Elvira eta Donna Annarekin elkartuko da, Don Giovanniri eskarmentua emateko.

Nola prestatu duzue opera baten kontzertu bertsio dramatizatua?

Publikoak ez du, opera eszenaratu batean ez bezala, atrezzorik aurkituko; ez dago eszenografiarik. Bisualki, kontzertu itxura izango du, eta orkestra agertoki gainean egongo da; ohiko opera batean, agertokiaren beheko partean egongo litzateke. Kantariak orkestraren atzean egongo gara, oholtza handi baten gainean, altuera pixka bat izan dezagun. Sartu-irten handirik ez da egongo, baina bai kantarien arteko interakzioa; guk, pertsonaia moduan, elkarrizketak izango ditugu. Kontzertu bertsio batean, aldiz, aurrera begira kantatuko genuke.

Zuretzat desberdina izan da prestaketa?

Ez. Nahiz eta kontzertu bertsioa izan, zuk argi izan behar duzu pertsonaiak zer sentitzen duen, musikaren bitartez hori adierazteko. Pertsonaia landu behar duzu, hura ezagutu. Edozein kontzertu mota prestatzeko, lan sakona egin behar da.

Berezia da Musika Hamabostaldian izatea?

Beti da berezia, ziklo honek munduan duen garrantziagatik. Urteak dira Hamabostaldian parte hartzen dudala, baina orain arte inaugurazio egunean edo Musika Aitzaki zikloan izan naiz. Kontzertu ugari eman ditut Gipuzkoa osoan zehar, baita Nafarroan eta Araban ere, Hamabostaldiari esker, baina oraingoa berezia da; opera bat abestuko dut, eta, gainera, Kursaalean izango da. Urte askoren ondoren, Donostian aritzea egokitu zait, eta, arduratzen nauen arren, oso pozik nago.

Gustatuko litzaizuke hurrengoan opera bat antzeztea?

Bai; antzeztua balitz, hobe. Edozein opera abestera itzuliko nintzateke, baina baita kontzertu sinfonikoren bat egitera ere, adibidez.

Beste kontzertu eta zikloetatik, zein dituzu gustuko?

Beti eman izan dit atentzioa Antzinako Musika Zikloak, urtero oso maila onekoa izaten delako. Aurten, gainera, hemengo talde bat egon da, Conductus Ensemble. Viktoria Eugenian, Carlos Mena kontratenorraren kontzertua ere egongo da, eta luxua da bera bezalako kantari bat hemen izatea. Kursaaleko kontzertu sinfoniko handi horiek ere baditugu, munduko orkestra garrantzitsuenekin egiten direnak. Ni ezin izan naiz joan kontzertuetara, entseguetan egon bainaiz, baina badakit lehen mailako taldeak direla guztiak.

Garrantzitsua iruditzen zaizu Musika Hamabostaldiaren eginkizuna?

Bai, noski. Zaila da gaur egun horrelako jaialdi bat izatea, eta Hamabostaldiak egiten duen lana goraipatu behar da. Luxu bat da donostiarrentzat eta donostiarrak ez direnentzat; nazioartean oso ezagunak diren interpreteak etortzen dira, ez edonor. Gainera, hemengo musikariak ere sartzen ditu programazioan, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait.

Opera eta musika sinfonikotik, zein nahiago duzu?

Operak, zarzuelak, kontzertu sinfonikoak, errezitalak eta ganbera musikako kontzertuak egin izan ditut, eta ezingo nuke esan zein gustatzen zaidan gehien. Operak, nolabait, gauza guztiak biltzen ditu; antzerkia, kantua, orkestra... Baina kantutik gehien gustatzen zaidana haren aniztasuna da; denetarik egin ahal izatea, tartekatzea.

Zer aurreikuspen dituzu biharko kontzerturako?

Oso positiboak, Don Giovanni opera bera gozatzeko modukoa delako, istorio eta musika aldetik; Mozarten musika bizia eta arina da. Orkestra agertokian ikusi ahal izatea ere, opera ikustera ohituta dagoen jendearentzat ustekabekoa izan arren, interesgarria izan liteke. Nire ustez, premisa garrantzitsuena musika horretaz gozatzea da, eta istorioarekin ondo pasatzea.

Kontzertu ugari dituzu hurrengo hilabeteetan, baina proiektu berezirik baduzu esku artean?

Niretzat garrantzitsuenetakoa Oviedoko Operan [Espainia] egingo dudan estreinaldia izango da; Faust operako Marguerite pertsonaia berria da niretzat, eta Oviedon ez dut inoiz operarik egin. Opera honetan, gainera, izugarrizko eratzukizuna dut, bai alde dramatikotik eta bai ahotsaren aldetik. Urrian ere kontzertu bat emango dut Madrilen; errezital bat izango da, Teatro de laZarzuelan. Gero, otsailean, Bilboko Euskaldunara bueltatuko naiz, Zerlina pertsonaiarekin berriz; niretzat garrantzitsua da ABAOk, bigarrengoz, eman didan aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.