Donostiako 60. Zinemaldia

Pertsonaiek harilkatutakoa

Hilketa odoltsu batek ekarritako ezusteko ondorioak kontatu ditu Lasse Hallstromek 'Hynotisören' 'thriller' «ezberdinean»Sail Ofizialeko lehiaketan emandako azken filma da, eta gaur emango dituzte sariak

Lasse Hallstrom zuzendaria eta Lena Olin aktorea, atzo, Donostian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Badaki Lasse Hallstromek, eta atzo prentsaren aurrean aitortu zuen, Donostian: «Bigunaren fama daukat. Esaten da fabulak egiten ditudala, film argitsuak direla nireak». Baina ikusleak «beldurtzeko» gogoa zeukan 1999an The Cider House Rules-ekin zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen suediarrak, eta thriller «diferente bat» osatu du Hypnotisören filmean. «Izan ere, AEBetan egiten direnekin konparatuta, gureak beste tonu bat dauka; errealistagoa iruditzen zait». Sail Ofizialeko lehiaketaren barruan aurkeztutako azken filma da. Izan ere, gaur bukatuko da Zinemaldia, eta iluntzean banatuko dituzte sariak.

Azken 25 urteotan Hollywooden bidea egin ondoren, etxean, Stockholmen, filmatu du pelikula, eta Gabonetan gertatutako hilketa odoltsu baten ezusteko ondorioak kontatu ditu. Halere, korapiloa lotu duen tramari baino, pertsonaiei eman die garrantzia, haiek harilkatu baitute istorioa. «Ez nituen pertsonaiak argumentuarengatik sakrifikatu nahi», adierazi zuen zuzendariak.

Filmaren hariak, baina, berez dauka pisua. Hilketatik salbatu den bakarra, Josef nerabea, shock egoeran dago, eta ospitalera eramango dute. Hari informazioa atera ahal izateko, pare bat urte atzerago prestigioa galdu zuen hipnotizatzaile batengana, Erikengana, joko du Joona Poliziako inspektore saiatuak. Handik gutxira, baina, hipnotizatzailearen seme nerabea —Benjamin— bahituko dute.

Mikael Persbrandtek jokatu du hipnotizatzailearen rola. Zuzendariaren ustez, Suediako aktorerik onena da. «Azentu hain markatua ez balu, izar bat izango litzateke». Erikena egiteko «perfektua» iruditzen zaio. «Gainera, kimika berezia dauka Lenarekin, [Olin], Bang Bang Orangutan-en (2005) ikusi zen bezala. Hori aprobetxatu nahi nuen». Simonerena —Eriken emaztearena— egin du Olinek Hypnotisören-en.

Prentsaurrekoan parte hartu zuen Olinek, baina zuzendariak hitz egin zuen, batez ere. Galdetu zitzaion, baita birritan galdetu ere, ea filmaren argumentuak loturarik ba ote zuen Eskandinaviako eleberri beltzaren loratzearekin. Lars Keplerren nobela baten egokitzapena da, baina Hallstromek erantzun zuen Millenium saga baino ez duela jarraitu, besteak ez dituela ezagutzen. «AEBetan pasatu dut denbora asko, eta generoa berritzen ahalegindu naiz. Nahiko handinahia izan naiz».

Kazetari suediar batek, berriz,orain 50-60 urte Suedian egiten ziren filmak udan girotzen zirela esan zion; orain 10 urtetik gaurdainoak, berriz, neguan. Ea zergatik. Hallstromentzat, arrazoiak «komertzialak» dira. Filmaren ekoizle batek hartu zuen hitza jarraian, eta adierazi zuen Gabon garaia, paisaia zuriak, neguak, hobeto bat egiten zutela filmak erakutsi nahi duen familiarenkontzeptuarekin.

Suedian tokatu da oraingoan, baina Hallstromen ustez «nazioarteko zinemagilea» da. «Gidoiek gidatzen naute. Badakit batzuetan gauza komertzialak egiten ditudala, baina ofizio honek artea eta alderdi komertziala ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.