Arte eszenikoen topagunea. Antzerkiaren epizentroa. Zale eta adituentzako bilgunea. Hori guztia izango dira astelehenetik aurrera Aulestin (Bizkaia) Artedrama Plataformak egingo dituen Arte Drama Euskal Laborategia topaketak. Larunbatera arte, profesional eta ikasleentzako sei ikastaro eta jende ororentzako sei antzezlan emango dituzte. Hamargarren topaketa da, eta aurreko urteetako espirituari eutsiko diote.
«Berrikuntzak sartzeko egon ginen eztabaidatzen, hamargarren urteurrena delako, baina astebete baino ez da! Azkenean, berdin utzi dugu». Ezin gehiago osatu. Hala azaldu du Iasone Parada antolatzaileak; izan ere, bete-beteta dago egitaraua. Leporaino. Bi ataletan banatu dute: batetik, aktoreei, zuzendariei, antzerkigileei eta antzerki ikasleei bideratutako ikastaroak daude; bestetik, sei obraren emanaldiak. Helburua: «Oinarri-oinarrian, arte eszenikoak modu integral batean egitea euskaraz».
Ander Lipus, Maite Arrese, Natxo Montero, Belen Cruz, Iosu Florentino eta Miren Alkala. Horiek dira eskolak emango dituzten adituak. Hamalau lagunek izango dute haien jakintzaz gozatzeko aukera, tokiak mugatuak dira-eta. Gutxi izan liteke, baina herriaren tamaina eta baliabideek ez dute gehiagorako aukerarik ematen; nolanahi ere, txikitasuna ere handia da, Paradaren aburuz. «Gehiago sartzea ere gustatuko litzaiguke, baina, egia esan, horrela hurbilagokoa da. Hamalau izateak aukera ematen du jendea ezagutzeko».
Askotarikoak izango dira irakaspenak. Dantzarekin hasiko dituzte egunak, Natxo Monteroren eskutik, «gorputza esnatzeko eta aktibatzeko». Dantza garaikidean eta antzerkian formatua da irakaslea, eta ibilbide luzea du. Gero, Maite Arrese kazetari eta ipuin kontalariarekin batera, yoga praktikatuko dute. «Barnekoagoa da ariketa hori». Eta introspekziotik estrabertsiora egingo dute jauzi, Ander Lipusen gidaritzapean. Ahots eta gorputz ariketak egingo dituzte: arnasa, oreka, indarra, adierazpena... Makina bat elementurekin jolastuko dira parte hartzaileak. «Harekin testuak landuko dituzte , eszenak...».
Ez da hori izango, ordea, eskainiko duten bakarra. Clown-era gerturatzeko aukera ere izango da, Iosu Florentinori esker. «Oso bideratuta dago norbere buruak eman dezakeen umorea ezagutzera». Belen Cruzekin, berriz, inprobisazioaren dohainak aztertuko dituzte. Bukatzeko, Miren Alkalak eguneroko objektuak «transformatzen» lagunduko die ikasleei. Horiexek dira ikastaroak.
Haatik, publiko orokorrago bati begirako eskaintza ere kontuan izan dute. «Aulestiko herrian kristoren ongi etorria dugu, eta kontrapuntua eman nahi genien». Zer edo zer eskaini nahi izan diete bertakoei. Astelehenean bertan ekingo diete ikuskizunei, Maite Arresek eta Mau Artabek antzeztutako Amodiozko ipuinak lanarekin. Musika eta interpretazioa uztartuko ditu, zehar lerro gisa maitasunaren gaia galdu gabe. Asteartean, sudur gorrien txanda izango da, zirkua gorpuztuko baitu Aldatzen Laguntzen konpainiak, Amets zirkoa piezan.
Eta asteazkenean, amodiora egingo dute buelta, berriz ere. Lauka Teatroak Xabier Mendigurenen Amodioaren ziega jokatuko du. Maitasunera itzuliko dira, bai, baina zertzelada batzuekin: kartzelako bisean biseko bat izango da zutabea. Ostegunean, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak hartuko dute lekukoa, Kokakola eta barea obrarekin. Kantagintzaren jaun eta jabe egingo dira. Astelehenetik ostegunerako obrak udal aretoan izango dira, 21:00etan.
Azken bi egunetan, egitarauko ikuskizun nagusiak izango dira. Horregatik, pilotalekuan eskainiko dituzte, jende gehiago sartzeko, 22:00etan. Ostiralean, Telesforo Monzonek idatzitako Hazparneko anderea ekarriko du Iduzkilore antzerki taldeak: XX. mendean kokatutako komedia bat da. Larunbatean, berriz, aurtengo Donostia sariko irabazlea den Arrastoak antzeztuko dute Dejabu Panpin Laborategiko aktoreek. Argumentua: Lurren amak txikitan egin zuen alde etxetik, eta orain hil egin da. Protagonistak espero ez zituen zauriak aurkituko ditu orduan barnean.
Antolatzaileak azpimarratu duenez, herriko eta inguruetako jendea joatea espero dute.
Pertsonaien ernamuina
Arte Drama Euskal Laborategia antzerki topaketak egingo dituzte astelehenetik aurrera, AulestinIkastaroak eta obrak emango dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu