Pertsonalaren neurri politiko poetikoa

Ekhine Eizagirrek 'Alde erantzira nabil' lehen poema liburua plazaratu du.«Gorputzaldiak aginduta» idatzitako poemak dira lanekoak

Ekhine Eizagirreren senide eta adiskideek aurkeztu zuten Alde erantzira nabil poema liburua. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Espetxean preso direnek idatzitako literaturan beste katebegi bat eranstera dator Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil poema liburua. Egun Frantziako Fresnesko espetxean dago preso. Bi urtetik gora daramatza han, eta azken hamar urteetan idatzitako poemen bilduma dakar Susa argitaletxearen eskutik. «Borroka zaporea eta labanda usaina duen alde erantzirako bidea izan da nirea. Ehundura askotarikoa, latza zein leuna; inoiz ez laua, ordea, beti koskaduna, malkartsua. Legaltasunaren altitude eta latitudeetatik haragoko lurralde ezezagunetan ibilitakoa. Egun, ordularietako orratzak lozorroan eta lau hormetan iltzatuta diruditen ez-leku arrotz honetan izanik ere, atzera buelta etengabean, beti aurrera tiraka dabilena. [...] Ihesbide paregabea da niretzat poesia».

Atzo Donostian egindako liburuaren aurkezpenean ez zuen egoterik izan Eizagirrek, baina testu bat bidali zuen bere estreinako liburuaren nondik norakoak agertuz, eta haren adiskide Maite Egigurenek irakurri zuen prentsako kide nahiz egilearen adiskideen aurrean. «Azken hamar urteetako ibilbidearen uzta da» liburua, egilearen hitzetan, «eta, izenburuak aditzera ematen duenez, alderantzizko bide-zidorretan galdu edo bilatu izanaren emaitza ere bai».

Hiru etapa nagusi bereizten ditu idazketan 1984an Zarautzen (Gipuzkoa) jaiotako idazleak: «Lehenik, Euskal Herrian bizi nintzeneko garaia; bigarrenik, klandestinitatea; eta hirugarrenik, espetxealdia». «Momentu txikiei arreta berezia» eskaini nahi izan die Eizagirrek poemotan: «Inguratzen nauenaren egoerari baino gehiago, uneari eta nire momentuko bizipenei eman nahi izan diet tartea. Gogo-gorputzaren adierazpen anitzek osatzen dute lan hau, olerkiok gogoak ez ezik gorputzaldiak aginduta idatzi ditudalako. Horregatik, emozioei estu lotuta, gorputza oso presente dago liburuan». Honela dio, esaterako, Plazer tantak izeneko poemak. «Gozamena besterik ez naiz/ zirraraz bildutako gorputza/ plazer tantazko putzua/ epela/ umela/ tximeletak dantzan dituen sabela».

Feminismoz zipriztinduta

Gorka Arrese Susa etxeko editorearekin —gutun bidez egin dute iritzi trukea eta edizio lana, batik bat— eta Maite Egiguren lagunarekin batera, Kattalin Miner idazle eta adiskideak ere lagundu dio liburua taxutzen. Minerren ustetan, Eizagirrek «lehen lerroan jartzen du pertsonala» den hori, eta, ondorioz, politikoa dena «birdefinitzeko» saiakera bat dago. «Norberetik abiatuta identitate politiko bat lantzen du, baina ez du ahaztu borroka bati lotuta daudela bizipen horiek. Liburu honek zabaldu egingo du euskal presoen iruditeria, kolektibo oso plurala dela erakutsiz». Gai horri lotuta honela dio Eizagirrek berak: «Ikuspegi feministatik idatzitako lan honetan, azken urteetan feminismoaren inguruan irakurri, entzun eta eztabaidatutako zenbait gai jorratzen saiatu naiz. Bestalde, gai pertsonal gisa izendatu izan diren horiek lehen lerrora ekarri nahi izan ditut. Azkenik, bizipen pertsonalek leku berezia dute: borrokaren hautuak, militantziak, errepresioak, klandestinitateak, espetxeak... Fantasia, desirak eta autoerotismoak ere badute tartea». Badago feminismoari espreski idatzitako poema bat, Feminismoari goiburupean, hain zuzen ere. Honela hasten da: «Zu zaitut/ lau hormaren artean morfina/ arintzen didana egonezina/...», eta honela amaitzen: «Zu zaitut/ kontraesanak xuxurlatzen/ dizkidan sorgina». Eta badago pertsonala den horri dimentsio politiko eta aldarrikatzailea ematen dion poema bat ere, Izatekotan izenburu duena: «Ez naiz inorena./ Ez dut inor aukeratu nahi./ Ez dut inork ni hautatzerik nahi./ Izatekotan,/ maite nauten eta maite ditudan guztiena naiz./ Horregatik naiz bereziki/ neure-neurea».

Maite Egigurenek azaldu zuen Eizagirrek «betidanik» idatzi izan duela. Poemak idazten joan ahala pasatzen zizkien lagunei, Kattalin Minerri adibidez, eta «jolas modura hasi zena, liburu bilakatu da». Minerren hitzetan, liburuak hiru garairi erreferentzia egiten dion arren, «edozein denboratarako izan litezkeen poemak ditu, atenporalak izan daitezkeen poemak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.