Peter Mullanek 1970eko Glasgown girotutako istorio soziala izan da Zinemaldiko garaile nagusia. Urrezko Maskorraz gain, beste sari garrantzitsu bat eraman du zuzendari eskoziarraren Neds lanak, Connor McCarron gaztearen interpretazioak jaso baitu gizonezko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra. Txaloak adina txistu entzun ziren atzo prentsaurrekoak egiteko Kursaaleko aretoan, Goran Paskaljevic epaimahaiburuak erabakiaren berri eman zuenean.
A mailako zinema jaialdi batean lortzen duen bigarren sari nagusia da Mullanentzat, 2003an Veneziako Urrezko Lehoia eskuratu baitzuen The Magdalene Sisters lanarekin. Elizaren menpeko eskola batean haurrek jasandako gehiegikeriak agertu zituen orduan, eta kaleko gazte taldeen arteko indarkeria eta hezkuntzaren beharra jorratu ditu bere azken lanean, gizarte arazoak ardatz dituzten filmen ibilbideari jarraipena emanez. Neds-en kontatutako istorioa autobiografikoa ez dela zehaztuta ere, bere gaztaroko hainbat oroitzapen erakutsi dituela azaldu zuen filma aurkeztu zuenean.
Aktore lanetan esperientziarik ez duen 16 urteko gazte bat aukeratu zuen Mullanek gazte arazotsuaren protagonista rola jokatzeko. Baita asmatu ere, Connor McCarroni gizonezko aktorerik onenaren saria eman baitio epaimahaiak Mullanen aginduetara eginiko interpretazioagatik.
Bi faboritoek sari bana
Agusti Villarongaren Pa negre eta Raul Ruizen Mistérios de Lisboa ziren kritikaren kuttunak, haiek jotzen zituzten Urrezko Maskorra eramateko hautagai nagusi. Ez dute sari nagusia lortu, baina esku-hutsik ere ez dira joango Donostiatik, sari garrantzitsu bana eman baitie epaimahaiak.
Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra jaso du Ruizek lau ordu eta erdiko filmari esker; amodioa, gorrotoa eta surrealismoa nahasten dituen lana telesail gisa emango dute orain.
Pa negre katalanezko filmean jokatutako rolagatik, berriz, Nora Navasek jaso du emakumezko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra. Herrialde katalanetan 1936ko gerraren ondorengo urteetan girotutako filmean, senarra heriotza zigorretik salbatzeko eta semea aurrera ateratzeko borrokatzen den emakumearen rola jokatu du aktore kataluniarrak, eta askok jotzen zuten jaso duen sarirako hautagai nagusitzat.
Katalanezko beste film batek eraman du Zinemaldiko sari nagusietako bat. Judith Colellek eta Jordi Cadenak zuzendutako Elisa K-rentzat izan da epaimahaiaren sari berezia. Estilo aldetik oso ezberdinak diren bi partetan banatu dute filma bi zuzendariek, haurra zelarik jasan zuen bortxaketa hamalau urtera bat-batean gogoratuko duen Elisaren istorio gogorra kontatzeko. «Eguneroko bizitzan errugabeek jasan dezaketen indarkeria nola erretratatu duen» gustuko izan du epaimahaiak.
Sail ofizialeko filmen artean, tarteka bada ere pertsonaiak euskaraz mintzatzen entzun ahal izan diren film bakarra zuzendu du Jose Maria Orbe donostiarrak, Aita lan arriskatu eta bisuala. Argazkirik onenaren saria jaso du Jimmy Gimferrer argazki zuzendariak, Orberen familiaren etxeko irudiak hartzen eginiko lanagatik. Bent Hamer norvegiarrarentzat izan da gidoirik onenaren saria, Eguberrietako hariak lotutako hainbat ipuinekin ondutako HomeforChristmas filmagatik. Epaimahaiaren agerraldiko gehien eztabaidatutako erabakia izan zen.
Gehiengoz erabakita
Lehiara aurkeztutako lanen maila ona eta aniztasuna nabarmendu zituen epaimahaiak sarien berri eman aurretik, eta sarituen izenak «gehiengoz» erabaki dituztela zehaztu zuen. Daud Aulad-Siad zuzendari marokoarraren A Jamaâ filmari aipamen berezia egitea erabaki zuen epaimahaiak, «konplexutasuna ezkutatzen duen istorio baten sinpletasunagatik».
Sail ofizialeko epaimahaiko kideek agerraldia egin aurretik, beste hainbat sariren berri eman zuten atzo arratsean eginiko agerraldi jendetsuan. Nazioarteko kritikaren Fipresci saria Naomi Kawaseren erditze naturalari buruzko Genpin dokumentalak jaso izanak txaloak baino gehiago txistuak eragin zituen aretoan. Harrera hobea izan zuen Zuzendari Berriak saria Carlos Cesar Arbelaezen Los colores de la montaña lanari emateko erabakiak,baita Horizontes saria Diego Lunaren Abel lanari ematekoak ere.Lunaren lehen filmak Gazteriaren saria ere irabazi du.
Peter Mullanen 'Neds' film soziala saritu du Zinemaldiko epaimahaiak
Urrezko Maskorra ez ezik, gizonezko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra ere irabazi du zuzendari eskoziarraren lanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu