Little Miss Sunshine 2006ko ezustekorik handiena izan zen. Itxura independenteko pelikula txikia zen, asmo handirik gabekoa, baina, azkenean, urteko filmik arrakastatsuena izan zen. Steve Carell eta Greg Kinnear protagonista zituen lan horren atzean, bi zuzendari guztiz ezezagun ziren: Jonathan Dayton eta Valerie Faris.
Itsutu gabe, zuzendari bikoteak gauzak patxadaz hartzea erabaki zuen, eta sei urte pasatu dira haien lan berria aurkeztu duten arte. Ruby Sparks Zoe Kazan aktorearen gidoi batean dago oinarrituta. Filmaketa batetik etxerako bidean zela, Kazanek maniki bat ikusi zuen zabortegian, eta Galatearen mitoa etorri zitzaion burura, Pigmalion bere eskuekin sortu duen estatuarekin maitemindu zenekoa. Abiapuntu horretatik, gidoi osoa idatzi zuen.
Clavin Weir-Fields arrakasta handia lortu duen idazle gaztetxo bat da. Haren lehen nobela erruz saldu da, baina orduz geroztik arazo handiak ditu idazten segitzeko: ez zaio ezer bururatzen. Ez da hori idazle gazteak duen arazo bakarra; izan ere, maitasun kontuetan ere ez dabil oso fin.
Azkenean, pertsonaia berria sortuko du, eta Ruby Sparks izena emanen dio. Sparks erreal bihurtu, eta bizitza konpartitzen hasiko dira. Idazmakinaren aurrean esertzen den bakoitzean, harremana nahi modura moldatzeko aukera du idazleak. Kontua da fikziozko harreman hori errealitatera nola eraman.
' RUBY SPARKS'
Zuzendaria: Jonathan Dayton, Valerie Faris.
Aktoreak: Paul Dano, Zoe Kazan, Antonio Banderas, Annette Bening, Steve Coogan, Elliott Gould, Aasif Mandvi.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2012.
Iraupena: 104 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Pigmalionena egin zuen idazlea
Lehen filmaren arrakastaren ajea pasatuta, 'Ruby Sparks'-ekin itzuli dira Dayton eta Faris
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu