«Pinturak berak eramaten zaitu»

Juan Luis Goenagaren 'Paisaiak' erakusketa zabalduko du bihar Donostiako Ekain galeriak, olioz egindako margolanez osatuaAzkenaldiko lanek «argi gehiago» dute, «beste ordu batzuetan» eginak direlako

Juan Luis Goenaga, atzo, Ekain galerian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Pinturak berak eramaten zaitu. Pinturak bere arazoak dauzka. Ez da literatura. Zer bilatzen dudan nik pinturan? Ez dakit erantzuten. Ni margolaria naiz». Beren lanari buruz hizketan eroso sentitzen ez diren artisten kastakoa da Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950), eta agerian geratu zen hori atzo ere, Donostiako Parte Zaharreko Ekain galerian, artista kazetarekin bildu zenean, bihar zabalduko duen erakusketako lanen berri emateko. Olioz egindako neurri txiki eta ertaineko 30 margolan inguruk osatuko dute Goenagaren Paisaiak erakusketa, azken hilabeteetakoak guztiak. «Orain dela urtebete hitz egin genuen erakusketa hau egiteaz, eta lan guztiak geroago eginak dira». Uztailaren 23ra arte dago zabalik erakusketa.

«Niretzat ez dago aldaketarik», esan zuen Goenagak, erakusketa berriko lanek aurrekoekiko zer aldaketa dakarten galdetu ziotenean. «Argi gehiago dagoela uste dut», ohartarazi zuen hala ere.«Koloreak baino gehiago, argi gehiago. Nahiko monokromoak dira, baina argi gehiago daukate». Argitasun horri ez zaizkio bilatu behar, artistaren ustez, motibo psikologikoak edo afektiboak, horretarako joera dagoen arren. «Pinturak berak eramaten zaitu beste kolore batzuk erabiltzera. Jendeak pentsatzen du afektibitate kontuak edo direla, baina pintura mentala da. Ez dakit nola esplikatu. Olioak klabe batzuk dauzka, eta kolore batzuek eramaten zaituzte beste batzuetara».

Erakusketako margolanak «beste ordu batzuetan» eginak dira, eta horren ondorio da, neurri batean, daukaten argia. «Hemengo paisaia oso iluna dela entzuten ohituta gaude, baina ez da guztiz egia. Ordu batzuetan oso argia da. Gure tradizioan badaude hemengo paisaiak argitasun handiz margotu dituzten pintoreak, Bienabe Artia eta Menchu Gal adibidez. Ordu jakin batzuetan oso argia da hemengo paisaia. Goizetan oso argi matizatua izaten du».

Donostiako leku batzuk ezagutuko ditu ikusleak erakusketako margolan batzuetan, Kontxako hondartza eta kaia besteak beste; basoko irudiak atzemango ditu, beste batzuetan. «Gaiak nahiko topikoak dira; baina beste era batera ukituta». Goenagaren ikuspegitik begiratuta, berdin dio «etxe ondoko paisaia edo urrutikoa» margotu. «Pinturak berak eramaten zaitu. Ni beti orbanetik abiatzen naiz. Berez, koadro guztiak abstraktuak dira. Azkenean paisaia atera arren, behin ere ez dut aurretik marrazten zer egingo dudan». Koadroetan agertzen den natura, edo elementu figuratiboak, «azken-azkenekoak» dira, «gutxienekoa», «aitzakia hutsa».

Eskuekin ez denean, begiekin

Bizitzea eta margotzea bata bestetik bereizi ezinezko bi egintza izan dira beti Goenagarentzat, eta horretan ez dago aldaketarik. «Margotzea beste esku bat bezala da niretzat. Niretzat dena pintura da. Ni beti ari naiz pintatzen, estudioan, kanpoan… eta begiekin bestela». Pintatzea ez da lasaitzeko ekintza bat, ezta hurrik eman ere. «Tentsio izugarria pasatzen duzu, erabakiak hartu behar dituzu etengabe. Noizean behin gozatu ere egiten duzu, ikusten duzunean zerbait, baina… Batzuek esaten dute lasaitu egiten direla pintatzerakoan. Ni ez nau lasaitzen pintatzeak».

Azken boladan olioarekin lanean aritzeak ez du esan nahi beste materialak erabat eta betiko atzenduak dituenik. «Olioarekin ari naizenean, olioarekin. Edo grabatuarekin ari naizenean, grabatuarekin. Edo paperarekin bestela…». Ekain galeriako erakusketaren ondoren,gauza bera baina neurri handiagoetan egiteko gogoa du. «Istorio honetan segitu nahi dut, koadro handiagoetan». Irriz erantsi zuen gero: «Materiala amaitu arte». Hots, etenik gabe. Ume zelarik hasitako ibilbideak ez du etenik, eta ez dirudi puska handi batean izango duenik.

Pablo Picassok esaten zuen bizitza osoa behar izan zuela ume batek bezala margotzera iristeko. «Egia da, arrazoia du», esan zuen Goenagak, esaldi hori gogoratuz. «Askatasun hori lortzeko 50 urte eman behar dituzu gutxienez pintatzen. Horregatik, margolari bikain guztien koadrorik onenak azkenak izaten dira, 80 urterekin edo egindakoak. Ez da broma. Goya, Picasso, Rembrandt, El Greco eta beste askoren kasua da hori. Picassoren azkeneko koadroak, adibidez, sekulako sintesiak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.