Pizgarri bat zaletasunari

2021eko eta 2022ko Gabriel Aresti lehiaketan sarituriko ipuinak jaso ditu Ereinek liburu batean. Karmele Mitxelena, Saioa Alkaiza, Nerea Arruti, Juan Mari Atutxa, Aritz Mutiozabal eta Maite Arrutirenak dira

Ezker-eskuin, Maite Arruti, Juan Mari Atutxa eta Erein argitaletxeko editore Uxue Razkin, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Ikasketak amaitu zituen Leirek, eta merkataritza gune handi bateko arropa denda batean ari da lanean ordutik. Arropak tolesten dituenean, beti egiten du topo bular aldean hari tiratua duen jertse gorri berarekin. Ez du begi bistatik kentzerik lortzen jertse gorri hori, eta hasia da gaztea bere frustrazio puntu gorenera heltzen. Hain justu, horixe du abiapuntu Maite Arrutiren Zer kontatzen ari zara? ipuinak. Gabriel Aresti ipuin lehiaketako accesita lortu zuen iaz narrazioak, eta liburu batean jaso du Erein argitaletxeak oraintsu, beste bost ipuinekin batera.

2021eko eta 2022ko Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazitako ipuinak dira liburu horrek biltzen dituenak. Bi irabazleez gain—Karmele Mitxelenaren Begi urdinak (2021) eta Saioa Alkaizaren Zilbor-hestea (2022)—, accesita jaso duten lau ipuin ere bildu dituzte liburuan: Nerea Arrutiren Lope de Aguirre, traidorea (2021); Juan Mari Atutxaren Mandragorak eta azeri-buztanak (2021);Arrutiren Zer kontatzen ari zara? (2022); eta Aritz Mutiozabalen Harria (2022). Joan den astean aurkeztu zuten liburua, Donostian, eta Arruti eta Atutxa izan ziren bertan, Ereineko editore Uxue Razkinekin batera.

«Gazteek gradua amaitzen dutenean mila ilusio dituztela esan ohi da, mila helburu, mila amets, eta lan mundura irteten direnean, horma batekin egiten dute askotan topo», azaldu zuen Arrutik. «Bada, gazteen lan munduko prekaritatea irudikatu nahi izan dut Zer kontatzen ari zara? ipuinean». Nabarmendu zuen, halaber, narrazioko protagonista den Leire kontziente dela bizi duen prekaritateaz: «Eta horren aurrean zer egiten du? Ezer ere ez. Frustrazioaren aurrean konformatu egiten gara; konformismoa bihurtu da gu eroso egoteko gunea». Hain zuzen ere, hari tiratudun jertse gorriak irudikatzen du, Arrutiren hitzetan, frustrazio hori.

Bitartean, hondartzako kuboaren hondar aleak kontatzen aritzen da etxean protagonistaren aitona egunero, harik eta zenbatekoa galtzen duen arte. «Zertarako nahi duzu jakin zenbat dauden ?», egiten dio galde protagonistak aitonari. Eta aitonak hala erantzun: «Eta berriz ere bete behar izanez gero? Nola jakingo dinat zenbat kabitzen diren?». Arruti: «Aitonaren argudioa absurdoa da berez, baina frustrazioaren aurrean ilusio izpi bat sortzen dio protagonistari».

Hurbilekoa inspirazio

Hala azaldu zuen Arrutik zerk bultzatu zuen ipuina idaztera: «Nire lana dela eta, laugarren hizkuntza eskakizuna atera behar izan nuen, eta, horretarako, urte oso bat pasatu nuen idazlanak egiten. Horrela zaletu nintzen idaztera. Behin eskakizuna aterata, pentsatu nuen nire artean: 'Orain ez dut gehiago idatzi behar?' Gustua hartu nion, eta jarraitu nahi nuen horretan». Baita egin ere. Zer kontatzen ari zara? da horren emaitza.

Ez du urrutira jo idazleak istorioa sortzeko garaian. Izan ere, ezagun duen egoera bat du oinarrian: bere alaba zaharrenarena, hain zuzen. «Ez da nire alabaren egoera zehatza, baina merkataritza gune handi bateko arropa denda batean ari da lanean karrera amaitu zuenetik. Horixe izan nuen inspirazio iturri».

Atutxak ere antzeko hautua egin zuen; ezagun zuenaren gainean idaztea, alegia: «Beti saiatzen naiz ezagutzen dudanari buruz idazten, gertu dudanari buruz. Nik ez dut ezagutzen New York; bada, nik hangoari buruz ezin dut idatzi». Gorbeia mendiaren magalean (Bizkaia) hazitakoa da bera, landa eremuan, eta bertan girotu du Mandragorak eta azeri buztanak narrazioa, 1930eko hamarkadatik 1950eko hamarkadarako epean, zehazki.

Izenburuak biltzen dituen bi elementuen inguruko azalpena eman zuen, lehen-lehenik, bere hitzartzean: «Mandragora hitza zerbait ugalkorra edo zerbait emankorra dela dio Itun Zaharrak, eta azeri buztana, berriz, Euskal Herriko landa giroko eremuetan hustasunari esaten zaio, daukaguna kentzeari».

Etxea jarri du istorioaren oinarrian, haren hitzetan, irudikatzeko etxeak landa giroan duen garrantzia: «Etxea da dena: da janaria, da ekonomia, da ideologia eta kultura. Irudikatu nahi nuena zera zen: landa giroan etxeari iraupen bat ematea ez dela Itun Zaharrean mandragoren kontzeptuarekin saldu diguten bezain erraza».

Esker onez mintzatu zitzaien Atutxa argitaletxeari eta Bilboko Udalari: «Pozik nago, sariketa honek piztu baitit gogoa etenda neukan bide bati berriro heltzeko». Bat dator harekin Arruti: «Idaztea ofizio ez dugunoi, baina bai afizio, sariketa honek ematen digu pizgarri bat egiten dugunak zerbaitetarako balio duela sinesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.