«Pizkundearen bizipoza» nabarmendu zuen Anjel Lertxundik, Jose Ariztimuño Aitzol eta Euskal Pizkundearen omenezko ekitaldiak iragartzeko Tolosako udaletxean egin zen ekitaldian irakurri zuen aldarrian. «Bizipoz hura da gogora ekarri nahi duguna», adierazi zuen idazleak. «Euskarari, euskal kulturari eta arteari oro har sekulako bultzada eman zion oparoaldi hura dugu ospakizun. Motibo ugari ditugu gaurko lorpenak ispilu hartan begiratzeko». Gaur eta bihar egingo dira Tolosako Udalak eta Euskal Herriko 17 eragilek Aitzolen eta Euskal Pizkundearen omenez antolatutako ekitaldi sortako lehenak.
«Euskararentzat nahi zuten etorkizun hobe baten esperantza hark asaba zaharren baratza edo bide berriak edo noranahikoa bezalako espresioak utzi dizkio gure kultur memoriari», dio Lertxundik idatzitako aldarriak. «Asaba zaharren baratza abandonatu gabe bide berriak egiteko, euskarak noranahikoa behar zuela izan ulertu zuten —eta lortu— Pizkundeko gizon-emakume haiek».
Ramon Labaien idazle eta politikari ohia ere mintzatu zen ekitaldi hartan, zuzeneko lekukotasunak emanez. Haren aita, Antonio Maria Labaien, Euskal Pizkundearen protagonistetako bat izan zen, eta, horri esker, artean haurra zela, haien bilera eta ekimenen lekuko zuzena izan zen. Euskal Pizkundearen giroan, Aitzol izan zen «indar nagusia», Ramon Labaienen ustez. «Hark astintzen zituen astindu beharrean zirenak».
Mutil koxkorra zela, Ramon Labaienek ez zuen oso gogoko Aitzol: «Aitortu behar dizuet mutil koxkorra nintzela ez nuela batere maite Aitzol. Gure etxera azaldu eta besoetan hartzen ninduenean, hura ez zen besarkada bat, baizik itotze bat». Baina Aitzolen heriotzaren albisteak lur jota utzi zuen: «Bere fusilamenduaren berria etorri zitzaigunean Ziburura, lur jota, samurtu nintzen bai, eta une berean, bizitza gogortu zitzaidan segur aski, gerlako umeak ziren guztioi gertatu zitzaien bezala».
Euskal Pizkundea bultzatu zutenak «hurbiltasun handi batean» bizi ziren, Labaienek oroitzen duenez. «Bata bestearekin lagunak, betirako izaten diren lagun motakoak». Baina ez zioten horregatik beren artean eztabaidatzeari, eta are haserretzeari ere, uko egiten. «Maitasuna pasio bihurtzen denean… Aitzol eta Lizardi ez zirela ados etortzen euskarari zegozkion gaietan; Orixe tipo zakarra zela, batzuetan ulertezina, mistikoa eta beti zerbaitekin edo norbaitekin maitemindua. Baina beti sortzaile aberatsa. Denak helburu berberarekin, Euskal Herriaren pizkundea, alor guztietan».
Tolosan, presentzia handia
Euskal kultura bere adierazpide guztietan sustatu eta indartzeko ahalegina egin zuen Euskal Pizkundeak, XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarraldietan batez ere. Tolosarrak izan ziren mugimenduaren eragileetako asko, edo Tolosan jaioak ez izan arren han edo inguruetan bizi zirenak bestela. Euskal Pizkundearen giroak, horrenbestez, presentzia berezia izan zuen Tolosan.
Haritz eta ohol hitzak batuz osatu zuen Aitzol ezizena Jose Ariztimuño Olasok. Euskal Pizkundearen mugimenduaren barruan itzal handia izan zuen, batez ere 1930ean Jose Mari Agirre Xabier Lizardi olerkariari euskaltzaleak erakundearen buruzagitzan erreleboa hartu zionez geroztik.
Literaturaren arloan, Aitzolek gertutik ezagutu zituen garai hartako olerkari nagusien lanak —Lizardi, Lauaxeta, Orixe eta besterenak—, baita gogotik sustatu ere, Olerti Jaiak antolatuz eta jai horietako lanak argitara emanez, olerkarien poemei zein poema liburuei buruzko komentario kritikoak eginez eta abar. Aitzolek bultzatu zuen Orixe, horretarako diru laguntza jasota, Euskaldunak poema idaztera, Mireio eredutzat harturik, Frederic Mistrali 1904an Nobel saria irabazteko balio izan zion obra.
Bertsolaritzaren sustatzaile lanetan, 1935ean Donostiako Gran Kursaal antzokian jokatutako txapelketaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen Aitzol, epaimahaikide lanetan aritzeaz gain. Basarri izan zen irabazlea. Hurrengo urtean Viktoria Eugenia antzokian jokatu zen txapelketa, eta Txirrita izan zen garailea. Baina 36ko gerrak errotik ebaki zuen bertsolaritza arloan hasitako bidea, beste arlo guztietakoa ebaki zuen modu bortitz berean.
Faxisten altxamendua hasi zenean, Belokeko beneditarren komentuan bilatu zuen babesa Aitzolek, beste hainbat errefuxiatu politikorekin batera. Guda Francoren aldekoek irabazi zutela etsita, bake akordioa iristeko ahaleginak egin zituen, baina ez zuen ezer lortu. Ahalegin horiek fruiturik ematen ez zutela ikusirik, Bilbora sartu eta Euzko Jaurlaritzaren zerbitzuan jartzea erabaki zuen, baina Galerna itsasontzian Pasaiatik pasatzean preso hartu, eta Ondarretako kartzelan sartu zuten (Donostian), beste hainbat burkiderekin batera. Torturatu egin zuten lehenik, eta fusilatu ondoren, Hernaniko hilerrian.
@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero: www.euskalpizkundea.net
Pizkundearen bizipoza gogoan
Aitzol eta haren garaiko kultur mugimendua omenduko dituzte gaur eta bihar TolosanEuskal Herriko 18 eragile elkartu dira urte osoan ekitaldiak antolatzeko, jaiotzaren 115. urteurrena eta fusilatzearen 75.a oroituz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu