‘Qui som?’
Konpainia: Baro d'evel. Egileak: Camille Decourtye, Blai Mateu Trias. Dramaturgian laguntza: Barbara Metais-Chastanier. Eszenografia, arropa: Lluc Castells. Argiak: Cube, Maria de la Camara. Soinua eta musika: Fanny Thollot. Musika eta konposizioa: Pierre-Francois Dufour. Lekua: Quintaou antzokia, Angelu. Eguna: Maiatzak 9.
Zorionekoak gu Baro d'evel konpainia franko-katalanak 2024ko Avignongo jaialdirako ondutako Qui som? (Nor gara?) ikusteko aukera izan dugulako. Hiru emanaldietan mukuru bete dute Quintaou antzokia, eta ez udatiar jendearekin preseski. Bistan da Euskal Herrian publikoa egon badagoela eta sold out txartela jartzea ez dela zaila antzezlanak goi mailako kalitatea badu. Ondo baino hobeto dakite hori Frantziako Scene Nationaleko antzokien sarean, eta baita koprodukzioan aritzen ere, inbertsio handia eskatzen duten ikusgarriak sortzen laguntzeko, alegia. Qui som? antzezlanerako 25 ekoizle baino gehiago zenbatu ditut, Bartzelonako El Grec jaialdiaz gain. Eta nago, hainbeste partaide publikoren esku hartzea eredugarria izan daitekeela euskal teatroa onenen artean egotea nahi bada. Zergatik ez?
Eszenatokiaren belztasunean, zeramikazko bi ontzi ilarek peristilo greziar baten itxura ekartzen digute burura. Kontua da ontzi horietako bat apurtu egiten dela eta berri bat egiten saiatuko dela aktore bat. Buztinaren malgutasunari esker itxuratu eta desitxuratuko da objektua, publikoaren gozamenerako. Hortxe lehenbiziko irakaspena, tituluaren galderarekin kontrastean: Gogoratu gizakiaren sorrera —esaterako Adam, Endiku eta Kmun— material horri zor diogula mitologia ezberdinen arabera, eta, hartara, gure espeziea gauza dela bere burua zein ingurukoa sortu, birsortu, moldatu eta birmoldatzeko.
Okzitaniako Tolosako inguruetan egoitza duten artista hauen lana definitzeko «zirku-teatro» esamoldea erabili izan da usu. Baina oso eskasa eta nahasgarria suertatzen da Baro d'evelen lana deskribatzeko. Taldearen estiloa askoz hobeto dator Wagnerrek asmatu zuen Gesamtkunstwerk (Arte totala) esapidearekin, zeren Qui som? obran musika, dantza, poesia, pintura, eskultura —kasu honetan zeramikazkoa— eta arkitektura —kasu honetan eszenografikoa— batzen baitira, hamahiru antzezlek sostengatuta.
Umorez zein lirikotasun malenkoniatsuz nahasturik eskaini dizkigute kultur erreferentzia mordo laburtezina. Batzuk baino ez dizkizuet aipatuko: Charloten eta Buster Keatonen akrobaziak, clown keinu-teknikak, Godoten esperoan-en umea, Greziako irudi gorrien eta beltzen zeramika, 1930eko hamarkadako Skippy txakur aktorea, Momix eta Philippe Gentyren ilusionismoa, zein pop artearen ikonoa den Micky Mousse.
Musika barrokoa eta garaikidea txandakatu dira, emozioen aldaketarako lagun. Aipamen berezia merezi du soinu bandak, batez ere itsasoaren erresaka irudikatu digutenean plastikozko botilatxoen bitartez. Beste aipamen berezi bat ikuskizunaren erdialdetik aurrera protagonismoa hartzen duen eszenografiaren plastikozko elementu nagusiarentzat, posidonia-meta marroi eta erraldoia ematen duena, ozeanoko mamu erraldoi mehatxagarria, antzezleak jan eta okaztatu dituena, harik eta murru bertikal bihurtu den arte. Une horretatik aurrera plastikoak eta kezka ekologikoak bete dute gure pentsamenduen erdigunea.
Hitz gutxikoa izan arren, Qui som?-ek taxuzko galderak planteatu dizkigu: Zer egingo dugu? Nolakoa izango da munduaren segida? Nola moldatuko gara ziurgabetasun hau zeharkatzeko? Ezer gertatuko ez balitz lez jarraituko dugu rave zoroan? Galderekin batera, baieztapena: Etorkizuneko paisaia norberaren barne paisaia izango da. Kontzientzia hartu, eta zerbait egin. Guztiz asmatzen ez badugu ere. Amaitzeko, kanpora atera ziren antzezleak, kalejira brechtiar baten antzera, eta ikusleok ez genuen etxera joan nahi. Free Gaza (Gaza askatu) eta Siami tutti antifascisti (Izan gaitezen denok antifaxistak) irakurtzen zen zabaldu dituzten horma irudietan. Zirkua? Bai, zera!