Plateruena berria, begiztatuta

Hilabeteetako prozesu kolektibo baten ondoren, 'Plateruena eta gero zer?' dinamikak Durangoko antzokirako proiektua ondu du. Kultura «kontrahegemonikoan» ardaztuko da

Durangoko Plateruena antzokia, iazko urrian, itxi berri zutela. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Durangoko (Bizkaia) Plateruena antzokia ixteko erabakia hartu zuten bazkideek 2020ko irailaren bukaeran, hamasei urteko bidearen ondoren; alabaina, proiektua berpizteko asmoz, herritar talde bat biltzen hasi zen urrian, eta2021eko urtarrilean berriro izan zen hizpide aretoa, hura berreskuratzeko helburu zuen Plateruena eta gero zer? dinamika aurkeztu baitzuten. Hilabeteetako prozesu kolektiboan ondorioztatutakotik proiektu bat ondu dute plataformakoek: 22 elkarte eta erakunderen, 34 kulturgileren eta saio irekietan parte hartu zuten 82 lagunen ekarpenekin osatu dute Plateruena berria izango denaren hezurdura.

HUTSUNE BATEN BETEGARRIA

Plateruena zaharra itxi ondoren eta berriari ekin aurretik, Durangoko kulturgintzaren inguruko diagnostikoa abiatu zuen dinamikak, eta parte hartze prozesuan biribildu zuten azterketa. «Durangon indarguneak eta aukerak baditugun arren, ondorioztatu dugu Plateruenak hutsune bat utziko duela eta ase gabeko beharrizanak ditugula».

Horiek horrela, ezinbestekotzat jo dute gune fisiko bat izatea, diziplina ezberdinetako sortzaileak batu eta elkar aberastu daitezen, herritarrek kulturgintzan parte hartzea eskurago izan dezaten, kultur eragileek eta erakundeek udalerriarentzat eta eskualde osoarentzat kalitatezko kultur programazio bat eskaintzeko eta koordinazio zentro bat izan dezaten. Kultur azpiegitura eta haren kudeaketa «publiko komunitarioa izateko beharra» azpimarratu dute, orobat: «Erakunde publikoetatik apustu sendoa egin beharko litzateke». Era berean, herriko beste gune «erreferentzial» batzuekin elkarlanean aritzeko intentzioa adierazi dute, horretarako kultur mahai bat sortuz, kultur egitaraua jarraitutasunez eskaintzen duten Durangoko guneak eta Udaleko kultur teknikariak eta kultur zinegotziak bilduko lituzkeena.

KULTURAN BERMATUA

Kulturaren sustapena ezarri dute antzoki berriaren «helburu nagusi» gisa. Hala, asmoa dute Plateruena berria, erakusleiho ez ezik, lantegi ere izan dadin, proiektuen emaitzei leku emateaz gain, horien sorkuntza prozesuak garatzeko ere tokia eskainiz. «Kultur areto gehienetan, sorkuntzaren azkenengo fasea erakusteko aukera izaten da», dinamikaren arabera, «baina sormen lana garatzeko gune falta nabarmena dagoela azpimarratzen dute Durangaldeko sortzaileek».

Jomuga horrek bultzatu ditu hausnartzera ostalaritzak plan berrian izango duen pisua, haren eta kulturaren arteko harremana uztartzea «zaila» dela ondorioztatu baitute Plateruena zaharra kudeatzen egindako urteetatik. Horrenbestez, erabaki dute astelehenetik ostiralera kultura sortzeko gunea izango dela antzokia, eta taberna «osagarri» bat baino ez dela izango.

EUSKARA SUSTATZEA XEDE

Sorreratik, egitasmo euskaltzale bat izan zen Plateruena, eta aurrerantzean ere beste horrenbeste izaten segi dezan nahi dute: «Euskarazko funtzionamendua izango du, eta ulertzen ez dutenei tresnak emango dizkie, eta eroso sentiaraziko ditu». Euskara izango da nagusi bai kanpo komunikazioari dagokionez —kartelak eta sare sozialetako argitalpenak, esaterako, euskara hutsean helaraziko dira, hizkuntza gutxituetan eginiko ekitaldienenak salbu—, bai barneko komunikazioan ere —langileen arteko harremanetan, adibidez—. Hizkuntza gutxituen arteko «zubiak» eraikitzeko asmoa dute, hiztun horiek euskarara erakartzeko: «Esfortzu berezia egingo dugu ongietorriak senti daitezen».

HEGEMONIAREN KONTRA

Kultura ulertzeko moduari dagokionez, bi irizpide zehaztu dituzte dinamikakoek: batetik, Euskal Herria izango dela haien «marko naturala», eta, bestetik, kultur proiektu «kontrahegemonikoa» dutela jomuga. «Jendartea klase sozialetan banatuta dago; gizartea patriarkala da, eta Euskal Herria kulturalki zapalduta dago», diotenez. Honela deskribatu dute hegemonia kontzeptua: «Egoera egonkortzea bermatzen duten aparatuek sortzen duten errealitatea ulertzeko modua».

Hegemoniak kultur sorkuntza eta kultura kontsumitzeko modua «baldintzatzen» du, dinamikakoen hitzetan, eta, beraz, «merkatuko logiketatik kanpo» arituko dira. Programatzean ere aintzat hartuko dute irizpide hori: «puntako» taldeez gain, bertako taldeak eta hasiberriak ere lehenetsiko dituzte, eta, «oro har, balio kontrahegemonikoak sustatzen dituzten kultur lanak» erakutsiko dituzte: «hau da, euskarazkoak, kolektibo zapalduenak eta gizarteari kritika egiten diotenak», besteak beste.

TRANSMISIO HORIZONTALA

Etorkizunean ere parte hartze kolektiboa bermatzeko, hainbat mekanismo ezarriko dituzte Plateruena berrirako. Herritar guztientzat irekiak izango diren bilera orokorrak egingo dituzte urtean bi aldiz: ikasturte hasieran eta bukaeran. Multzo txikiagoek osatuko dituzte talde eragilea eta talde eragile zabala. Hamar lagunek parte hartuko dute lehenengoan, eta hori izango da erabakitzeko gune nagusia. Bigarrenak 25 bat kide izango ditu, eta antzokiaren jardunaren norabidea zehaztu, eta jarraipena egingo du. Gainera, zikloen eta egitarauaren antolaketan lan talde bana arituko da. Boluntario sare bat eratzea ere aurreikusi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.