Taldeak aurretik grabatutako zortzi kantu eta hiru kantu berri jasotzen ditu Ken Zazpi taldeak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Fernando Velazquezek zuzenduta, elkarlanean grabatu duten diskoak: Hegoak astindu, Gernikan, Bihotz, Noizbait, Hel nazazu eskutik, Itsasoa gara, Ilargia, Oinutsik, Haizea, Zapalduen olerkia eta Gereziondoa. Elkar diskoetxeak plazaratu du grabazioa.
Taldeak eta orkestrak abenduan aurkeztuko dute diskoa zuzenean, bost kontzerturen bidez, EOSen KlasikAT zikloaren laugaren aldian: abenduaren 3an, Donostiako Kursaal auditoriumean; abenduaren 4an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; abenduaren 5ean, Bilboko Euskalduna jauregian; abenduaren 12an, Gasteizko Principal antzokina; eta abenduaren 13an, Donibane Lohizuneko Jai-Alai frontoian.
Ken Zazpiko musikarientat esperientzia berria eta zaila izan da diskoaren grabazioa, baina emaitzak merezi izan duela adierazi du Eñaut Elorrietak, taldeko kantariak.
Hala taldeko musikariek nola orkestrakoek, denek, nork beretik zerbait utzi behar izan dute, lan kolektiboaren emaitza hobea izan dadin, baina “eskuzabaltasunez” jokatu dute, Eñaut Elorrietak eta Fernando Velazquezek azaldu dutenez. “Une batzuk ez dira errazak izan”, Elorrietak azldu duenez, baina une zailei aurre egiten asmatzeak emaitza aberastu duelakoan dago. “Kantu batean diogun bezala, hil egin behar da gero indarberrituta birjaiotzeko”.
KlasikAT zikloaren barruan, aurretik, Michel Camilo eta Kepa Junkerarekin aritua da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, eta Ken Zazpirekin batera egindako elkarlanaren bidez pop-rockaren eremura zabalduko du bere eskaintza. KlasikAT zikloari ekin aurretik ere beste arlo askotako musikariekin aritua da EOS: Mike Oldfield, Jorge Drexler, Joan Manuel Serrat, Emilio Aragon, Mikel Laboa eta Benito Lertxundirekin, besteak beste.