Poeta baino, eroa eta suizida

Elise Cowenek literatur obra aberatsa eta sakona sortu zuen, 'beat' mugimenduko beste hainbat emakume idazlek bezala. Haien ahotsak, baina, isilarazi egin zituzten garaiko aditu eta kritikariek.

Elise Cowen idazlea, artxiboko argazki batean. BERRIA.
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Ezin dut esan emakume bikain asko ez zirela aintzat hartu nire garaian, baina bai esan dezaket apartak izan zitezkeen emakume asko hil edo zoratu egin zirela (...) Batzuek gaindosia jasan zuten, eta beste batzuk erotu egin ziren, eta nirekin Villagetik zebilen emakume bat gurasoek hil zuten 1953an, elektroshock tratamendua egin ziotenean... Ez dut kasu jakin batzuez gaizki esaka aritu nahi, baina espetxeratzearen edo heriotza goiztiarren mehatxua onargarria zen». Diane di Prima beat idazlearen hitzak dira.

Di Primak aitatzen ez duen kasu ezagunenetako bat Elise Cowen (19331962) beat poetarena da. Cowenen biografia bi konturengatik da nagusiki entzutetsua: batetik, tarte batez Allen Ginsberg olerkariaren maitalea izan zelako, The Howl olerkiaren egilea Peter Orlovkyrekin maitemindu zen arte; eta, bestetik, bere buruaz beste egin zuelako psikiatrikotik alde egin ondoren, 28 urte zituela. Halere, eta ikuspegi estu horretatik harago, zeinak zantzu heteropatriarkal nabarmenak erakusten dituen —emakumea musa, amorante edo emazte gisa kokatzen baitu—, Cowenek literatur obra aberatsa eta sakona sortu zuen, beste hainbat beat emakume idazlek bezala (Joyce Johnson, Carolyn Cassidy, Hittie Cohen...); Ginsberg, Jack Kerouac eta William S. Burroughs hirukoak jositako abangoardiako corpusaren zoritxarrerako.

Beat emakumeek AEBetako 50eko eta 60ko urteetako gizartearen balio tradizionalak ukatzeko, bestelako bizitzak bizitzeko eta idazki urratzaileak idazteko grina erakutsi zuten. Hartara, familiatik, materialismotik, kontsumismotik eta genero rol zurrunetatik askatzen ziren emakumeak, baina larrutik ordaintzen zuten, gizonek, sarritan, aitortza jasotzen zuten bitartean; beat mugimendua, hain justu, masa fenomeno bihurtu zen lehen kontrakultura eta literatur abangoardia izan zen, foku mediatiko eta soziala gazte kulturan jarriz.

Emakumeek, baina, New Yorkeko eta San Frantziskoko apartamentu zikinetan esperimentatzen zuten eta taberna zuloetako poesia saioetan parte hartzen zuten, adituek eta kritikariek beren ahotsak isilarazi zituzten arren. Horiek horrela, beat emakumeak eta beren obrak 90eko hamarkadatik aurrera egindako ikerketen bidez ezagutarazi ziren. Horrekin batera, mugimenduak agertutako feminismoaren eragina onartu zen, feminismoaren bigarren olatuaren aitzindaritzat jotzen baita. Feminismo horren ezaugarri nagusia identitate femeninoaren esperientzia eta bestelako feminitateen berreraikuntza dira.

Mamuaren misterioa

Harira. Cowenen ibilbidea muturrekoa da. Bere biografiako hainbat datu azaleratu dira, nahiz eta fikziozko bizitza dirudien, ez baitzuen aukerarik izan bere memoriak idazteko, garaikide zituen hainbat emakume idazlek hamarkada batzuk geroago egin zuten moduan.

Hala, mamu itxurako mito bilakatu zen Cowen. Bizirik zegoela ez zuen deus argitaratu, eta bere ondare zatikatu, amaitu gabe eta lausoa —91 poema baino ez eta gutun bakan batzuk—, ezin izan da osorik irakurri 2014ra arte; hau da, Tony Trigiliok Elise Cowe: poems and fragments (Elise Cowe: poemak eta puskak) bilduma editatu zuen arte. Dirudienez, familiak hainbat kaiera desagerrarazi zituen beren eduki lizunak tarteko. Horiek horrela, mitoak obra ezereztu zuen.

Bada, emakume poeten lanak plazaratzen espezializatutako Coleccion Torremozas argitaletxeak, Trigilioren edizioan oinarritutako Dejadme salir, dejadme entrar (Utz iezadazue irteten, utz iezadazue sartzen) poema-liburua plazaratu du, ele bitan, ingelesez eta gaztelaniaz.

Isabel Castelao-Gomezek itzulia eta iruzkindua, sekulako aukera da Cowenen unibertsoan sartzeko, hala itzulpenen kalitateagatik, nola idazlearen inguruko sarreragatik eta poemen iruzkinengatik, azken horiek ezinbestekoak baitira idazlearen obra poetikoaren konplexutasuna ulertzeko eta gozatzeko, zeinetan eromena eta beldurra espiritualtasunarekin eta maitasunarekin uztartzen diren.

Distira handiko ahots poetikoa da Cowenena, bere autoretza irreala den arren, hil ondotik, testu guztiak beste norbaitek galbahetu baitzituen, behin eta berriz. Egile umila eta ahula, baita esperimentala eta esperientziala ere, askotariko gaiak irudikatzeko ahalmena zuen, besteak beste, egunerokotasuna, sexu-anbiguotasuna, identitatea, drogazaletasuna edo literatura bera, zeinak «ortzadar atomikoak» eragiten dituen.

Zorotasun femeninoa

Aliseren ekarpen handienetako bat da gaixotasun mentala beat literaturan ikusaraztea, baina ikuspegi femeninotik abiatuta. Gerra Hotzeko errepresio-politikaren, baliabide ekonomiko eskasen eta drogen ondorioz, buruko nahasmenduak oso ohikoak ziren beat kideen artean. Hori dela eta, idazle batzuk psikiatrikoetan izan ziren; esaterako, Allen Ginsberg, zeinaren amak ere burua galdu baitzuen —Naomi Ginsberg, 1920ko hamarkadako aktibista komunista eta bohemioa—. Gizonezko idazleek, baina, zoramena mitifikatu zuten, bai eta beren literatura eta bizi ikuspegian txertatu ere, azkenik, zoramenarekiko kultua sortzeko.

Emakumeen kasuan ez zen horrelakorik gertatu, beren kasuan paradigma aldaketa askoz bortitzagoa izan baitzen: 50eko eredu identitarioak —ama eta etxekoandre— abandonatu behar izan zituzten, eta, hori dela eta, ondorio lazgarriagoak jasan zituzten.

Isabel Castelao-Gomezen arabera, «Cowenek ez du krisi mentalaren ondorioz edo krisi horretatik idazten. Nahiz eta nahasmendu hori izan, idazketa bizirauteko eta eraldatzeko sormenezko egintza bihurtzen du. [...] Lengoaia poetikoa erresistentzia-kanal bihurtzen da».

Cowen 1962. urtean ospitaleratu zuten New Yorkeko Bellevue ospitalean, hepatitisa eta psikosia tratatzeko, besteak beste, heroinak eta metafentaminak, familiak eragindako depresioak eta histerektomiak bere lana fin-fin bete ondotik. Medikuen esanei muzin eginda, ospitalea utzi zuen, gurasoen apartamentutik salto egiteko. Zazpigarren pisu bat. Idatzi zuen azken poema, seguruenik autorearen ezagunena, honela hasten da: «Maitasunik gabe/ Errukirik gabe/ Adimenik gabe/ Edertasunik gabe/ Apaltasunik gabe/ Hogeita zazpi urte nahikoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.