Poeta erdaldunaren zorrak

Erdalduna izanik, erdaraz egin zituen bere lan guztiak, baina euskararekiko «zorra» agertu zuen bere idatzietan Blas de Otero poetak. Mende bat bete da jaio zenetik.

Blas de Otero eta Sabina de la Cruz senar-emazteak, 1974ko irudi batean. Oteroren alarguna haren obraren ikertzaile eta aditua da gaur egun. EFE.
Ander Perez Argote
2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Eeuskal Herriko XX. mendeko poeta erdaldunen artean, sona berezia dute Blas de Oteroren (Bilbo, 1916 - Majadahonda, Madril, 1979)izen-abizenek. Orain gutxi bete da haren jaiotzaren mendeurrena, eta, efemeridearen inguruan, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte Bilboko Udalak eta Blas de Otero fundazioak. Horietako batean, olerkari bilbotarrak 1970ean idatzitako Historias fingidas y verdaderas lanaren itzulpena aurkeztu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak, martxoa hasieran: Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak. Militante komunista zelarik Kubako iraultzak liluratuta Karibeko uhartean izandako urteetan idatzi zuen Oterok liburua, 1960ko hamarkadaren azken zatian. Ordurako, itzulpenaren argitaratzaileek Bilboko aurkezpenean adierazi zutenez, olerkariak bazekien minbizia zuela. «Gaixotasun horren ondorioz gertuago ikusi zuen heriotza, eta azken urteetan ugaritu egin zuen bere poesia lana».

Itzulpenaren harira egunkari batek bere edizio digitalean argitaratutako albistean, iruzkina paratu du erabiltzaile batek: lana euskarara ekarri ostean, poetak Bilboko Egaña kalean duen bustoari begiratu, eta «pozago» ikusi duela dio irakurleak. Berandu da hori jakiteko, inork ezin baitio honezkero Oterori galdetu, baina, bizi zelarik euskararekiko erakutsi zuen jarrerari erreparatuta, akaso bai, akaso pozago dago orain Egaña kaleko eskultura.

Aurretik ere izan dira euskarara ekarriak Oteroren olerki batzuk, baina itzulitako lehen liburu osoa da Urrutiak euskaratu eta Bilboko Udalak argitaratu duena. 1960tik 1962ra, poetaren 29 olerki euskaratu zituen Gabriel Arestik, eta Egan aldizkarian argitaratu, tarteka. Hamarkada bat geroago, bi poema itzuli zituen Sabin Muniategik Karmel aldizkarian, eta beste bat aurrerago, Zer argitalpenean. Geroxeago, Oterok Arestiri bere heriotzan egindako poema euskaratu zuen Miel Anjel Elustondok, eta, orain, poetaren jaiotzaren mendeurrenaren, beste hamabost olerki ekarri ditu gurera Koldo Izagirre idazleak. Armiarma.eus atarian jarri dituzte irakurgai, gainerakoekin batera.Urrutiaren itzulpenak, orain, beste ale bat gehitu dio Oteroren lan euskaratuen bilduma urriari, eta, neurri batean behintzat, itzulpen eskasia apaldu.

Akaso horregatik legoke pozik Otero. Ez zuen euskara ikasi, ez familian, ez gerora ere, baina hutsune haren tristura eta hizkuntzarekiko zorra nabarmendu zuen bere idatzietako batzuetan. Horien artean ezagunena da 1968an Lourdes Iriondori eskainitakoa, Euskera egin dezagun izenez argitaratua, eta Koldo Izagirrek Euskeraz egin dezagun izenez berriki euskaratua. Hizkuntza ebatsi izana salatu zuen autoreak poema hartan, eta «herentzia» itzultzeko eskatu. 2002an elkarrizketa luzea egin zion Euskonews atariak Sabina de la Cruz Oteroren alargun eta haren lanaren ikertzaileari. Han esan zuenez, Iriondori eskainitako poema hura «Euskal Herriaren aldeko aldarrikapena» izan zen, Euskal Herria «[frankismoaren] kontrako borrokaren buruan baitzegoen» orduan. Gehiago ere bazioen de la Cruzek Oteroren euskalduntasun zapuztuaz: «Blasek [Oterok] euskaldun izatearen kontzientzia Gabriel Arestirekin izandako laguntasunaren ondorioz hartu zuen. Arestik euskara ikasia zuen Bilbon, eta Blasek inbidia handia zion hark euskaraz zekielako eta berak ez». De la Cruzen arabera, gainera, euskarak Oteroren gaztelaniazko idazketa baldintzatu zuen, euskaraz ez jakin arren.

1936ko gerra aurretik Lauaxetarekin izan zen harremanetan, Bilboko ALEAtaldean, eta 1960ko hamarkadan, Arestirekin bezalaxe, Koldo Mitxelenarekin ere izan zituen harremanak. Garai hartako euskal artistekin ere ibili zen —hilabetez bizi izan ziren de la Cruz eta bera Oteizarekin, Arantzazun—, eta haren poemetan ohikoak ziren Lizardi, Lauaxeta, Etxepare eta beste euskal autore batzuen aipamenak. Euskararekiko sentitzen zuen «zorra» kentzeko modua, nonbait, de la Cruzek BERRIAri behin aitortu zionez.

Poesia sozialaren ikurra

Bilboko familia aberats batean jaio zen Otero. Aita enpresaria zen, eta oparotasuna eskuratu zuen I. Mundu Gerra garaian, Espainiaren neutraltasuna zela medio. Gero, ordea, porrot egin zuen negozioak, eta Madrilera emigratu zuen familiak. Anaia bat hil zitzaion han Oterori, eta aita handik gutxira, eta Bilbora itzuli zen amarekin eta arrebekin. Han zegoela piztu zen 1936ko gerra: euskal batailoietan aritu zen aurrena, eta, gero, Bilbo erori ostean, matxinatuak zerbitzatu zituen Valentzia inguruan.

Katoliko sutsua izan zen gaztaroan, eta horren arrastoak suma daitezke hasierako lanetan. Geroxeago, ordea, jainkoa eta marxismoa ordezkatu zituen. 1952tik aurrera izan zen hori, Parisen PCEko zuzendaritza erbesteratuarekin kontaktuan hasi zenean. Gero, herrialde komunistetan ibili zen, SESBen eta Kuban, batik bat. Lumara eraman zuen kontzientzia politikoa; are, XX.mendeko poesia sozialaren ikurtzat du askok. 1979an hil zen, 63 urte zituela. «Ez zen hiltzeko adina», de la Cruzek dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.