Euskal poesia modernoa Gabriel Arestiren Harri eta Herri-ren eta Bernardo Atxagaren Etiopia-ren arteko urteetan gorpuztu zen, hots, 1964tik 1978ra bitarteko 14 urteetan, eta prozesu horretan gaur egun «behar baino ahaztuagoak dauden poeta askok hartu zuten parte», Beñat Sarasola BERRIAko kritikariak atzo adierazi zuenez, Eako Poesia Egunetan egin zuen hitzaldian. Mikel Lasa, Ibon Sarasola, JosAnton Artze, Amaia Lasa eta Arantxa Urretabizkaia aipatu zituen Sarasolak, baina horiekin ere zerrenda ez dagoela guztiz osatua eta itxia ohartarazi zuen. Idazle eta editore ugari zen entzuleen artean, eta gaiaren inguruko debate gehiagoren beharra agerian utzi zuen debate laburra sortu zen hitzaldiaren amaieran.
Hitzaldia gehiegi luzatzeko beldurrez, poeta horietako hiruri buruz baino ez zen mintzatu Beñat Sarasola: Mikel Lasa, Ibon Sarasola eta JosAnton Artze. Tamariza eta pikondoa liburuan, 1967an, Lasak «ordura arte beste ezein poetak baino hobeto jaso zuen modernitatearen gogo egoera», Sarasolaren ustez. Lasaren poesiako gogogabetasuna, asperdura eta kausa jakinik gabeko tristura existentzialismoarekin lotu izan badira ere —garaian hark zuen indarra dela eta—, Charles Baudelaireren spleen-arekin harreman estuagoan ikusten ditu joera horiek kritikariak.
Ibon Sarasolaren poema liburu bakarrean —Poemagintza, 1969— modernitate poetikoaren hainbat ezaugarri agertzen dira,haren garaikide diren poeten lanetan agertzen ez direnak baina gerokoenetan agertuko direnak. Horren erakusgarri izan daiteke, Beñat Sarasolaren iritziz, Ibon Sarasolaren liburuko aitzin-oharra: «Gaur eguneko herriak / ene hitzak onhartzen ez / baditu / biharkoari mintzatuko / naiz edo / etzikoari». Musikak duen garrantzia, pop kulturako elementuen agerpena eta «espazialki liburu berezia» izatea ere modernotasun poetikoaren zantzu agerikotzat ditu Sarasolak. «Hitzek esanahia galtzen dute eta material huts bihurtzen dira» Poemagintza-n.
JosAnton Artze da, guztiarekin ere, Sarasolaren ustez, euskal poesiaren historiografiaren aldetik traturik okerrena jaso duena. Ez Dok Amairuko taldekoek musikatutako haren poema batzuk ezagunak badira ere, poeta gisa ez zaio Artzeri merezi duen aitormenik egin, eta Iñaki Aldekoak Visor argitaletxearentzat 1991n apailatutako euskal poesiaren antologian Artze agertu ere ez izana aipatu zuen horren adibidetzat. Beste egile batzuek euskal poesiaren inguruan egindako azterketetan ere, nahiz eta aipamenak merezi, bazterrekotzat jo izan da gehienetan Artzeren lana, garaiko poesiatik apartekotzat, eta Sarasola ez dator bat ikuspegi horrekin.
«Oso poeta gutxi dira Artzek egindakoen neurriko apustu poetikoak egin dituztenak», esan zuen Sarasolak, Artzeri buruz mintzatzean. «Isturitzetik Tolosan barru liburuan hitza materia bihurtzen da erabat. Badu ukitu sozialik ere poema batzuetan, baina dimentsio osoan hartuz gerogainditu egiten du hori. Erabat bestelako harremana du hitzarekin eta poesiarekin».
Hitzaldiaren ondoren egin ziren oharretan, Ipar Euskal Herriko poeten ahanztura salatu zen, Daniel Landart eta Manex Erdozaintzi-Etxarten izenak aipatu zirelarik, hitzaldian aipatutako garaian idatzi zuten poeten artean nahitaez aintzat hartu beharrekotzat. Horretaz gain, euskal poeten lanak aztertu eta sailkatzerakoan askotan Espainiako literaturan erabiltzen diren parametroak eta kategorizazioak erabiltzeko joera dagoela ere salatu zuen, hori okerreko bidea dela adieraziz, euskal poeten erreferentzia nagusiak ez direlako izaten, kasurik gehienetan, Espainiakoak.
Arestiren obra ahaztua
Bezperako mahai inguruan Gabriel Arestiren Zuzenbide debekatua poema liburua izan zuten hizpide Fito Rodriguez eta Karmelo Landa idazle eta irakasleek. 1960. eta 1961. urteetan idatzi zuen Arestik Zuzenbide debekatua, eta gaur egun baztertua eta ahaztua dago, ezezaguna da egilearen gainerako lanen aldean. Susak 1986an Arestiren obra osoak argitaratu zituenetik, ez du beste argitalpenik izan.
Eztabaidarako hipotesiak aurkeztu zituzten Rodriguezek eta Landak. «Arestik Zuzenbide debekatua-rekin estreinatu zuen poetika berri bat, eta ez Harri eta herri-rekin», Landaren ustez. Arestik poetika berri horretara gaztelaniazko poesia sozialaren eraginez jo zuela dioen teoria ofiziala zalantzan jartzen du Landak, eta uste du «poetika berriztatzeko oldarra» gertuagoko motibazioetatik heldu zitzaiola Arestiri: Gabi del Moral adiskideak jasandako atxiloketatik eta torturetatik eta gisako gertaeretatik; Euskal Herriaren egoera politiko itogarritik oro har.
Poesiazale ugari bildu zituzten herenegun nahiz atzo Eako Poesia Egunetako ekitaldiek, idazle eta editore ezagunak zirelarik horien artean, eta gaur jarraipena izango dute.
Poeta moderno ahantziak
Beñat Sarasolak Eako Poesia Egunetan esan du poesia modernoaren gorpuztean parte hartu zuten poeta askok gaur egun ez dutela merezitako aitormenik jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu