Point 8, galeria eredu kolektiboa eta gaztea Baionan Ttipian

Baionako Arte eskolan ikasitako lau gaztek artista gazteei leku emateko sortu zuten galeria orain urtebete

N. Ares Amaya
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Balorea sortzen aritzen diren galeriek artista ezezagunei leku egiten saiatzen badira ere, ez dute horretarako tarte handirik gehienetan. Altxerri, Ekain Arte Lanak, Ikusi Arte, Moises Perez Albeniz, Trayecto, Windsor Kulturgintza, Vanguardia eta Euskal Herriko beste hainbat galeriek, urtero artista gazte eta ezezagunen erakusketak antolatzeko konpromisoa hartu badute ere, egoera zaila bizi dute artistek eta ez dute galerietako erakusketetan leku handirik izaten gehienetan. Horri irtenbide bilatzeko asmoz, Baionako arte eskolan ikasitako lau artista gaztek sortu zuten Point 8 arte galeria kolektiboa 2010eko udan: «Baionan lan egin nahi genuen berriro, baina ez zegoenerakusteko lekurik; arte galeriak egon badaude, baina klasikoagoak dira eta ez zaie askorik interesatzen gazteok sortutako artea», azaldu du Mary Aznar galeriako arduradunak. Irabazi asmorik gabeko elkartea bezala sortu zuten.

Baiona Ttipian kokaturik, aste biro antolatzen dituzte erakusketa kolektiboak, artistak gai edota teknika baten inguruan biltzen dituzte, auzoko bizitza kulturala astinduz. Eredu hori hartu dute galerian dinamika gehiago sortzeko. Ez diote galeria tradizionalen ereduari jarraitu eta lanak erakustearekin batera, galeria artistentzako tailerra ere bada. Horrekin batera, serigrafia lantegia dute berton, kamisetak eta lanen kopiak egiteko: «Ez genion galerien ohiko eskemari jarraitu nahi, baizik eta zerbait interaktiboagoa egin nahi genuen, erakusketak ikustera joateko ohiturarik ez dutenak etortzen ausartu daitezen». Beren helburua lortu dute Aznarrek azaldu bezala, eta auzoko jendea asko gerturatzen da erakusketak ikustera: «Hemen, besterik ez dagoenez, hasiera batean, kaleko tipo bitxiak ginen, baina urtebete eta gero, badirudi jendeak afizioa hartu duela. Asko etortzen dira inaugurazioetara, ostiral gauetan egiten ditugu eta auzoko jendearen arteko elkarketa da, artea ikustera ohituta dauden beste pertsonekin batera». Inaugurazioetara ez ezik, egunero gerturatzen da jendea galeriara, erakusketekin batera artistak lanean ikusteko.

Elkarteak 50 bazkide inguru ditu jada. Bazkide izateak erakusketetako lanetan deskontua izateko aukera ematen du, eta horrekin batera serigrafia tailerrean egiten dituzten kamiseta eta erreprodukzioetan beherapenak ekartzen dizkie bazkideei, baita galerian berton antolatutako ikastaroetan.Artea zabaltzeko asmotan, artelanen salmenta prezioak poltsiko guztientzat eskuragarri jartzen saiatzen dira, nahiz eta batzuetan zaila izan: «Askotan, artistei azaldu behar diegu Baionan direla, eta beraiek ez direla ezagunak eta ezin dituztela prezio altuegirik jarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.