Nadine Shah. 'Fast Food'

Poliki irensteko janari azkarra

2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Apollo / R&S Records.

Musika iluna bezain lasaia dakar Nadine Shah abeslari britainiarrak Fast Food izeneko bere bigarren disko luzean. Rock alternatiboa, folka, eta jazz estiloa ere jorratzen duenak aurreko lanen ildo beretik jarraitu du argitaratu berri duen honetan, nahiz eta soinu aldetik eboluzio nabarmen bat jasan duela argi entzuten den. Bere abesteko modua Nick Cave eta Pj Harvey abeslariekin alderatzen dutelako egin da ezaguna munduan barrena, eta, hala izanik ere, ahots sakon eta ilun bat duen emakumea baino askoz gehiago dela iruditzen zait.

2012. urtean lehen EPa argitaratu eta urtebete geroago, lehen disko luzea erditu zuen, mundu mailan —modu apalean bada ere—bere burua ezagutzera eman zuena eta bigarren diskoari bidea ireki ziona. Ibilbide laburra darama, beraz, musikariak, baina hasiera-hasieratik erakutsi du kalitate handikoa dela egiten duen guztia: instrumentuak ezin hobeki nahasten ditu, eta pianoa jotzen entzutea izugarria da, azken lan honetan disko osoan ibilita ere, protagonismo berezirik eman gabe, Big Hands eta neurri apalago batean Living abestietan izan ezik —hauetan bai, elementu nagusia baita—. Gainerakoan, gitarraz, baxuaz, bateriaz eta piano ukitu batez baliatzen da bere ahots nagusia laguntzeko, baita tonu altuko koroez ere, harik eta atmosfera sakon batean sortutako kiribilean guztiz barneratzen zaituen arte. Hala ere, eta abesti batzuetan bera nagusi bada ere, ahotsari besteko garrantzia eman dio musikari, zeharka-meharka joanez, soinu astunak finez tartekatuz, posible izango balitz bezala Pj Harveyren lehen diskoetako alde iluna eta azken diskoko argia bakar batean nahastea. Mark Lanegan jaunak sortzen duen ingurua ere gogorarazi diezaioke bati baino gehiagori; izan ere, Shahk moko fina duen askoren gustuko lana ekarri digu. Fast Food, diskoari izena eta hasiera ematen dion abestia gonbidapen bat da, kantarik alaiena dela esan baitaiteke, entzuten jarraitzera bultzatzen zaituena. Fool-en erritmo aldaketak leunki sartzen hasi, eta, boza nagusi den abesti apal baina mingotsetan barneratuz, poliki-poliki Stealing Cars,Washed Up eta The Gin One-en indarra hartzen doa, amaieran aho zapore ona utziz Big Hands eta Living kantuekin eta, lehen aipatu moduan.

Diskoaren azala ere biziki zaindua da: gorri indartsu batez tindatuta dago, ia begietan min egiteraino, eta bere irudia berde tankeran ageri da, lepo eta belarri ingurutik odola irudika dezaketen margo gorri eta urdin batzuk tantaka erortzen zaizkiolarik. Digestio astuneko lana izan liteke, baina behin entzun eta irenstea lortzean, sarritan jan nahi den horietakoa da, janari azkarrarekin ez bezala, poliki murtxikatu eta hozkada bakoitzaz gozatu beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.