Maru Solores. Zinema zuzendaria

«Polita da irudirik ikusi ezin dezaketenen irudimenarekin eta zentzumenekin jolastea»

Maru Solores zuzendari donostiarrak itsua izan arren argazkilari izan nahi duen nerabe baten istorioa landu du 'Camera obscura' lehen film luzean, eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia irekiko du, gaur.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Nerabezaroa zurrunbilo garaia izan ohi da; gurasoen kontrolpetik ihes egin eta esperientzia berriak edukitzeko irrikan egoten dira gaztetxoak, debekatutakoa probatzeko prest. Ez da garai samurra, eta itsua izateak ez ditu gauzak errazten. Sentipen zurrunbilo horretan sartu berri den neskato itsu baten istorioa landu du Maru Solores zinema zuzendariak (Donostia, 1968) Camera obscura bere lehen film luzean. Iaz estreinatu zen filma, ValladolidekoSeminci jaialdian, Espainian, eta gaur Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldiari hasiera emango dio, Mathieu Kassovitzen L'ordre et la morale filmarekin batera. Soloresek zenbait film labur egin ditu aurretik, hala nola Dortoka uhartea (Donostia-Berlin, 2002). Arazo sozialen inguruko kontaketa batekin hasi da film luzeen zuzendaritzan, eta jadanik beste film bat eta dokumental bat ditu esku artean.

Zentzumenen eta irudimenaren munduan murgiltzen den filma egin du Soloresek, irudiei protagonismoa gutxitu eta entzumena, usaimena eta ukimena pizten dituzten elementuekin tartekatuta. Ane (Jaqueline Duarte) hamahiru urteko neskato bat da, nerabeen munduko zurrunbiloan sartu berria, eta garrasi errebeldea darama barruan, bizitzaren misterioak ezagutzeko eskean. Baina itsua da Ane; gurasoek (Leyre Berrocal, Josean Bengoetxea) gehiegi babesten dute, eta askotan bakarturik sentitzen da. Dena den, Anek bere bide propioa eraikitzea erabaki du. Elbarritasunak ez ezik, askatasun ezak, ingurukoen aurreiritzi eta beldurrak, bakardadea eta halako oztopoak gainditzeko modua aurkitu nahi du Anek, eta argazkilaritzak irekiko dio bakartasunetik ihes egiteko atea.

Argazkilari itsuaren paradoxa erabili du Soloresek bizitzako oztopoen aurrean aurrera ateratzeko metafora moduan: «Itsutasuna aitzakia ederra izan da, alde batetik, zinemarako joko handia ematen duen gaia delako, eta, bestetik, gehiegi babestu duten pertsona baten gabeziak erakutsi ditudalako». Begietan egindako azken ebakuntzak ez ditu emaitza onak izan, baina Aneren gurasoak ikusmena berreskura dezan tematuta daude, eta, ebakuntzatik errekuperatzeko, oporretan joango da familia guztia. Sopelako hondartzako olatuen soinua askatasunaren eta independentziaren ikurra dira Anerentzat, baina amak ez dio uretan sartzen uzten, eta ume txikien antzera janzten du, flotagailu eta guzti. Antonio (Victor Clavijo) Aneren osaba argazkilariak neskatoaren garrasi isila entzungo du, eta argazkilaritzaren munduan sartuko du. «Argazkilari itsuaren kontraesanak izugarri aberasten du filmaren kontaketa. Polita izan da irudirik ikusi ezin dezaketen pertsonen irudimenarekin jolastea. Argazki kamera Aneren begia da, eta haren bitartez, ikusleak oso gertutik nabari dezake hark ikusten duena».

Lizentzia poetikoa hartu du Soloresek filma egiteko. Olatuen aparra, trumoien hotsak, argazki kameraren klik txikiak, ateak, lurra, ahotsak... ikusleak ohikoak diren soinu horiek guztia jasotzen ditu, irudimenarekin nahastutako irudi lausoekin tartekatuak. «Subjektibotasuna lantzea gustatzen zait, zentzumenek jasotako pertzepzioak deskribatzen saiatu naiz filmean», azaldu du zuzendariak. Dramatik aldendu eta eguneroko xehetasun arrunten bilduma egin du Soloresek. «Istorio errealista da erabat. Jaquelineren lehen aktore lana izan da, eta horrek filma aberastu egin du. Benetan itsua da Jaqueline, eta hala behar zuen istorioak behar bezalako pisua eta zentzua izateko; filmatzeaz amaitu, eta itsutasunak bertan jarraitzen zuen. Horrela, inguruan geundenok haren mundua ezagutu eta itsuen modura bizitzen ikasi dugu». Aurreiritziz betetako proiektua zen Soloresena, baina itsuak elkarrizketatzen eta ONCErekin elkarlanean zorrotuz joan da: «Elbarritasunaz gain, gainontzeko gazteek dituzten arazo berak ditu Aneren pertsonaiak, eta bere buruari galdera haiek beraienari egiten dizkioten berberak egiten dizkio: polita ote naiz besteentzat? Inork maitatuko al nau? Pertsonaiak bere kabuz egin behar du independentziarako bidea, gurasoen kontrolpetik askatu eta nortasuna garatuz. Denok pasatu prozesu hori, baina, askotan, elbarrituak babestuegi bizi dira».

Nortasuna garatuz doan heinean, Ane askatu egiten da, irribarre egiten hasten da, eta harekin batera askatzen dira ingurukoak ere. «Itsutasunaren eta halakoelbarritasunen inguruan ezjakinak gara. Hori dela eta, elbarria babesteko joera dute batzuek, eta arazoa onartzeari uko egiten diote besteek. Horregatik, Anek berak hartu behar du bere mundua aldatzeko iniziatiba».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.