Komikia

Portugal irauli zuten krabelinak

'Herriak du gehien agintzen' komikia argitaratu du Txalapartak, Krabelinen Iraultzaren 50. urteurrenean eta Eskarne Mujikaren itzulpenean. Herri xeheak izan zuen rola nabarmentzen du Raquel Varelak eta Robson Vilalbak ondutako lanak.

Raquel Varelak eta Robson Vilalbak ondu dute komikia, eta Txalapartak argitaratu. RAQUEL VARELA / ROBSON VILALBA
Raquel Varelak eta Robson Vilalbak ondu dute komikia, eta Txalapartak argitaratu. RAQUEL VARELA / ROBSON VILALBA
Ainhoa Sarasola.
2024ko apirilaren 25a
05:15
Entzun

Bi kantu, bata bestearen segidan. 1974ko apirilaren 24ko gauean, 22:55ak zirela, Paulo Carvalhoren E despois do adeus abestiaren doinuak zabaldu zituen Emissores Associados de Lisboa irratiak. Eta lehen seinale haren ondotik, gauerdia pasatuta, herrialde osora hedatu zuen bigarrena Radio Renascençak, Jose Afonsoren Grândola, vila morena kantu debekatua jarrita. Irrati uhinak nola, hala hedatu ziren mugimenduak kaleetan: Portugalen martxan zen Krabelinen Iraultza, eta erortzear Europako diktadurarik luzeenetariko bat. Gaur dira 50 urte ordutik, eta, urteurrenean, Herriak du gehien agintzen album ilustratua plazaratu du Txalaparta argitaletxeak. Historiako pasarte hori herri xehearen ikuspegitik kontatu dute bertan Raquel Varela historialariak eta Robson Vilalba ilustratzaileak.

Varela aditua da Krabelinen Iraultzan, baita Portugalgo langile mugimenduaren historian ere. 2014an, História do Povo na Revolução Portuguesa, 1974-75 liburua argitaratu zuen, zeina erreferentziazkotzat jo, eta hainbat hizkuntzatara itzuli den. Hain zuzen, lan hori du oinarri albumak. «Bai liburu horrek, bai komikiak, aztertzen dute nolakoa izan zen langileen eta herritarren antolaketa prozesua, nola antolatu ziren behekoak ordena kapitalista zalantzan jartzeko; hau da, zer rol izan zuten iraultzan sindikatuek, artistek, emakumeek, ikasleek… Horretan jarri du arretagunea, haren arabera, horixe izan baitzuen berezi Portugalgo iraultzak (besteak beste): herritarren autoantolaketa maila», azaldu du Txalapartako editore Ane Eslabak. 

Bestelako lanak ondu baditu ere, «publiko zabalago batengana» iritsi nahi zuen historialariak oraingoan. Horregatik hautatu zuen komikiaren generoa, baita «erdi-fikziozko istorio bat» osatzea ere. Jose izeneko pertsonaiaren bidez jasoko du irakurleak Apirileko Iraultzaren aurreko eta ondorengo urteen berri: «Pertsonaia hori ikusiko dugu diktadura garaian pobrezian den familia batean hazten eta gutxinaka kontzientzia politikoa hartzen, prozesu iraultzailean barneratu arte».

(ID_17139487035435) (/EZEZAGUNA)
Komikiko irudi bat. RAQUEL VARELA / ROBSON VILALBA

Istorioa irudiz kontatzeaz Robson Vilalba marrazkilari brasildarra arduratu da, zeinak aurrez beste prozesu historiko batzuen gaineko zenbait lan ilustratu dituen. Historialariak eta ilustratzaileak lehenagotik ere elkar ezagutzen zutela, eta, urteurrena zela-eta, elkarlanean hasi zirela azaldu du Eslabak. «Eta, ziurtatu dutenez, prozesuan bien artean etengabeko solasaldi bat egon da, istorioa batera eta modu koordinatuan eraikitzeko». 

Lau hizkuntzatan aldi berean

Batera eta modu koordinatuan aritu da Txalaparta ere beste argitaletxe batzuekin komikia aldi berean lau hizkuntzatan plazaratzeko. Hain zuzen, Utopia izenburupean plazaratu du jatorrizko bertsioa, portugesez, Bertrand argitaletxeak; euskaraz eta gazteleraz, Txalapartak; katalanez, Manifest Llibresek; eta gazteleraz Verso argitaletxeak. Eslaba: «Beste batzuetan ere egin izan ditugu halako lankidetzak, eta uste dugu merezi duela eta positiboa dela, bai argitaletxeontzat, eta baita, eta bereziki, liburuarentzat ere». 

Eskarne Mujikak euskaratu du jatorrizko liburua, eta haren lana eskertu du Txalapartako editoreak. «Edizio originala eta itzulpenak urteurrenerako aldi berean argitaratzeak erronkatxo bat suposatu du, egileak oraindik lana burutzen eta fintzen ari zirenean, beste edizioak prestatzen joan behar genuelako. Beraz, alde horretatik esan dezakegu bereziki estimatzekoa dela itzultzaileek egin duten ahalegin erantsia». 

Apirileko Iraultzaren urteurrenean irakurleei halako obra bat eskaini ahal izatea merezi duela uste du Eslabak, zer aztertua badagoelakoan. «Krabelinena Europako azken iraultza arrakastatsua izan zela esan daiteke (nahiz eta beste iraultza txiki batzuk ere izan diren geroago). Hortaz, horregatik bakarrik uste dugu merezi duela prozesuari behatzea, eta ikasten saiatzea, bai lorpenetatik, bai porrotetatik».

(ID_13815199) (/EZEZAGUNA) azala

‘Herriak du gehien agintzen’
Idazlea:
Raquel Varela.
Ilustratzailea: Robson Vilalba.
Itzultzailea: Eskarne Mujika.
Argitaletxea: Txalaparta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.