Ama Lur, Ke arteko egunak, Kalabaza tripontzia, Yoyes, Burgosko prozesua, Behiak, Tasio, Belarra, Aupa Etxebeste!, 80 egunean... Hamaika sortzaile eta zinemagintzari buruzko beste horrenbeste begirada daude izenburuen atzean. Gehiago ere izan zitezkeen, baina Euskal Herriko zinema zuzendarien artetik hamahiru aukeratu ditu Mikel Garcia Idiakezek (Irun, 1980) Zeluloidezko begiradak liburua idazteko. Euskal zinemarik ba ote den galdetzen du egileak hitzaurrean, baina erantzun argirik ez du ematen, ez behintzat bakarra. Izan ere, gaiari buruz askotariko gogoetak egin dituzte zinemagileek, eta haiekin, euskal zinemagintzaren nolabaiteko puzzlea osatu du, Tene Mujika bekari esker landu eta Elkarrekin kaleratu berri duen liburuan.
Zinemazalea eta Argia-ko kazetaria da Garcia, eta bi arloak uztartzen zituen proiektu bat aurkeztu zuen iaz Tene Mujika bekara. «Aitzakia edo aukera ona» iruditu zitzaion zuzendariekin zinemari, haien filmei eta zinemagintzari buruz hitz egiteko. Hori izan du helburu eta zeregin nagusi, «sortzaileengana hurbildu eta esateko zutena jasotzea», bai beren lanen eta ibilbidearen inguruan, bai zinemagintzari buruz, oro har. Egin dioten harreragatik esker oneko agertu da haiekin, «eurak direlako liburu honetako ahotsa». Ahots «plurala» da, gainera, zuzendariek beren iritziekin osatutakoa, «mundu beraren inguruan bakoitzak bere begirada duelako eta bere gogoeta propioa egiten duelako».
Ama Lur (1968) filmaren egileak, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea hautatu ditu kazetariak liburua hasteko. Euskal zinema modernoaren aitzindaritzat jo izan den film horren sortze prozesua dute hizpide, besteak beste, eta, tartean, kontatu dute «zentsurarekin oztopo asko izan zituztela eta 12 minutuko bobina bat errodatzen zuten bakoitzean zentsoreek deitzen zituztela».
Gai asko ukitzen ditu zinemagile bakoitzak. Elkarrizketatu guztiengan lanbidearekiko «pasioa eta bokazioa» antzeman ditu Garciak, eta horren lekuko, Imanol Uriberen liburuko pasarte bat aipatu du, errodajeak nola bizi dituen azaltzen duena. Montxo Armendarizekin izandako solasalditik, zinemagilearen begiradak duen garrantziaz egindako gogoeta nabarmendu du. Kalabaza tripontzia animaziozko lanaren bigarren atala egiteari buruz mintzatzen da, besteak beste, Juanba Berasategi. Emakumeek zuzendari, gidoigile eta ekoizle gisa duten presentzia urriaz, berriz, Helena Taberna, hain justu liburuko andrazko bakarra. Kritikak duen zereginaz gogoeta egiten du Julio Medemek. Eta umoreak zineman duen rolaz hitz egiten dute Asier Altunak eta Telmo Esnalek, beste gai askoren artean.
Definitzeko «obsesioa»
Kazetariak Antxon Ezeizarengana ere jo zuen, Ikuska dokumental sailaren eta Ke arteko egunak filmaren egilearengana, «batez ere euskal zinemari buruz asko teorizatu duen gizona delako». Garciari bitxia egin zaio hori, beste zinemagileak «askoz ere pragmatikoagoak» iruditu baitzaizkio. «Non sailkatu behar den gehiegi pentsatu gabe egiten dute filma, eta gero gerokoak. Aldiz, Ezeizak asko teorizatu zuen euskal zinemak zein gai jorratu behar zituen, zein hizkuntzatan, zein estetikarekin...». Gogoeta horiek jaso ditu liburuan, beste sortzaileenekin batera. Erantzunen aniztasuna ikusita, euskal zinemarik baden edo ez den ez dakiela dio, «baina behintzat bada euskal zinemagintza jorratu dutenen ibilbide bat».
Gai hori hizpide hartu zuten Koldo Almandoz eta Jose Mari Goenaga zinemagileek ere, liburua aurkezteko atzo egindako agerraldian. Almandozen iritziz, «euskal zinema bat badela argi dago, Euskal Herrian zinema egiten delako», baina hortik aurrera, euskal zinema nola definitu, haren barruan zer sartu eta zer ez, nork bere erara ikusten du. «Nire ustez, baikorrena zera da, pragmatismo hori normalizazioa dela, ez dela zinema militantziagatik egiten, baizik eta batek duen sormenerako gaitasunagatik; batek ez ditu euskal argazkiak ateratzen, argazkiak ateratzen ditu. Zineman, margolan batean edo literaturan ere gauza bera da».
Euskal zinema definitzeko «batzuetan obsesio handiegia» dagoela uste du Goenagak. «Beste herrialdeetako zinemaz hitz egitean ez gara hain obsesiboak. Zinema frantsesaz edo amerikarraz hitz egiten dugu; Steven Spielberg batek eta David Lynch batek agian ez dute zerikusi handirik, baina biak oso amerikarrak dira». Almandozekin bat etorri zen Goenaga: «Hemen egiten bada, hemengo taldeekin eta hemengo begiradarekin, niretzat behintzat euskal zinema da. Horrek ez du esan nahi denok gauza bera egiten ari garela; aniztasuna dago».
Garciaren lana eskertu zuten bi zinemagileek. Film luzeekin batera, pelikula laburrak eta animaziozkoak ere aintzat hartu izana goraipatu zuen Almandozek. Euskal zinemaren «analisi hotz bat» egin ordez, gaia bere ikuspuntutik eta literatura entretenigarri baten bidez jorratu izana eskertu zuen Goenagak, eta halako lanak euskaraz egotea ere garrantzitsutzat jo zuen.
Pragmatikoen zinema
Euskal Herriko hamahiru zuzendari elkarrizketatu ditu Mikel Garcia Idiakezek 'Zeluloidezko begiradak' libururakoEuskal zinemaz teorizatu baino gehiago, filmak egitearen alde azaldu dira gehienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu