Praileaitzeko koben inguru guztia babesik gabe geldituko da, Espainiako Gobernuak Kosta Legea murriztuko baitu. Hori salatu dute Praileaitzen Lagunak elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta eskaera egin diote Eusko Jaurlaritzari, kobaren inguruan ehun metroko babes perimetroa ezar dezan. Orain arte, Kosta Legeak ehun metro arteko babesa eskaintzen zion Praileaitzeko inguruari, baina babes maila hogei metrora jaisteko aurreproiektua onartu du Espainiak. Deba ibaiaren ondoko mendi magalak ez du bestelako babesik, eta kobaren inguruko perimetroa babestu ezean, Zeleta enpresaren Sasiolako harrobiak ingurua ustiatzeko askatasuna eduki dezake.
Jaurlaritzak 65 metroko perimetroa adostu zuen 2010ean, gainontzekoa Kosta Legeak babesten zuela argudiatuta, baina espedientea aurten amaitu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak perimetroa ehun metrora zabaltzeko eskatu du helegite batean. Bi aldaketa eskatu ditu Foru Aldundiak; alde batetik, perimetroa handitzeaz gain, babestutako inguru horretan Deba ibaiaren ondoan dagoen mendi magala sartzea, kobaren kultur paisaia mantentzeko; eta, bestetik, babestutako inguru guztia Ondare Legearen bitartez babestea, eta ez Kosta Legearekin bakarrik. Horrekin batera, Foru Aldundiak gogorarazi dio Jaurlaritzari babesteko neurriak «azkar» hartu behar direla, eta espedientea berehala ebazteko eta «ausart» jokatzeko eskatu dio, «ondarea interes ekonomikoen gainetik egon dadin».
Babesa lortu ezinean
Kobaren inguru guztia Kultur Ondasun izendatzeko eskatu dio Praileaitzeko Lagunak elkarteak Jaurlaritzari. «Sei urtean ez dira Praileaitzen ondarea babesteko gai izan. Bere garaian esan zuten Kosta Legeak babesten zuela ingurua eta, beraz, ez zuela bestelako legerik behar. Baina, orain, babesik gabe gelditu gara». Praileaitz babesteko eskaerak egiten jarraituko du elkarteak.
Praileaitz babesik gabe geldituko dela salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Praileaitzen Lagunak elkarteak babes maila ehun metrora handitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu