Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak Eusko Elkartasunaren mozio bat onartu zuen atzo, Praileaitzeko aztarnategi arkeologikoaren (Deba, Gipuzkoa) babesa bermatzeko asmoz. PSE, PP eta Aralarrekin akordio bat lortu du EAk, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu diote bi hilabete baino lehen kobazuloa babesteko beste dekretu bat onar dezala edo 2007az geroztik indarrean dagoena aldatzeko dekretu bat onartzeko beste prozedura bati ekin diezaiola, «betiere Praileaitz osoa babestea bermatuta», Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak adierazi zuenez. Aralarreko legebiltzarkide Dani Maezturen iritzian, «ulertezina eta salatzekoa» da Jaurlaritzaren jarrera, oraindik «dekretu hori egiteko gai izan ez delako».
Legebiltzarreko akordioak Eusko Jaurlaritzari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen die ikerketa bat egin dezatela kobazuloaren tamaina osoa benetan zein den zehazteko, «azken batean, zehatz-mehatz ezagutzen ez dena ezin delako babestu».
Legebiltzarreko taldeek aurkeztu duten mozioak badu beste atal bat ere: Kultura Sailari eskatzen diote berehala ekin diezaiola ondare kulturalari buruzko lurralde plan sektoriala idazteari, Praileaitz bezala balio arkeologiko handia duten eremuak babeste aldera.
Praileaitzen inguruko dekretu berria bi hilabete baino lehen onartzeko eskatu diote Jaurlaritzari
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak mozio bat onartu du aztarnategi arkeologikoa babesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu