Prekaritatea estetika bilakatzea

Diego del Pozo artista sektorearen prekaritateaz aritu da EHUk eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako jardunaldi batean. Esan du eredu hori orokortzen ari direla gainerako lanbideetan ere.

Diego del Pozo artista atzoko hitzaldian, Night Cleaners dokumentaleko pasarte bat azaltzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Aspaldiko abisua da: kultur sektorea prekarioa da oso, eta joera gaiztotzen ari da, urteak eta askotariko krisiak igaro ahala. Ez da artearen sektorera mugatzen den fenomeno bat, halere, eta hori ere hainbatetan errepikatu izan dute. Askotariko lanbideek bat egiten dute ezinegonari dagokionez, baina Diego del Pozo artistak beste ikuspuntu bat gehitu zion egitate horri atzo, Bilboko Bizkaia aretoan eman zuen hitzaldian: izan ere, Del Pozok uste du, hain justu, artistaren egoera eredua izaten ari dela lanaren paradigma orokorra ontzeko. «Sortzailearen eredua ekoizpen eredu bihurtu da. Artearen sistema prekarioa da, baina sinetsarazi digute gizarte eredu bat dela, artistaren ekintzaile izaeragatik; langile guztientzako lan eredu bilakatu da».

Gainerako ogibideek artearen moldeak xurgatu dituzte, baina, era berean, arteak ere gainerako lanen prekaritatea islatu du, ez soilik «gai» gisa, baita «estetika» gisa ere, Del Pozok nabarmendu zuenez. Ildo horren hainbat adibide aletu zituen artistak Sistema etenda. Arte garaikidearen jasangarritasun(ez)ari buruzko diagnostikoak eta proposamenak jardunaldian. EHUk eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta Del Pozok afektibitatea eta subjektibotasuna izan zituen hizpide Estómago, garganta, hablo, escucho... konferentzian (Urdaila, eztarria, hitz egiten dut, entzuten dut...).

Prekaritatea islatzerako orduan «mugarritzat» duen pieza batekin ekin zion hitzaldiari: Night Cleaners (1975) filmarekin, zehazki. 1970eko urteetan, sindikatu bat osatzen ari ziren Erresuma Batuan gauez lan egiten zuten emakumezko garbitzaileek. Feministen eskakizuna izan zen filma, andre horien egoera islatze aldera; besteak beste, halako baieztapenak botatzen dituzte elkarrizketatutako garbitzaileek: «Batzuetan hain zaude nekatuta, ezen ezerk ez baitizu axola», edo «10etik 9tan arrastaka irteten naiz lanetik». Garbitzaile gisa egindako lanaldi akigarria bukatuta, emakumeetako askok seme-alabak zaindu behar izaten zituzten, gainera.

Prekaritateak dokumentalaren edukia blaitzen du, baina baita forma ere, Del Pozok azpimarratu zuenez: «Mamuak balira bezala irudikatzen ditu garbitzaileak. Nahasi egiten ditu gauez hartutako bulegoen irudi fantasmagorikoak eta sindikatuaren eratze prozesuko irudiak». Garbitzaileetako bat lekukotza ematen ari denean, kamerak andrearen irudi orokor bat hartzen du aurrena, eta, bat-batean, zoom in bortitz batek sudurra baino ez du uzten enkoadraketan. Pelikula «esperimentala» dela nabarmendu zuen artistak: «Hautsi egin zuen langile klasea modu heroiko batean islatzeko logika. Ezkerra ez zegoen ohituta langile klasea hala agertzera».

Tanja Ostojic artista serbiarrak, berriz, gorputzean mamitu zuen prekaritatea. Gustave Courbeten L'Origine du monde koadroan biluzik ageri den emakumeari kulero urdin batzuk jantzi zizkion, erdialdean izarrez osatutako zirkulua zutenak. Europako Batasuneko pasaportea duen senar baten bila proiektuaren (2000-2003) parte zen obra hori, baita erabat biluzik agertzen zen argazki bat ere. Berarekin ezkonduko zen norbaiten bila ari zen Serbiatik atera ahal izateko, Del Pozok azaldu zuenez.

Ikusmenetik harago

«Irudien gehiegizko presentzia» jo zuen Del Pozok «neoliberalismoak eragindako ezinegonaren» adierazletzat. Eta, horri dagokionez, AEBetako adibide bat jarri zuen: Bederatzi gidoi gerran dagoen nazio batentzat (2007) lana. Afganistango gerra betean, eta George Bush artean presidente zela, instalazio erraldoi bat egin zuten, eta, bertan, publikoak irakurri egiten zituen, besteak beste, Irakeko gerraren inguruan gerra berriemaileek adierazitakoak, edota Guantanamoko atxilotuen epaietako aktak. Hala, Afganistango gerraz ikusten zituzten irudien kontrakarrean, entzumena gailendu zen instalazioan. «Gerrako kontakizuna sortzea eta ahotsak desplazatzea izan ziren irudiak eraikitzeko mekanismoak; instalazioan, entzumenak okupatzen du ikusmenaren tokia, eta formak ekoizteko beste modu bat ematen du», azaldu zuen Del Pozok.

Gaur bukatuko da jardunaldia, arte garaikidearen prekaritateaz hausnartuko duten beste bi hitzaldirekin. Lehenik eta behin, Gerard Vilarrek artearen inguruko ikerketan jarriko du fokua, orobat prekarizatua; eta, ondoren, Olga Fernandez Lopezek publikoen inguruan gogoetatuko du, artearen sorkuntzan ez ezik, haren harreran ere eragina duelako sektorearen prekarizazioak. Halaber, ildo bertsuak jorratu dituzte hainbat artistak Arazoak paradisuan erakusketan: Bizkaia aretoan bisitatu ahal izango da, ekainaren 10era bitarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.