Inigo Astiz

Presazko moteltzea

2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

«Denboraldiak jada ez dira existitzen». Carlos Gil Zamora antzerki kritikari eta Artez aldizkariko zuzendariak jo du alarma hotsa Entre lo ilusionante y lo frustrante (Ilusionagarriaren eta frustragarriaren artean) iritzi artikuluan. Bartzelonan igaro zuen haurtzaroa, hamarkadak eman ditu Bilbon, eta Madrilen bizi da egun, baina orokortuta dago arazoa. Azaldu duenez, muturreraino azeleratzen ikusi du antzerki estreinaldien erritmoa. Ezerk ez du irauten, eta ikusle modura «luxua» iruditzen zaion hori sakonean «desastre hutsa» dela dio Gil Zamorak. Desastrea ekoizpenarentzat, antzezlanarentzat eta, batez ere, antzerkigileentzat. Besteak beste, azken horiek emanaldiko kobratzen dutelako. «Ekoizpen modu urduri eta hain arin horrek ezinezko egiten du obra bati esker egonkortasunez bizi ahal izatea, ezta obrak gutxi gorabeherako arrakasta duenetan ere, oso egun gutxiz egoten baitira ikusgai».

Eta hori Madrilen. Eta hori gazteleraz. Eta hori arrakasta izanez gero.

«Sortzaileak oso prekario, baina sormenarena harrigarria da». Antzera Euskal Herrian ere. Euskaraz ere. Eskalako arrakastarekin ere. Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoa gaiaz aritu zitzaion BERRIAri. Gil Zamoraren hitz berekin ia. «Antzerkian halako gurpil zoro batean sartu dira: ez badute estreinatzen, ez dute egiten eta ez dute kobratzen. Harrigarria da».

Eta gai bera izan zuten mintzagai euskal editoreek ere duela aste batzuk BERRIAn bertan argitaratutako artikulu batean. «Argitalpenen azelarazionismoa» deitu zuten haiek.

Elkar taldeko Olatz Osak lehenik: «Nobedadeek gero eta pisu handiagoa dute. Fondoa deitzen den horren salmentak jaisten ari dira, eta oso zaila da saltokietan euskarazko liburua ikusgai izan dezaten lortzea». Eta Pamiela etxeko Lander Majuelok ondoren: «Liburu bakoitzarekin normalean oso gutxi irabazten bada, asko ateratzen dira, zenbakiak mantentzeko sikiera».

2019an, Kirmen Uribe idazleak ere azelerazioaren ideia izan zuen buruan 17 segundo liburuari titulua jartzeko orduan. Haren lehen orrietan azaltzen denez, denbora hori eskaintzen diote bisitariek, batez beste, New Yorkeko Metropolitan museoko artelan bakoitza begiratzeari. Eta, hain justu, horren aplikazio praktikoa topa daiteke Bilboko Azkuna zentroan oraintxe.

Teknologiaren eta artearen bidegurutzean dabil Chrita Sommer eta Laurent Mignonneau artisten lanak biltzen dituen The Artwork As A Living System erakusketa. Eta bertan topatuko du bisitariak The Value of Art (Artearen balioa) artelana. Hiru koadro dira. Hiru koadro, esan dezagun, baliogabe. Katu bat, emakume bat, itsasoaren irudi bat. Eta margolan bakoitzaren unean uneko balioa adierazten duen tiket bat ere badu haietako bakoitzak azpian. Inork haren aurrean bost segundo pasatzen dituen aldiro, 50 zentimo gehiagoko balioa kalkulatzen dio makinak artelanari.

«Txantxa moduko bat da, noski», azaldu dute artistek, «arretaren ekonomia da obraren sakoneko gaia. Hainbat pentsalarik diotenez, arreta bilakatu baita gaur egungo dibisa». Eta, horren arabera, orain 30.000 euroren bueltan balio du 325 euroan erositako katutxoen koadroak.

Baina dibisa urduria da arreta.

Gorka Urbizu musikariak, esaterako, aurrerapen kanturik gabe, bideoklipik gabe, eta ia-ia sorpresaz eta osorik jarri du bakarkako diskoa entzungai. Hamar kanta, elkarrekin, musika singlez single entzuten den sasoian. Korrontearen kontrako keinu bat. Baina nahikoa da diskoak plataforma digitaletan dituen entzunaldiei erreparatzea, errealitatea zeinen tematia den gogoratzeko. Teoria bat kantak, diskoko lehenak, 488.710 entzunaldi baititu, eta beherantz gero, ia-ia koxkaz koxka, diskoko agerpen ordenaren arabera. Tren bat: 407.968. Toki bat: 393.618; Maitasun bat (salbuespentxoa): 397.723. Janela bat: 378.034. Kolore bat: 330.585. Lilura bat: 303.441. Sute bat: 275.436. Besterik ez: 268.843.

Kontenplaziorako denbora hil egin dela esanez lagundu zuen Esther Ferrer artistak 2019an Donostian jarri zuen arte instalazioa. Bisitariak manipula zezakeen pendulu bat zintzilikatu zuen sabaitik, eta, azaldu zuenez, ziur zekien hura bultzatzen zuen inor ez zela geratuko hura nola gelditzen zen ikusi arte.

Eta akaso hori izango da aukera bakarra. Itxarotea. Pendulua moteldu arte. Aktiboki itxarotea. Moteltze hori bizkortuko duten neurriak eta praktikak sustatuz, alegia. Gaiari buruz kezka adierazi duten kulturgileen kopurua ikusita, bistakoa baita moteltze hori presazkoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.