«Preso egon denaren gogoa / kartzelara itzultzen da beti», dio Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuko alerik ezagunenetako batek. Sarrionandiaren poesiaren irakurleak, antzeko moduan, Kartzelako poemak liburura itzultzen dira behin eta berriz. «Ezer betiko ez dela onartuta ere, egingo nuke liburu honek guztizko gaurkotasuna duela, eta, beharbada, puska baterako biharkotasuna ere bai», dio Jose Luis Otamendik Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren berrargitalpenerako idatzi duen hitzaurrean. «Egungo jendeari esandako poemak dira», Otamendiren ustez, liburukoak. 1992an izan zuen lehen argitalpena, Susa argitaletxean —Gartzelako poemak izenburuarekin—, eta «ikur» bihurtu zen denborarekin, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorearen ustez. Orain edizio berritua kaleratu du argitaletxe berak, aldaketa garrantzitsu batzuekin: idazleak gaurko grafiara egokitu ditu poema guztiak, eta orain artean inon argitara eman gabeko sei gehitu dizkio.
Liburuko poemak errezitatuz aurkeztu zuten atzo edizio berritua Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik, Gorka Arrese aurkezle zutela, Donostiako Antigua auzoko Doka kafe antzokian.
Liburuaren jatorrizko argitalpenak bi testu zituen, Sarrionandiaren poemez gain: Ruper Ordorikaren Autobusa jatetxe batean gelditu zenean eta Joxemari Iturralderen Hunkigarriak, latzak, zailak irensten. Horietaz gain, Jose Luis Otamendik orain idatzitako hitzaurrea du edizio berrituak. Ezikusia egin ote dakioke itsasoari? du izenburu Otamendiren idazlanak.
Kartzelan idatziak gehienak
Kartzela da liburuko poemak batasun batean biltzen dituen ardatza edo gai nagusia. Kartzela derrigorrezko bizileku izan zuen garaian idatzi zituen Sarrionandiak liburua osatzen duten poema gehienak, baina ez guztiak. Bi atal nagusi ditu: Kartzelako poemak 1980-1985 eta Post-scriptum. Lehenak, luzeenak, kartzelan igarotako garaian idatzitako poemak jasotzen ditu. Bigarrena, laburragoa, Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu ondoren idatzitako poemekin osatua dago; poema horiek ere, haatik, kartzela dute gai nagusi eta ardatz. 1991ko data du kronologikoki azkena den poemak.
Liburua «espetxeko euskal literaturaren tradizio aspaldikoan eta berriagoan txertatzen da», Otamendik hitzaurrean dioenez; baina «munduko literaturaren ur handietan» ere «txairo» dabilelakoan dago. «Munduan barrena eta denboran zehar izan diren hamaika poesia moldek isla gardena daukate testuotan: klasizismo latinoaren ukituak sumatuko ditugu, elezahar eta tradizio arturikoaren bristadak han-hemen, Txinako poesiaren edo Japoniako haikuen lilurak joko gaitu deblauki…».
Poesia idazteko gaitzat kartzela hartzean «estereotipo zurrun eta heroikoetan jausteko» arrisku handia baldin badago ere, Sarrionandiaren liburuan «presoaren irudia eta bere sentimenduak pertsonaren neurri doietara ekartzeko ahalegin kontzientea» dagoelakoan dago Otamendi. Horretaz gain —eta neurri handi batean horrexegatik—, kartzela gai nagusi izanik ere, liburuko poemek eskaintzen duten ikuspegiak kartzelaren errealitate estua gainditzen dutela uste du. «Poema hauek zainera egiten dute artez, kartzelaren muina erakusten digute, baina kartzelako ilunbista luzaz gainditzen duten esperientzia humano askoren kriseilu itsugarri dira».
«Liburuko hainbat testu herri honen imajinarioaren parte bilakatu dira», Otamendiren ustez, eta beste bertute bat «darabiltzan gaietan eta emandako erantzunetan belaunaldi baten erretratu gardena» izatea da.
Preso egon denaren gogoa
Joseba Sarrionandiaren 'Kartzelako poemak' berrargitaratu du Susak, edizio eguneratuan eta sei poema gehiagorekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu