Bertsolari Txapelketa Nagusia

Prestu, baina ez perfektu

Igor Elortzak irabazi du azkenaurreko kanporaketa, Legazpin, zuzen eta fin ibili arren oso gora egin gabeLizaso, Uranga eta Mantxi ere finalaurrekoetan dira, azkenaren faltan

Jokin Uranga eta Ainhoa Agirreazaldegi, atzo, saioaren une batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Legazpi
2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Prestu nago kantatzeko / gogo aldetik perfekto / rima eta doinuz lepo / ta agintzen dut eingo dudala / sekula baino hobeto / lehengo denak ta jende gehiago / zoriontsu egiteko», kantatu zuen beretik Igor Elortzak. Atzo izan zen, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azkenaurreko kanporaketan. Zuzentasunari eta fintasunari eutsi zion Elortzak, baina azkenera arte goia jo gabe. Beñat Lizaso bigarrenari alde zabala aterata irabazi zuen Legazpiko kanporaketa, baina Lizasok aurrera egin ahal izateko puntuaketa lortu zuen. Jokin Uranga eta Iñigo Mantzizidor Mantxi ere aurrera egiteko ilaran kokatu ziren, 700 bertsozaleren aurrean.

Elortzak zortziko txikian lanak ere izan zituen mailari eusteko. «Igor eta Mantxik ostiralero jatetxe berean afaltzen dute. Igor beti jartzen da telebistari begira. Gaur, Mantxi eseri da telebistaren aurrean» aurkeztu zien gaia Unai Elizasuk. Gaiak ez zien bide argirik eskaini. «Elkar ulertu ezinik / hainbeste apuro»,kantatu zuen Elortzak azken bertsoaren lehen puntuan. Gaiari baino, egoerari kantatu ziola zirudien.

Lehen puntua emandakoan zuzenetik eta finetik jarraitu zuen, eta emaitza hobeak lortzen ere hasi zen. Hamarreko txikiak motorrak berotuta harrapatu zuen.Urangarekin kantatzea egokitu zitzaion, orduan. Hori izan zen Urangaren lanik onena. «Igor eta Jokin emakumeak dira. Ama izan nahian, tratamenduan hasi ziren aspaldi. Gaur Jokinek esan dio Igorri haurdun dagoela; Igorrek oraindik ez du lortu», kokatu zituen gaiak. «Matte, jakin ezazu / beharrezko dela / norberak sinestea / gerta daitekeela», bota zion bere lehen bertsoan Urangak. Elortzak bigarrengoz erantzuten ari zela bira eman zion bertsoari azken puntuan, eta esan beharrekoa indartu zuen: «Zurekin argituaz / doa nire kezka / lehen baneukan fedea / orain, fede extra. / Ta lehen ez dizut esan: / 'Zorionak, neska!». Lehen bertsoan zorionduta baino indar handiago lortu zuen. «Zuk neri zorionak / hola ematea / gauza bat espero det / nik ere, maitea / laister nik ere zuri / berdin esatea», opatu zion Urangak hurrengo bertsoan.

«Pozik zaude horrenbeste jende zoriontsu egitea lortu duzulako» entzunda, Naufragoa doinurekin abiatu zen. «Hainbat jenderi eman diot / sufriarazi ere bai», azaldu zuen lehen bertsoaren azkenean. Sufriarazten aita irudikatu zuen bigarrenean: «Aitai lehen eman gonbidapen bat / baina ez du egin bisita / han egongo da ezkaratzean / irratia itzalita».

Lizasori emaitza ona ekarri zion txapelketa prestatzean ariketa batzuetan ahalegin berezia egin izanak.Lehen puntua eta kartzela jotzen zituen bere lan ahultzat. Aitzitik, ofizioetan, zuzen bai, baina nabarmendu gabe jardun zen, nahiz eta hor bere burua prest ikusten zuen. «Euskalduntze bidean / sendo Erribera», jarri zion Nafarroa Oinezi buruzko lehen puntua Elizasuk, eta honela osatu zuen bertsoa Lizasok: «Ta sendotuko al dan / da denon galdera. / Guztiok joateko / nahiz izan aukera / holakoetan soilik / akordatzen gera». Bertsolari izatetik jo zuen kartzelan Lizasok , eta unean bertan kokatu zen. Aitaren kantaera bertsuaz, entzuleak berotu zituen azken puntuetan. «Gaur nahi nuen bakarra zen / daukadana ematea / zuen zorionarekin / nire zorion betea / batzutan zein polita den / bertsolari izatea», izan ziren saioko unerik beroenetakoa eragin zuten puntuak.

Betelanean zenbaitetan neurriarekin irristakor egin zituen lehen ofizioak Urangak, baina Elortzarekin egindako hamarreko txikikoaren ondotik, kartzelarako zentratuta igo zen oholtzara. Puntuak bildu ahal izateko zuzentasuna eta arrazoibideak argitu zizkion zentratzeak. «Zoriontsu neu bihurtzen naute / maiz beraiek poztu ahala / batek esan zidan hala: / 'Ze pena ama hil zara'. / Guk harrotasun bakarra dugu / saiatu egiten gerala / ta hortik aurrera beste lan dena / naturak egin dezala», bukatu zuen kartzelakoa.

Erantzun berezietarako erakutsi ohi duen gaitasunetik lehen puntua emandakoan eman zuen gehien Mantxik. «Gutxirekin bizitzen / ohituko bagina», ekin zion hirugarren bertsoari Elizasuk, eta era honetara jarraitu zuen bizi Mantxik: «Esan bezela egin / ohi det ahalegina / nahiz ta badaukadan / askorako grina / pobreena hori da / nahi eta ezina». Hamarreko txikikoa ere emanda hasi zuen, baina ez zion eutsi jarraipenean. «Mantxi eta Ainhoa adineko bikotea dira. Medikuak zaintzeko esan dienetik Mantxik ohiturak aldatu ditu; Ainhoak lehengo moduan jarraitzen du», egokitu zitzaien gaia. Mantxiri zegokion hastea. «Barka, baina, maitea / zuk harritzen nauzu / komeni da egitea / kasu, itea, kasu / ta neri ez bada hari / egin ezaiozu», ekin zion Mantxik.

Mamiari eman gura izan zion garrantzia Agirreazaldegik, alde teknikoari baino, eta ikuspegi propioari dagokionean finago kantatu zuen, alde teknikoari dagokionean baino. Lehen bertsoan poto egin zuen kartzelan, emaginaren ahotik jardun zuenean. Hala ere bertsoaldirik bereziena egin zuen. Aldarrikapenarekin bukatu zuen Agirreazaldegi emaginak: «Guk beharrezko tamainan soilik / behar genuke hor landu / ahal baldin bada gutxi sartuta / elkar daitezen bi mundu / ahalik gutxien galerazita / ahalik gehien lagundu».

Bartrak ere mamitik utzi zuen gehiago zuzentasunetik baino. Ideietan fresko ibili zen ofizioetan. «Kamioi handia ikusi dugu / eta ikusi ahala / senti dezaket nire gainetik / pasatu balitz bezala», bota zion Elortzari zortziko handian kamioiak euren lantegia uzten ari zirela. Kartzelan, bide arriskutsua hartu zuen Fagorreko afera aipatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.