Iñaki Tolaretxipi. Landarbaso abesbatzako zuzendaria

«Pribilegioa da musika sortzea»

Landarbaso abesbatzak 25 urte bete ditu, eta, hamalaugarren urtez jarraian, Donostiako Musika Hamabostaldian izango da gaur.

Donostia
2016ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Mende laurden bete du aurten Landarbaso abesbatzak, eta, aurten ere, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean, Donostiako Musika Hamabostaldian izango da. Urte askoz jarraian izan dira jaialdian, baina aurten lehenengo aldiz abestuko dute Donostiako Amara auzoko Zorroaga elizan, gaur 20:00etan. Kontzertu horretarako, errepertorio berezia prestatu dute.

Nolakoa izango da gaurko kontzertua?

Bi zatitan banatuta dago, eta, lehenengo zatian, Ratxmaninofen Bezperako meza emango dugu. Berez, hamabost bezpera edo pieza dira, baina guk sei abestuko ditugu. Zailtasun handiko obra da, eta, horregatik, nahiko talde handia dugu; 45 abeslariz osatuta dago, eta 19 mutilak izango dira, kontzertuaren ezaugarriak direla eta. Bigarren zatian, baditugu beharbada ezagunagoak diren obrak, edo tradizionalagoak. Musika erromantikoak ditugu, Franz Bieblen Ave María, esaterako, baina beste obra guztiak nahiko garaikideak dira. Bigarren zati hori berrikuste bat da, nolabait; martxoan eta apirilean Landarbaso munduan izeneko proiektu bat egin genuen. Munduko hainbat lekutatik pasatu nahi izan dugu proiektuarekin, abestien bitartez; guztira, hemezortzi abestu genituen, eta, hortik, zazpi aukeratu ditugu.

Zaila izan da errepertorio hau prestatzea?

Bai, Ratxmaninofen bezperak, bereziki. Guretzat, berriak ziren, eta bagenekien zaila izango zela, eta, azkenean, hala izan da. Erronka garrantzitsua da niretzat eta taldearentzat.

Berezia da inaugurazio egunean abestea?

Hamalau urte jarraian daramatzagu Hamabostaldian abesten, eta, horietatik, hamar edo hamaika alditan abestu dugu inaugurazio egunean. Guretzat, ez da aparteko ezer inaugurazioan egotea; aurtengo berezitasuna Landarbasoren 25. urteurrena da, eta hori Donostiako Hamabostaldian ospatzea apartekoa da.

Lehenengo aldiz egongo zarete Zorroagako elizan. Zergatik da berezia?

Zorroagako elizan sabaia, esaterako, egurrezkoa da, akustika oso ona dauka; Ratxmaninof egiteko bereziki leku aproposa iruditzen zaigu. Gainera, ez dugu inoiz abestu han; uste dut Donostiako eliza gehienetan abestu dugula,baita aretoetan ere, baina ez Zorroagan. Lehenengo aldia izango da, eta ilusio berezia dugu.

Zein beste proiektu dituzue abesbatzaren urteurrenerako?

Dagoeneko proiektu asko egin ditugu. Konplize ditut eta grabatu dugu, hainbat kolaboraziorekin; martxoan aurkeztu genuen diskoa, Donostiako Viktoria Eugenia aretoan. Landarbaso munduan proiektua ere egin dugu, baita Musikasten Ez Dok Amairuri egindako omenaldia ere. Azaroan berriro egingo dugu Ez Dok Amairuren proiektua, eta, hilabete horretan, estreinaldi oso garrantzitsu bat ere badugu: gure 25. urteurreneko kontzerturik garrantzitsuena eta adierazgarriena egingo dugu.

Zer esan nahi du Landarbasoko zuzendaria izateak?

Ohore bat da Landarbaso abesbatzako zuzendaria izatea. Artea egiteko, jendea musikarekin hunkitzeko aukera dugu. Landarbaso, gainera, gazteez osatuta dago, baina ez da erraza gazteak koru musikara hurbiltzea. Horrelako musika zoragarria egitea benetan pribilegio handia da.

Hamabostaldi honetan, bereziki zerbait ikusteko gogorik baduzu?

Bai, pixka bat programa ikusi beharko nuke; baina, bereziki, abesbatzek egiten duten musika gustatzen zait, eta, aurten, koru musika asko egongo da. Obra horietatik asko, beraz, gustura entzungo ditut. Antzinako Musika Zikloa ere oso polita izango da aurten. Programa guztia entzuteko gomendatzen dut; ez nuke ezer nabarmenduko, baina antzinako musika berezia iruditzen zait aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.