Valeri Gergiev Donostian izan da Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin. Ravel,Mussorgsky eta Prokofiev musikagileak izan ditu protagonista Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak,Gergieven zuzendaritzapean, eskaini dituen kontzertuetan. Gainera, igandeko emanaldian, Alexander Melnikov pianistaren laguntza izan zuen.
Prokofieven obra aztertzea izan da Gergieven ibilbidean bere helburuetako bat. Maisuaren iritziz, Prokofiev ulertu eta guztiz ezagutu gabeko konposagilea da. Horregatik bere musika, Gerra eta bakea edo Romeo eta Julieta bezalako obrak, ezagutaraztea oso garrantzitsua da Gregieventzat. Errusiar musika tradizionalarekiko duen jarrera bere jatorriagatik datorkio: Mariinski Orkestrako zuzendari teknikoa izan zen San Petersburgon, eta bertan «egile Errusiarren lanekin kontzertuak egitea derrigorrezkoa zen», zuzendariak azaldu duenez. «Bere iritziz, jendeak aukeraketa hau errespetatzen du eta badaki musika hau balioesten». Duela hamar-hamabost urte «pentsaezina» zen opera etxe handiek (Metropolitan, Milango La Scala) egile honen gaineko muntaiak prestatzea. «Egunetik egunera ezagunagoa izateaz gain, gero eta interes handiagoa dago Prokofieven obrarengan».
«Aukeraketa ona»
Romeo eta Julieta baletaren kontzertu bertsioa eskaini zuen atzo. «Aukeraketa ona» da maisuaren ustez bertsio hau egitea: «Batetik, musika oso polita da eta bestetik, mundu osoan esperientzia ezin hobea izan dut kontzertu honekin», adierazi du. «Posible izateaz gain, aukeraketa ona da baleterako obrak kontzertu bertsioan egitea. Ez bakarrik Romeo eta Julieta-ren kasuan, baita Intxaur-hauskailua eta Loti ederra bezalako lanekin ere. Ikusleen harrera beti izaten da sutsua», azpimarratu du Gergievek.
«Romeo eta Julieta obra ulerterraza da, ezaguna eta maitatua baita», azaldu du zuzendariak. «Baina, nire ustez, ikusleen gustua aldatzen ari da. Gaur egun, Prokofieven obra bat aipatzean jendeak ez du beldurrik, onartu egiten du duela 10 urte ez bezala». Finean, Gergieven ustez, «XX. mendeko musikagileen obrak interpretatzeko beldurra galtzen ari da».Hainbat musikarikGergiev «aldez aurretik igartezina» dela diote. «Aldez aurretik iragartzeko modukoa izatea ez da beti abantaila izaten», maisuaren iritziz. «Beethoven edo Berlioz bezalako musikarien obrak ez dira hain interesgarriak. Jendeak obra ezezagunagoak bilatzen ditu, aldez aurretik nolakoak izango diren ezin jakin daitezkeen obrak, interesgarriagoak izaten baitira». Horregatik, oso interesgarria da gazte orkestrekin lan egitea. «Gazte orkestretan musikari oso handiak daude eta horiekin egitarau originalak eta berritzaileak prestatzeada egun benetan interesgarriena, egitarau ezagunak egin beharrean». Gergievek Txina, Taiwan, Argentina eta Australiako musikari gazteekin lan egin du. «Egun horrelako orkestra batekin lan egitea da zuzendari baten ametsik handiena», adierazi du.
PROKOFIEVI BELDURRIK EZ
Gergieven zuzendaritzapean Prokofieven 'romeo eta julieta' eskaini zuen atzo Rotterdamgo Orkestra filarmonikoak. Maisuaren ustez, gero eta interes handiagoa dago MUSIKAGILE HONEN obran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu